BILATU

lunes, 9 de enero de 2012

EUSKONEWS GAZTEA ETA PUBLICO: ERRU GABEKO BI BIKTIMA



Egun gutxitan nire zirkulu hurbileko bi hedabideri buruzko albisteak eman dira, biak zentzu negatiboz jantzita. Arrazoi naturalen batengatik, espezien desagerpen jarraikiarekin lotu dut bi medio horien inguruko zalaparta (txikia, egia aitortzera). Entzun egiten dugu egunero ez dakit zenbat espezie mota behin betiko erauzten direla lurreko azaletik, baina gure gorputz eta gogoan dardara gutxi edo bat ere ez du albisteak sorrarazten.

Ari naiz  Euskonews Gaztea astekari digitalaz eta Público egunkariaz. Euskara hutsezkoa, bata; eta espainieraz argitaratua, bigarrena. Biak, dirudienez, krisi ekonomikoak lurreratu ditu. Eta infernuko krisi horri egun gertatzen ari zaizkigun madarikazio guztien errua egozteko joera hartu dugularik, ematen du lasai geratzen garela. “Krisia mundiala da!” gatz gabeko baieztapenarekin onartzen dugu edozein gertaera ilun, patu horrekin ohitu izan bagina bezala.

Euskonews Gazteak bost urtez ekarri ditu azalera Euskal Herri osoko milaka gazteren iritzi eta ilusioak, berezko duten hizkuntzan. Bat-batean hiltzera kondenatu dute, eta gaurdaino bikain funtzionatu duen ibilgailua bertan behera geratuko da, bide bazterrean abandonatua.  Medio bat gutxiago euskal kazetaritzaren panoraman. Medio apala, agian, baina beste ahots desberdin bat zen boteretsuago eta ohikoen artean. Utzikeria. Público egunkariarekin erabateko desagerpena izan ez den arren,  amaiera laster izango duela dirudi. Espainiar hedabide horrek modu desberdinez ikustarazi digu egoera sozio politikoa azken urteotan. Ekarpen diferentzial hori, oso oker ez banago, historiara igaroko da hemendik gutxira. Mingarria.

Euskonews Gaztea eta Público,  biek euren espazio partikularra irabazi zuten dagokien merkatu naturalean, zerbait diferente eskaini zutelako. Behin eta berriz haizatutako krisiaren biktima erru gabeak ditugu. Eskela txiki batekin gogoratuko zaie. Eta hemen ez da ezer gertatu. Animali eta landare espeziekin bezala, “bi gehiago” izango dira medio horiek iraganeko arasetan, eta guk ez diogu egiazko galeraren arrazoiaz geure buruari galdetuko. Eta patxadaz biziko gara, krisi ekonomikoak jan dituela pentsatuz. Horrela dela uste al duzue?

Argazkiak: 

No hay comentarios:

Publicar un comentario