BILATU

otsaila 28, 2022

LAPURREN ISTORIOAK


Ez da Clausewitz irakurri behar  Ukrainako gatazka gizakiek gaizkia egiteko duten nahiaren ondorio garbi eta gogorra dela konturatzeko. Izan ere, gerrak gizakiak lapurtzeko duen joeraren ondorio bat besterik ez dira. Lapurtzea, interesatzen zaiguna bizilagunari kentzea, eta gure onerako bakarrik hura sufriaraztea. Gatazka honetako historiaren eskaileretatik igo gabe, zeruertzean harrapaketa bat ikus dezakegu, ebazleari aurretik ez zegokion jabetza bereganatzeko nahiak bultzatuta.

Gatazka armatuak gorrotatzen ditut, baita txikiena ere, neurri horretako kriminalitatean kategoriak ezar badaitezke. Denak dira gaitzesgarriak eta nazkagarriak. Badakit eremu zingiratsu batean sartzen ari naizela, eta gerren gaineko teorialariengandik kontrako iritziak jaso nitzakeela, batzuetan indarkeria justifikatuta dagoela adieraziz. Baita zera ere! Bestearen txikizioa nahi duen persona deitoragarria da, indar guztiz.

Ez dakit noiz — inork ez daki— amaituko den gatazka hori, baina ez dut uste errusiarren buruzagi aurkeztezina ergela denik, eta dagoeneko kalkulatuta izango ditu jasan ditzakeen arriskuak. Zenbaki beltzak gorri jartzen zaizkiola ikustean, geratu egingo da. Eta beste aldean, gorabehera askorik gabe noraino iraun dezaketen kalkulatzen dutenak daude, beren negozio partikularrek hegaldia azkar igo dezaten itxaroten ari. Ba, hori, lapurren istorioak.

Argazkia: wikipedia

otsaila 21, 2022

GELDI BEDI MUNDUA!


Zirkokoa litzateke guardiako epaitegikoa ez balitz. Masail hezurra kraskatu arte barre egingo genuke, gizartean eraikitako egitura demokratikoaren deskonposizio izugarrienaren aurrean ez bageunde. Espainiar eskuina eskaintzen ari den espektakulu harrigarriak ez luke round bat ere iraungo, etikaren postulatu oinarrizkoenetan mundu justu arautu, garbi eta gardena zer den erakutsi zitzaigun bizitzaren laukian. Baina badirudi hiritarrok iparra galdu dugula eta gure eskubideak eta ondare materialak zapaldu eta lapurtzen dizkiguten batera txalotu egiten diegula kriminalei, espektakulurako sarrera erosi ondoren, gainera. Ez da panem et circenses, larriagoa baizik.

Balio moralak azpiratzen direnean; Zesarren emazteari aplikatutako “zintzoa izateaz gain, itxura izan behar du” klasikoak ezertarako balio ez duenean; eskandaluaren ondorioz plaza publikotik 
inork alde egiten ez duenean; protagonistak - denak- komunikabideek hain bikain eskaintzen dizkieten fokuetan oinarrituta harropuztuta hazten direnean; ustelkeriaz zipriztindutako kargu publiko ohien ikasgai moralak entzun behar ditugunean...; badirudi mundua geldi dadila eskatu eta bertatik jaisteko ordua iritsi dela. Hala deritzait niri, behintzat.


otsaila 14, 2022

ETA ORAIN ZER?


 Ba hori, inork ez dakiela zer gertatuko den hemendik aurrera, eta munduan igarlerik ez denez, nahiz eta askok bere burua halakotzat hartu, errealitatea da pandemiak ezezagunaren aurreko gure segurtasun monolitikoaren oinarri tradizionalak astindu dituela eta zulo beltz baten aurrean gaude, nola arituko garen galdegai. Alde horretatik, koronabirusak debaluatu egin gaitu, baina -batek daki- agian onerako.

Pandemiak gure artean toki hartu aurretik bezala, gizartearen galderei hainbat postulatutatik erantzungo zaie aurrerantzean ere, gehienetan hauteskunde edota ekonomia irizpideekin. Ez da aldaketa handirik egongo, beraz, eta gure parte hartzea eta herritartasunezko sentimendua murriztu egin daitezke. Baina, jakina, nire estimazio pertsonala da hori guztia, inor konbentzitzeko asmorik gabe.

Politika guztion onerako ezinbesteko ariketa prestua dela pentsatzen jarraitu behar al dugu? Ni gero eta eszeptikoagoa naiz gaiarekin, baina ez dago beste heldu tokirik. Eta uste dut birusak mutaziorik eragin ez digun bezala, gizartean jadanik irekitzen zaigun bidea betiko zalantzaz beteta egongo dela.

Argazkia: Ekain

otsaila 07, 2022

KRISTAU GIDARIA ERE BAZEN PELLO


“Jainkoaz galdezka” bere libururako Joxe Arregi frantziskotarrak 2007an nire ekarpentxoa eskatu zidanean, aukera agertu zitzaidan aspaldixetik lotan nuen sentimendu erlijiosoarekiko hurbiltze keinu bat egiteko. Eta eskariari erantzunez idatzi nituen lerroei ekin ahal izateko Arantzazun kokatu nuen nire burua, fedeari eustea gero eta konplikatuagoa egiten ari zitzaidan une haietan han ikusten bainuen artean konfiantza pittin bat ematen zidan giza zirkulua. Joxe bera, Iñaki Beristain eta Pello Zabala nituen erreferenteak, egunetik egunera kide gutxiago eta printza larriagoak aurkezten zituen bi mila urteko elizaren eraikinean.

Hamarkadak dira  galdu nuela erlijioetarako zintzotasun hertsia, eta gizakien arteko elkar trukean bilatzen dut oreka espirituala. Eta Arantzazutik hiru frantziskotar haiek gogo bakea zekarkidaten euren hitz eta, batez ere, ereduarekin. Hizkera bertsuan ari ginen, eta haien mezuaren bibrazioak nigan oihartzuna eragiten zuen. Eta proiektatzen zidaten soseguzko sentsazioa kristau kolektibo orokorrera irisarazteko gai izan zitezen desiratzen nuen barne-barnetik. Behar nuen, behar genuen.

Hirukote magiko hartatik bi betiko joan zaizkigu eta Joxe Arantzazuko talaiatik bota zuten. Azken galera izan da Pellorena. Humanoa zen eta hil egin da. Amaitu zait Arantzazuko hitz jario itxarongarria. Etorriko dira tenporak iragarriko dituztenak eta musika klasikoaz mintzatuko zaizkigunak. Baina Pello gidari, Jainkoaz eta jainkotasunaz hitz egiten zidanaren argi dirdiratsu bezain apala betiko itzali da. Horixe da nire moduan bila ari direnek galdu duguna.

Argazkia: Goiena

Gehiago nire blogean Pello Zabalari buruz: