“Jainkoaz galdezka” bere libururako Joxe Arregi frantziskotarrak 2007an nire ekarpentxoa eskatu zidanean, aukera agertu zitzaidan aspaldixetik lotan nuen sentimendu erlijiosoarekiko hurbiltze keinu bat egiteko. Eta eskariari erantzunez idatzi nituen lerroei ekin ahal izateko Arantzazun kokatu nuen nire burua, fedeari eustea gero eta konplikatuagoa egiten ari zitzaidan une haietan han ikusten bainuen artean konfiantza pittin bat ematen zidan giza zirkulua. Joxe bera, Iñaki Beristain eta Pello Zabala nituen erreferenteak, egunetik egunera kide gutxiago eta printza larriagoak aurkezten zituen bi mila urteko elizaren eraikinean.
Hamarkadak dira galdu nuela erlijioetarako zintzotasun hertsia, eta gizakien arteko elkar trukean bilatzen dut oreka espirituala. Eta Arantzazutik hiru frantziskotar haiek gogo bakea zekarkidaten euren hitz eta, batez ere, ereduarekin. Hizkera bertsuan ari ginen, eta haien mezuaren bibrazioak nigan oihartzuna eragiten zuen. Eta proiektatzen zidaten soseguzko sentsazioa kristau kolektibo orokorrera irisarazteko gai izan zitezen desiratzen nuen barne-barnetik. Behar nuen, behar genuen.
Hirukote magiko hartatik bi betiko joan zaizkigu eta Joxe Arantzazuko talaiatik bota zuten. Azken galera izan da Pellorena. Humanoa zen eta hil egin da. Amaitu zait Arantzazuko hitz jario itxarongarria. Etorriko dira tenporak iragarriko dituztenak eta musika klasikoaz mintzatuko zaizkigunak. Baina Pello gidari, Jainkoaz eta jainkotasunaz hitz egiten zidanaren argi dirdiratsu bezain apala betiko itzali da. Horixe da nire moduan bila ari direnek galdu duguna.
Argazkia: Goiena
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina