Zirkokoa litzateke guardiako epaitegikoa ez balitz. Masail hezurra kraskatu arte barre egingo genuke, gizartean eraikitako egitura demokratikoaren deskonposizio izugarrienaren aurrean ez bageunde. Espainiar eskuina eskaintzen ari den espektakulu harrigarriak ez luke round bat ere iraungo, etikaren postulatu oinarrizkoenetan mundu justu arautu, garbi eta gardena zer den erakutsi zitzaigun bizitzaren laukian. Baina badirudi hiritarrok iparra galdu dugula eta gure eskubideak eta ondare materialak zapaldu eta lapurtzen dizkiguten batera txalotu egiten diegula kriminalei, espektakulurako sarrera erosi ondoren, gainera. Ez da panem et circenses, larriagoa baizik.
Balio moralak azpiratzen direnean; Zesarren emazteari aplikatutako “zintzoa izateaz gain, itxura izan behar du” klasikoak ezertarako balio ez duenean; eskandaluaren ondorioz plaza publikotik inork alde egiten ez duenean; protagonistak - denak- komunikabideek hain bikain eskaintzen dizkieten fokuetan oinarrituta harropuztuta hazten direnean; ustelkeriaz zipriztindutako kargu publiko ohien ikasgai moralak entzun behar ditugunean...; badirudi mundua geldi dadila eskatu eta bertatik jaisteko ordua iritsi dela. Hala deritzait niri, behintzat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina