Igande arratsalde polita eman dut
eliz-funtzio batean Arrasaten. Adiskide kolonbiarrek euren tenplu berriko
inauguraziora gonbidatu naute eta oso pozik onartu dut eskaintza. Zerbait
berri bizi izango nuelakoan abiatu naiz zeremoniarantz eta lerro hauekin batera
eskerroneko sentimendua agertu nahi diet aukera eman didatenei.
Kristau Bataiatzaileko Arrasateko kideek euren otoitz-tokia herri osoari irekitzean ekumenismo xehe baina aldi berean zintzoa erakutsi dute, apaltasunez. Eskuak luzatu dizkigute elkarrekin otoitz egiteko, bakoitzak nahi zuen eran, egiazko otoitza buru eta, batez ere, bihotzarekin gauzatzen baita, lagun hurkoari afiliazioa eskatu gabe. Eliza-adar guztien gainetik gizon eta emakumeen arteko elkarkidetza da kohesioa ahalbide dezakeen faktorea, eta horren aldeko apustu guztien atzetik jardutea zeharo premiazkoa dugu, gure gizarteak oinarrizko printzipio moralak berreskuratuko baditu.
Elizen arteko elkarkidetza eta erlijio desberdinen komunio eraginkorra: horra hor, eraiki beharreko mundu bizi eta aurrerakoiaren ezinbesteko osagaia. Ez bakarra, jakina, baina bai lehen-leheneko mailakoa. Arnasa hartu ahal izateko oxigenoaren premiaren tamainakoa.
Gogora datorkit, zoritxarrez, astean Frantziako Toulousen gertatutakoaren
oihartzuna. Jazotakoak estatu laikoaren zutabeak hondar gainean daudela jarrita
erakutsi du. Lau judutar hilak islamiar baten ekintzaren ondorioz.
Tristea iruditu zait, liberté, egalité, fraternité-ko herrialdean alde
batetik eta bestetik erlijioa ardatz gisa erabiltzea. Batak Alahren izenean
disparatu du eta besteek "La Terre promise" nahiago izan dute
aukeratu hildakoen hilobirako, itxuraz hain agindua ez duten baina
administratiboki behintzat zegokien frantziar lurraren ordez. Uhin-frekuentzia
horretan elkar ulertzea arras inposiblea da.
Bekoki eta bihotz-eskuzabaltasunaren ildotik etorri beharko du gizakiontzako
sariak, inoiz gizadia bere lotura guztietatik askatuko bada. Horregatik gaur
arratsaldeko ekintza haize berritzailearen seinalea iruditu zait. Ez dakit
inozoegia ote naizen nire talai propiotik. Banintz ere, dena den, inozotasun
konpartituan segitu nahi nuke.
Argazkia: oikoumene.org