BILATU

maiatza 30, 2016

ZOR PUBLIKOA: HORI BAI, ZULO BELTZA!



Zor publikoaren gaineko zifrak asaldatuta gauzka estatuko hiritarrok, kontrakoa frogatzen ez den bitartean geuri - eta gure ondorengooi- baitagokigu ikaragarri handia den diru negatibo pilo horren kitapena. Ikaragarria, alde batetik, eta guztiz logikoa bestetik, estatuko ekonomiaren bilakaerak duela zenbait hamarkadatik iragartzen baitzuen amildegitik behera erortzear geundela. Eta iragarpena bete egin da. 

Zifra ofizialek, ordea, zenbaki hotzen tamaina bakarrik eskaintzen digute: 1'096 bilioi euro (bat gehiago edo bat gutxiago) Balantze ofizialek jasotzen ez dutena da, kopuru hari gehitu beharko litzaiokeena, adibidez, oker kudeatutako inbertsioen amortizazioarengatik. Zer den hori? 

Zor publikoaren gaineko datua ezagutzen genuen egunean bertan adierazten zitzaigun, Madrileko autopista erradialen porrotarengatik gure poltsikoetatik - estatuko autopisten estatalizazioaren bitartez- ordaindu beharko dugula haien zuloa, estatu aurrekontuetan hezkuntzan edota osasungintzan inbertitu beharrean. Zenbat halako ez dira oraindik balantze ofizialetara igaro? It's the economy, stupid!





maiatza 23, 2016

DENA EZ DAGO GALDUTA…



Dena ez da Pablo Iglesias/Mariano Raxoi/eta abar,  ezta Jimenez de los Santos-Paco Marhuenda/Garcia Ferreras/eta abar. Bada bizia horiengandik haratago.

Politikan ari diren asko eta askok dagokiena zintzo kudeatzen dihardute, medioetako titularretan euren gain esan daitekeenak bost axola dielarik. Eta medio ugaritan ere eguneroko bizimodua islatzeari eskaintzen zaio tarterik mamitsuena, politikaren azpimunduan jazotzen denari jaramon larregirik eman gabe. Aluzinatzen ari naizela? Ez!. Bilatu eta aurkituko duzue. 

Politika mundua zirko erraldoia bihurrarazi digutenean ariketa interesgarri eta osasungarria bilakatzen da politiko zintzo eta isilen lanari begiradatxo bat ematea. Politika, azkenik, gizarte egitura administratiboa ahalik eta zorrotzen zuzentzea da, horretarako ezarri baita politikoengan administratuen konfiantza.  Eta uste baino politiko ondratu eta langile gehiago dira, zalaparta era kiratsa darienak baino. 

Kazetari guztiak ere ez dira euren buruak gehien nabarmentzera ahalegintzen diren izar aspergarri horien estilokoak. Egon badaude (izan badira) entzule, ikusle edota irakurlearengana informazioa kutsatu gabe helarazten ahalegintzen direnak. 

Bilaketan dago gakoa. Behin aurkituz gero, politikan eta kazetaritzan gauzak ez daudela guztiz galduta ulertzen da. 

Argazkia: Tere Anda 

maiatza 16, 2016

USTELKERIAREN MALETATXOAK



Lerro hauek idazten ari naizenean -larunbat goizean-  ez dakigu  nork irabazi duen Espainiako futbol txapelketa. Gerta daiteke idazki hau astelehenean argitaratzean oraindik ere nik ez ezagutzea irabazlearen izena,  bost axola baitit datu horrek. 

Futbolaz idazten jarri banaiz, ligako amaiera - urtero ohi bezala- ustelkeriaz kutsatuta egotea salatu dutelako da. Ohiko maletatxoak bide ditugu ostera futbol zelaira atera direnak eta mirariak egin ei dituzte, talderen batek joko arruntarekin lortu ez duena borondate eta jarrerak erosteko lanabesarekin erdietsi baitute. 

Ustelkeria ez da gaur eguneko gizartearen esklusibotasuna. Gizakiak denboretako gau beltzean gauzen balioa asmatu zuenetik ustel izatezko "grazia" itsatsita dago pertsonaren larruan. Beharbada, hori bai, gizarte demokratikoetan ustelkeriako kasuak gehiago ezagutzen dira. Ustelkeria ez da mendebal, ekialde, hego edo ipar aldeko lurraldeetako fenomenoa. Ez dauka zerikusirik bazter eguzkitsu edo elurrez betetakoekin; ezta menditsu edo lautuak izatearekin. Ustel izatea pertsonari bakarrik egotz dakioke, bere esku baitago erosita izaterako zubia ahalbidetzea.

Baliteke gizarte demokratikoetan jasangaitzago egitea, ustelkeria salatu arren ustelek libre segitzen dutela ikustea, justiziaren makineria bera ere ustelkeriak jota balego bezala. Dena den,  etsigarriena  da, ustelkeriaz akusatutako hainbat politiko berriz ere hauteskundeetara aurkeztu ez ezik ... hautatuak gertatzen direla ikustea. Hori ematen den gizartean ez dago zer eginik eta  maletatxoak errealitatea izango dira futbolean... eta arlo guztietan.

 Argazkiak: El confidencial


maiatza 09, 2016

INTERES SINDIKATUTA




Panama nor bere tokitxoan uzten ari da. Ez nagokio, jakina, kanalari, hortik zehar dabilen txosten mamitsu bezain argigarriari baizik, iruzurle pilo baten datuak erakusten ari zaiguna. 

Kirolari, politiko, nobleziako kide, artista... hau da, lapur tropel margo askotarikoa ageri zaigu, etiketa guztietako pertsonaia guztiz higuingarriak desenmaskaratuz. Errepublikazale, frankista eta monarkiko konbentzituak ditugu zerrenda amaigabean, fededun eta ateoak, diruak ez baitu erlijio bakar bat baino gurtzen: interes krematistikoa, ahalik eta altuena. 

Ez nau ustekabean harrapatu Juan Luis Cebrian El Paiseko faktotuma txorizoen artean ikusteak. Kutsatze ustelgarria sortu zen hasierako hasieran  politikako sektore konkretu batzuen eta zenbait komunikabideren artean. El Paisek 1976tik bere jokoa egin zuen - "PSOE botoen premian zegoen eta El Paisek irakurleak behar zituen" (Felipe dixit) Hortik maldan beherako  prozesu degeneratibora jauzi txiki bat da. Eta Cebrianek bere jokoa egin zuen , Gonzalez "Isidoro"k  bezalaxe. Areago, euren arteko interes sindikatua garatu zutela erakutsi digute Panamatik.

maiatza 02, 2016

AHOTSA BAI, BAINA EZ DAKITE HITZ EGITEN



Eta ostera hastera! Hiritarrok errudunak izango bagina bezala, berriro eramaten gaituzte hautestontzietara, gure bozarekin euren ezgaitasun lotsagarria konpondu beharko baikenuen. Jolasten ari dira gurekin.

Lau  hilabeteren osteko porrot politikoak Aristoteles jakintsua bera ere kolokan jarri du. Greziarrak zioenez, pertsonen eta gainerako animalien arteko desberdintasuna hitzaren erabileran datza. Filosofo haren iritziz, gizakia da hitza duen animalia bakarra. Besteek ahotsa dute. Bada, bietatik bat: Aristoteles oker zegoen edo politikoak ez dira pertsonak.

Hitzaren erabilera adimentsuak elkarrizketa arrazoizkoa ahalbidetzen du, ahotsa  instintuaren adierazpen hutsa den bitartean. Azken lau hilabeteotan zezen-larruko politikariek erakutsi dute ez direla gai ideiak elkarri transmititzeko, solaskideari aditzeko. Eta elkartzen dituzten arrazoiei heldu beharrean bereizten dituztenei atxiki zaizkie, immobilismo lotsagarritik. 

Aditzen ez dakien pertsona gaizki hezia dela erakutsi zidaten aspaldi. Horri gehitzen bazaio bere iritzia inposatu nahi duela, orduan norbanakoak  pertsona izatezko nolakotasuna galtzen du eta ahots hutseko animalia bilakatzen da. Garbi dago gure zoo partikularra handitu egin dela iragan lau hilabeteotan.

Argazkiak: Wikipedia