Telebistan meteorologoak ikusita, sarritan galdetzen diot nire buruari ea benetako gizakiak diren edo robot humanoide bertsio baten antzeko zerbait. Harritu egiten naute paperik gabeko beren erretorikarekin, lortzeko gai izango ez nintzatekeen modukoak. Isobaretatik tenperatura minimoetara, edo satelite-irudietatik marea-tauletara jauzi egiten dute izerdirik bota gabe, askotan ikusleari helarazi nahi zaion diskurtsoari jarraitzeko aukerarik eman gabe.
Gainera, Mariano Medinaren eguraldi-saio
laburrak gogoratzen ditugunok egiazta genezakeen bezala, eguneko formatuen
hamar-hamabost minutukoak amaiezinak iruditzen zaizkigu. Denetariko informazioa
ematen zaigu, eta ia-ia iritsi gara errainu katodikoen bitartez gure auzoko
txoko jakin batean dagoen tenperaturaren berri ezagutzera. Apartekoa iruditzen
zait publikoak meteorologia bezalako gaien berri edukitzea. Hori hobe da, adibidez, edozein
kirol-telenovela blaugrana-kolonbiarren irudietako arrosarioa baino.
Baina esan nahi nuena da, ezin ditudala buruan gorde komunikazioko munstro hauek egunero eskaintzen diguten informazioaren xehetasunak oro. Txapela kentzen dut, ordea, gure
bizitza apur bat jasangarriagoa egin nahi diguten profesional horien aurrean, gehienetan ezertarako balio ez digun datu-jarioarengatik.
A! Eta gainera, euren iragarpenetan okertzen badira ere… biharamunean hantxe
edukiko ditugu, zintzo-zintzo, gure bizitzaren espazio amankomunean.
Eskertzekoa.
Argazkia: eitb