BILATU

urtarrila 31, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN




Beste bi argazki igo ditut, BEHIN IZAN ZIREN. Biak Trincadok bidalita, Marcos Vitoria adiskideari.
Jesús Trincadok Argèles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan jarraitzen zuen, goi moralarekin. Aurreko eskutitz batzuetan ikusi ahal izan dugun bezala, umorea ez zitzaion falta izaten, nahiz eta milaka detenitu zituen esparru hartan bizitza-baldintzak ez ziren bat ere onak.



Hain zuzen ere, 2002ko irailaren 15eko El Pais egunkariaren gehigarrian "Exiliados de la guerra civil" izeneko erreportajea eskaini zuen. Bertako argazki batzuen artean, hona aldatu dudana zekarren: Argèleseko hondartzan bainatzen ari ziren errefuxiatu batzuk. Eta pertsonajeen artean agertzen zen bat, Trincadoren antz handia zuena: bere ukondoa bendatuta daramana. Trincadori berari bidali nion argazkia, ia bere burua ezagutzen ote zuen, baina ezina gertatu zitzaion.

Bi eskutitz berri hauetan Vitoriari zurrumurru askoren berri ematen dio. Laster handik aterako zelakoan zegoen, eta lagun guztiak Mexikorako bidean jarriko zirela iragartzen zion.


BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com/

urtarrila 30, 2011

EZKONTZA ZIBILA ETA TELEFONOA



Ezkontza zibileko ituna arinagoa bide da telefono-zerbitzuari dagokiona baino. Horrela uste bide du Espainiar Gotzain Batzordeak, eta hala adierazi du bozeramale eta idazkaria duten Juan Antonio Martínez Caminok. Gaineratu du, Espainian ezkontzen kasuistika arautzen duten legeak irrazionalak, bidegabekoak eta kaltegarriak direla, batez ere homosexualei dagozkienak.

Kristaua naiz, kristau fedean hezi nindutelako. Seguru nago, Marokkon –adibidez- jaio izan banintz islamiarra izango nintzela. Kristautasunaren ikurra daramadan bezala, Athletic edo Errealeko zale-izpiritua eramango nuen (futbola atsegin izanez gero) samur asko, marokiar jaio izan banintz Rabat edo Casablancako futbol ekipokoa izango nintzen legez. Zergatik? Kristaua edo athletic (edo erreal) zale baino lehen, pertsona naizelako –zirkunstantzia guztiekin- eta nire gogoak agintzen dizkidan arau moralak pertsona-izate horri dagozkionak direlako.

Elizaz ezkondu nintzen, gustura gainera. Gure garaian aukera izan bagenu ere, ziur nago ez nukeela matrimonio zibila hautatuko. Eta ordudanik hogeita hamabost urte luze eman ondoren, ez naiz damutzen ezkon-zeremonia hartaz ezta, jakina, ondorioaz ere. Baina nire sentimendu hau ez dit eliza katolikoak ahalbidetu. Bi pertsonaren arteko itunak bataren bestearenganako konfidantza eta begirunean oinarritzen du iraupena, eta erlazio hori giza-sentimenduetan eraiki behar da, iraungo badu.

Juan Antonio Martinez Caminok ere gogoratuko dituen historia hurbileko eliza-ezkontza batzuen adibideak datozkit burura: Franco jeneralaren bilobak, Juan Carlos Borbonen alaba, eta abar. Zeremonia ultrakatoliko ortodoxo horietan goi ordezkariek –Artzapezpikuak, Batikanoko ordezkariak...- parte hartu zutelako, pentsatu behar al dugu jainkoren batenganako askoz lotura zuzenagoa eman zela ezkontza-itunetan? Aseguratua zegoen, beraz, “heriotzak berezitu arte” ospetsua? Ez dirudi hala izan zenik.

Espainiar Gotzain Batzordeak mezu zitalak jaurtikitzeari segitzen dio, etengabe. Niri, nire bizitza erlijiosoari eusteko, gotzainek diotena ez zait aspalditik interesatzen. Ume nintzenetik oso modu arinean jorratzen joan naizen erlijios-bidea apalki ongarritzen jarraituko dut, Jose Antonio Pagola, Txema Auzmendi, Joxean Arregi eta horien gisako kristauen ereduekin.

urtarrila 28, 2011

ARGIÑANO-FAGOR-BOSCH. MARKETING BORTITZA?


Idatzi ala ez idatzi. Zalantza horretan egon naiz, eta buruak zer erabakitzen zuen itxaroten nuen bitartean hatzak teklak sakatzen joan dira eta idazkiñoak itxura hartu du. Akordatu orduko, gaurko hausnarketa txikia amaitua zegoen eta... horra doa, birritan pentsatu gabe.

Aitortu behar dut Karlos Argiñanoren zale bat naizela. Eta sarritan Antena 3eko haren saioa ikusten dut, sukaldaritzari buruz ezer gutxi badakit ere. Gainera ez naiz trebea lapiko artean eta ez daukat nire helburuen artean kuzinatzen ikastea. Baina errekonozitu behar dut beasaindarraren estilo komunikatzaileak harrapatu egin nauela eta oso gustura egoten naiz telebistaren aurrean, saioan zerekin txundituko nauen irrikan.

Gauza da, gehienok jakingo duzuen bezala, Karlos Argiñanok bere sponsorrik garrantzitsuenetakoarekin ez segitzea erabaki berri duela. Eta horren ondoren, denetariko esamesa eta zurrumurruak zabaldu dira, esango nuke espainiar esparru osoan, baina gehien bat gure artean. Erabaki merkantil eta salerosketaren milurtetako arauetan oinarritutakoak, neurriz kanpoko erreakzioak sortu ditu, grinak pizteraino.

Argiñanok alde batera utzi du oraintsu arte bere programan erabilitako Fagor marka eta honen ordez Bosch hautatu du. Zergatik? Baina, galdetu behar al da? Transakzio guztietako koipea zein da? Dirua! Ekonomikoki ez zitzaion sukaldari komunikatzaile bikainari interesgarria gertatzen Fagorekin segitzea, arrasatear markaren lehiakide amorratua den Boschek gehiago aginduko zion-eta. Eta deliberamendu guztiz zilegia hartuta, egun batetik bestera alemaniar jatorrizko enpresarekin adiskidantza interesatuzko besarkada batean ikusi dugu sukaldaria.

Nik ez diet Fagorrekoei marketing irakatsi nahi, ezta beharrik ere. Nik baino askoz gehiago dakite, profesional bikainak dituztelako. Baina esan behar diet, harritu egin naizela etendurarekin. Areago une hauetan, hain zuzen salmenten joerak garai aintzatsuetako kanpaiak jotzen ez dituenean. Momentu ilun samarrak dira eta denaren beharrean gaude, batez ere oraintxe delako markari indar guztiz eusteko garaia. Krisi garaian, enpresa batek bere marka, bere izaera zabaldu behar du, bizirik dagoela oihukatuz, balizko erosleek ahaztu ez dezaten.

Horrezaz gain, harreman komertzialaren etenak ekarri duen bestaldekoaren publizitate kanpaina sekulako min egiten ari zaio arrasatear markari. Kasu honetan ez dakit noraino zilegitasun morala duen “nik Boschera aldatu dut; zuk, noizko?” Argiñanoren mezuak. Jakin badakit, ekonomiak ez duela ahalbidetuko, teleikusleok besterik gabe marka batetik bestera pasatzea, Karlos Argiñanok esaten duelako. Baina, programa jarraitzen duten milioika pertsona horietakoren batek elektrogailua aldatu behar duenean... Batzuek marketing bortitza erabiltzen ari dela diote. Nik uste dut marketing mota guztiek daukatela funtsean bortizkeria, zenbait kasutan ezkutuago joan badaiteke ere.

Pentsatu al dute hori guztia Fagor markakoek? Benetan eskertuko genuke, etenduraren nondik norakoak eta erabakiak adierazi dituen ondorioen gaineko azalpena inoiz emango balira. Ez dira-eta hain ugariak izango marketing hurbileko historian, Argiñano-Fagor binomioaren gisako porroten ondoko erreakzioak. Sukaldaritza-hitz bat erabiltzearren, pil-pilean daude oraindik.

urtarrila 27, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


Beste bi eskutitz jaso ditut BEHIN IZAN ZIREN blogera. Gaurko kasuan protagonismo pittin bat eman nahi izan diet Trincadoren gurasoei, Tarbesen baitzeuden erbesteratuta. 1940ko uztailaren 20koa da eskutitz hori, Jesus semeak Argèles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan segitzen zuen bitartean.

Ezaguna da erbesteko dramak ez zituela bakarrik, zuzen-zuzenean salatutako norbanakoak harrapatzen, baizik eta horien inguruko senitarteek ere euren herria atzean utzi behar zuten sarritan, jazarpenaren hatzamarrek fisikoki bederen zigor ez zitzaten.

Valentin eta Ramonak, hainbat eta hainbat euskaldunen bidea egin behar izan zuten, garai hartan Arrasateko bizimodu arruntean ziren gorroto eta ezinikusietatik libratzearen aldera.

Bigarren eskutitzak itzultzen digu Jesus Trincado umoretsua eta itxaropenez beterikoa. Gurasoena baino bi egun geroagokoa da. Une zailak bizi ari zen kontzentrazio esparruan, zurrumurruak nagusi ziren ordu haietan.

http://behinizanziren.blogspot.com/

urtarrila 25, 2011

NIRE EGUNKARIAN EGUNERO




Ohitura daukat bezperan gertatu zaidanari buruzko laburpentxoa goizero nire egunkarian idaztea. Eta aitortu behar dut ariketa osasuntsutzat daukadala, jazotakoari buruzko hausnarketarako bidea errazten baitit. Bestalde, nolabaiteko balantze pertsonalak burutzeko ere zaizkit baliagarri eguneroko oharrak, eta –zer esanik ez- urteko “puntu eta beste orrira”koa aurrekoekin biltzen dudanean, pelikula interesgarria agertzen zait, nire bizitzarekin zer egiten ari naizen garbi edukitzeko.


Osasuntsua dela idatzi dut, baina horrek ez du esan nahi alde positiboak bakarrik idazten ditudanik, ezta gutxiagorik ere. Alderantziz, esango nuke, urtetako talaiatik behatuta, nor beraren bizitzan itzal-uneak maizagoak ageri direla argiuneak baino. Baina batzuek eta besteek balio dute ideiak berritzeko, aurrerako urratsak erabakigarriagoak izateko. Hala ere, idatzitakoak sarritan beldurraraz dezakeela azpimarratu behar dut, gehien bat egunkaria ahalik eta asepsiarik zintzoenarekin idazten bada.

Eusko Ikaskuntzarekin lotzen ninduen lan ituna iazko apirilean berritu nuen eta aurre-jubilaziora igaro nintzen. Ez dakit gizon-emakumeen egoera perfektua denik, baina niri behintzat bizitza-espazio interesgarrirako atea ireki zait eta denbora nire nahietara administra dezaket, hein handi batean. Horrela, liburuxka berri bati eite eman diot eta Eusko Ikaskuntzan eman ditudan hamasei urteen balantze bat egin dut. Balantze bat, idatzi dut, balantze atsegin bat, eta ez balantzea. Nork berak ere aukera dezake zertaz idatzi, jakina, eta horixe bera egin dut. Batez ere ibilaldi kronologiko bat marraztu dut, erakundean lanean hasi nintzen egunetik, interesatu zaizkidan zehazkizunekin apainduta.

Bateon batek galdetu dit nola gorde ditzakedan oroimenean hainbeste datu eta data. Eta nire sekretua ez datzala oroimenean erantzun behar izan diot, nire egunkarietan baizik. Hamasei urte, hamasei urtekari, egunez egun. Eta horrela dauzkat gordeta 1976tik. Nonbait galdu nituen 1972-1975 bitartekoak.

Nire paper zaharren artean gordetzen ditut, besteak beste, Arrasateko Mesedeetako mojetan 1955ean idatzitako koaderno bat. Sei urte nituen. Eta bertatik atera dut ondoko orria, zeinean bezperan egindakoaren berri ematen dut. Horregatik dakit, hain zuzen, 1955eko abenduaren 25ean autotxoketan ibili nintzela eta tonbolan zorte handia izan nuela. Horixe da, nire bizitza partikularrari buruz zuzen-zuzenean daukadan aurreneko kronika. Zertarako balio didan horrek? Ez dakit, baina polita da.

urtarrila 23, 2011

EUSKARAK PRESTIGIO EMAN? ZERGATIK?



Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri du inkesta bat euskararen inguruan eta ahoa bete hortz utzi nau, datuak iragazi ondoren arduradunek eskainitako balorazioaren alderdi batek. Prospekzio Soziologikoaren arduradun nagusia dugun Victor Urrutia adiskidearen hitzetan, “euskara jakiteak ez du prestigiorik ematen” Bere azalpenaren arabera, inkestatuen %45 batek bakarrik uste du gure hizkuntzak prestigio ematen duena.

Baina noiztik ematen dio espainiar bati espainiera bere hizkuntzak prestigio? Edo ingeles bati ingelesak? Edo nik ez dut ezer ulertzen edo hanka sartze ederra burutu dute Kabinetekoek galdera planteatzean. Nik, Victor laguna, alderantziz dela uste dut. Hau da, hizkuntzak, dagokion hiritarrari ez diola prestigiorik ematen, baizik eta hiritarrok ematen diogu geure hizkuntzari, erabiltzen dugunean eta indartsu bilakatzen dugunean.

Eta ez dago zalantzarik euskarak prestigio irabazi duela azken berrogeita hamar urteotan, lehenago beste inoiz izan ez zuen mailara iritsiz. Askoz gehiago eduki lezake, bai jauna, hiritar guztiok erabiliko bagenu gure ohiko zereginetan, baina euskara igaro da “baserri” hizkuntza huts izatetik edozein arlotako lanabes-hizkuntza izatera, eta horrek prestigio eman dio gure hizkuntzari, edozein helburutarako gaitasuna erakutsi du-eta.

Garbi daukat niri euskarak ez didala osperik ematen; nola izango da, bada, ez baitut nire betebeharrarekin kunplitu beste ezer egiten?

urtarrila 21, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


BEHIN IZAN ZIREN blogean beste bi eskutitz jarri ditut. Oraingoan ere JESUS TRINCADOk bere adiskide MARCOS VITORIAri idatzita.


Argeles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan zegoeneko bi eskutitz haietan, 1940ko uztailekoak biak, europar ifernutik alde egiteko gogoa azaltzen du Trincadok, Txileko aukera aipatuz, Hego Amerikako herrialde hartan baitago bien buruzagi izandako Celes Uriarte arrasatearra. Eta eskutitz batean, arrasatear batzuen izenak jartzen dizkio, Marcosek kontuan izan ditzan, Ameriketarako balizko irteerarako.

Eskutitzak irakurtzeko, jo ezazu: http://behinizanziren.blogspot.com

urtarrila 20, 2011

FUNTZIONARIOAK EUSKALDUNTZEN

Irakurri berri dugu zer nolako porrota izan duen euskal administrazioetako funtzionarien azken deialdiko azterketak, euskararen profila dela eta. Dirudienez, 814 langiletatik 71 bakarrik salbatu dira hondoratze orokorretik.

Hor ibiliko da orain, HAEE-IVAP deskalabruaren arrazoiak aurkitu guran, eta ziur nago bat baino gehiagorekin egingo duela topo. Agian egunen batean azalduko digute euren iritzia.

Dena den, nik uste dut arazoa estrukturala dela. Herri diglosiko batean, egoera diglosikoa pairatzen duen hizkuntza ahul batekin, gero eta ageriago geratzen ari zaigu euskararen etsairik handiena barruan dugula. Hizkuntza-aluminosis litekeen bizio ezkutu (?) bat gure gizarte eleanitzaren (?) egitura arriskutan jartzen ari da. Noiz arte iraun ahal izango du, eraikina lurreratu aitzin?

Euskal administrazioetako funtzionarioak, gizarteko edozein hiritarrekin bezala, mota desberdinetakoak ditugu, nor beraren sentimendu eta pertenentziaren kontzeptuaren arabera. Eta ni nago, euskal administrazioan halako sailkapena egin daitekeelakoan:

a) Euskaldunen kolektiboa: berez euskara erabil dezakete.

b) Euskaldun ez direnen kolektiboa, baina “vasco”tzat daukate euren burua: ahaleginak egingo dituzte euskalduntzeko. Ez da azken emaitza ona bermatzen.

c) Euskaldun ez direnen kolektiboa, eta “español”tzat daukate euren burua: ez dute ahaleginik egingo euskalduntzeko. Españolak eta, gainera, alperrak baldin badira, aprobetxatuko dituzte IVAPen ikastaroak, lanera ez joateko. Bermatzen da azken emaitza txarra.

d) (bere inportantziarengatik, ehuneko hutsala) Euskaldun ez direnen kolektiboa, eta euren burua “español”tzat eduki arren euskara ikasten dutenak, erabiltzeko asmoarekin. Ez da azken emaitza ona bermatzen. Txalotzekoa da, dena den, ahalegina.

Ez al zaizue gertatu, administrazioetako langile batengana joan (berdin dit espezialitatea) euskaraz galdetu zerbait eta “a mí en español” mehatxatzaile batekin erantzuna jasotzea?

urtarrila 19, 2011

EUSKARAN INBERTITUZ



Urtarrilaren 18an lehen aldiz hitz egin da modu ofizialean euskaraz espainiar Senatuan. Gaur, biharamunean, bazterrak harrotu egin dira batzuen eta besteen deklarazioekin. Zenbaitzuek jantziak urratu dituzte. Adibide gisa:“Los debates con traducción en el Senado es la prueba de que el PSOE y los nacionalistas merecen un castigo en las urnas. Es una torre de Babel ficticia. Es una majadería" (P.J.Ramirez. El Mundo)

Beste batzuek modu positiboan hartu dute, hala nola: “Lo que jode no es el gasto en traductores, sino el hecho simbólico de que en el Senado quede claro que este país es plurinacional" (I. Escolar. Público)

PP-ko presidenteak, beste harri bitxi batzuen artean, esan du Senatuan dirua hobeto inberti litekeela, eta herri normal batean halako gastuak ez direla gertatzen.

Begira! Ni ez naiz sartuko P.J. Ramirez, Fernando Savater, Joseba Arregi eta enparauek “pentsa” dezaketena aztertzera. Ez noa denbora alperrik galtzera. Bai, ordea, esan behar dut, Rajoyrekin ados egon naitekeela, hobeto inberti daitekeela dirua. Baina baldintza hauek ipiniko dizkiot:

a) Baldin eta Euskal Herrian euskaldunoi ziurtatuko balitzaigu bizimodu arrunta euskaraz egiterik badugula.

b) Baldin eta Euskal Herriko ordezkari politiko guztiek defendatuko balute euskara denon ondarea dela. Hitzez eta egitez.

c) Baldin eta inoiz PPko alderdikideak euskararen aldeko manifestazio batean ikusiko banitu.

Hori ezik, Ramirez, Savater, Arregi.... Rajoyren deklarazioak, nire nortasunaren kontra daudela eginda pentsatu beharko dut, min egiteko asmoarekin.

A! Eta Senatuan egin daitekeen inbertsiorik onena, ba al dakizu zein den? Senatua bera kentzea!

urtarrila 18, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


Aurtengo- 2011ko- urtarrilaren 19an Jesus Trincadoren ehun eta hirugarren urtebetetzea izango zen. Duela bost urte utzi gintuen betiko, bizitza erdia Montevideon eman ondoren. Hil aurretik, aukera izan nuen, beraren eta gazte-gaztetatik lagun handia zuen Marcos Vitoriaren arteko gutunak jasotzeko. Bi arrasatearrak 1934ko Iraultzan zuzenean inplikatuta egon ziren eta bi urte geroagoko gerrak bereiztu egin zituen, modu krudelean.

Lehen eskutitza 1939koa da eta hirurogei urtetan zehar elkarri idazten diote, denetariko gaiak jorratzen dituztela. Askoz ugariagoak dira Trincadoren aldeko gutunak. Ameslari handiagoa zen; Vitoria, berriz, praktikoagoa.

Eskutitz horiek oso ikuspegi zabala ematen dute, 1936ko gerrak sortutako giroaren inguruan. Arrasateko kontuak ez ezik, espainiar, europar eta mundu osoko eszenatokia aurkezten digute bi lagunek, modu bero eta hurbilean.

Eskutitz gehienak gazteleraz daude idatzita, nahiz eta aldian behin euskarak ere toki hartzen du, arrasatear estiloan idatzita. Espazio honetan publikatuko ditudanak eskutitzen transkripzioak izango dira –eta ez bere osotasunean, baizik eta zatirik mamitsuenak. Hala ere, noizean behin eskutitzak eurak eskaneatuta azalduko ditut, testigantza zuzena eduki dezagun.

Erabiltzen ari zaren blog honen gehigarri gisa ireki dudan beste berri batean azalduko dira aurrerantzean eskutitzak. BEHIN IZAN ZIREN bataiatu dudan horretara iristeko:



Lehen eskutitza jasota dago, eta 1939ko apirilaren 19an idatzi zuen Trincadok.

urtarrila 16, 2011

HOGEITA HAMAR URTE DIRA, ARAMAIXO KOFRADIA SORTU ZELA ARRASATEN



Arrasaten bizi ginen aramaixoarrok “Aramaixotarren Eguna” bi urte jarraian ospatu ondoren, hirugarrenerako Kofradia baten ideia loratu zen herrikide batzuen buruan. Horrela, 1981eko urtarrilaren 17an, larunbata, ehun eta hamar lagun bildu ginen egitarau polit baten ingurura.


Eguerdiko 12´30etan Meza izan zen San Frantzisko elizan eta arratsaldeko 2´30etan bazkaria, Musakolako Kiroldegian. Kafea hartzen ari ginela eta Eguzki taldearekin dantza saioari ekin aurretik, Kofradiaren aurkezpena egin zuen Zuzendaritza Batzordeak, eta hari zegozkion arau xeheak honakoak genituen:

“1.- Arrasaten bizi diren aramaixotar guztion arteko anaitasuna sortu eta indartu nahi du Kofradia honek. Beraz, ez du inolako zentzu politiko nahiz ekonomikorik adierazten.

2.- Helburu nagusienetariko bat Arrasaten bizi garen aramaixotarrak hobeto elkar ezagutzea da, denon arteko lotura indartsuagoa izan ahal izateko.

3.- Bide batez, eta Kofradiaren posibilitateen arauera, aramaixotarren artean heuren herriarekiko maitasuna eragingo da. Jakintzaren bidez gizonen arteko harremanak hestutzen direnez gero, Kofradiaren beste helburu bat kideen artean Aramaioko kultura ezagutaraztea da.

4.- Kofradiaren gorabeherak kide guztion artean aukeratutako Batzorde batek zuzenduko ditu. Batzorde kideen iraupena mugatua izango da, barneko arauek markatzen duten epean karguak Kofradiaren Batzar Nagusiaren eskutan utzi beharrean.

5.- Kofradiaren partaide izateko beharrezko den baldintza bakarra eskabidea azaltzea da.

6.- Urtean behin Batzordeak gorabehera guztiak azaldu beharko ditu Kofradiaren Batzar Nagusian”

Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria Balendin Jauregi hautatu zen. Diruzaina, Jose Mari Urizar; Idazkaria, Josemari Velez de Mendizabal; Bokalak, Anton Elorza, Jose Javier Elorza, Felix Gardoki eta Pedro Mari Ormaetxea.

Kofradiak oso bizitza sendoa izan zuen lehen bi urtetan.

urtarrila 14, 2011

EMILIO LOPEZ ADAN “BELTZA”rekin HIZKETAN


Aspaldiko asmo bat bete ahal izan dut, Emilio Lopez Adan “Beltza” elkarrizketatzean. Aste honetan argitaratzen dut “Euskonews”en berarekin izan nuen solasaldia, eta ETAren azken komunikatuarekin denboran bat datorrelako, interesgarria iruditu zait blog honetan ere tartetxo bat eskaintzea “Beltza”ren hausnarketari.

“Konstatazio historiko da ETA antifrankismoaren erreferente positiboa izan dela. Hego Euskal Herrian, frankismoaren azken urteetan erresistentziako indar sozial, politiko, herrikoa izan da, oso hedatua. Eta horren erdian eta abertzaleen aldetik talde ezagunena ez ezik baita eraginkorrena ere ETA izan zen. Hori egia historikoa da. Gero gauzak aldatu egin dira, eta gaur egun ETA geratu da talde marjinatu bezala” diosku elkarrizketaren une batean Lopez Adanek.

“Biolentziari buruz ematen diguten ikuspegia oso murritza da, eta ez du baloreen filosofia zein askapen nahiarekin bat egiten, eta oso lotua dago neoliberalismoak inposatzen digun jarrera guztiz bikoitzarekin, hots, ados eta isil dagoenarekin ondo gabiltza baina norbait mugitzen bada terrorista da. Eta egun bada errestaurazio errepresibo ikaragarri bat, biolentziaren ukazioa erabiltzen duena” azpimarratzen du beste une batean.

“Utopian sinestea ez da nahikoa, utopia bera erdiesteko posibilitateekin ez bada lotzen, batez ere politika mailan. Zergatik? Jendearen bizitzarekin ari garelako. Komunismoaren utopia?Nik ez dut sinesten lehen komunismo primitibo izan denik, ezta egunen batean lur honetan denak zoriontsu eta berdinak izango garenik” segitzen du arrazonatzen bere diskurtsoan.

“Ez dut inoiz onartu, bozkatzeko eskubide demokratikoak egiten duela euskalduntasuna. Deus ez bagara, hots, euskaraz ez jakitea berdin bada, espainiar zein frantziar kontzientzi hutsarekin bizi izan badaiteke, orduan ez dago arazorik. Baina euskaldun izatea zerbait baldin bada, erro historikoak baditu, oraingo egoerako konpromisoak eskatzen baditu eta etorkizunerako egitasmoren bat baldin badu... proiektu horietan integra daiteke edonondik etorritako edozein pertsona. Eta hori... ez dugu egin. Beraz, norena izango da Euskal Herriaren etorkizuna? Egun, denena da. Baina nire burua ikusten dut Euskal Herri kulturalean, hizkuntzarekin lotutako Euskal Herrian” Lopez Adanen hitzekin amaitu genuen bion arteko solasaldia.

(argazkia: Andres Espinoza)

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, euskaraz zein gazteleraz, honako helbideetara jo daiteke:

Euskaraz: http://www.euskonews.com/0562zbk/elkar_eu.html

Gazteleraz: http://www.euskonews.com/0562zbk/elkar_es.html

urtarrila 12, 2011

KOMUNIKAZIOAREN BIDEETATIK BARRENA


Erabat konbentzituta nago komunikazioaren etorkizuna euskarri desberdinen arteko nahasian dagoela. Ongi ulertutako nahasia esan nahi dut, noski; agian, konbergentzia idatzi beharko nukeen. Eta Internet edo sarearen hedakuntza natural gisa sortuko den lanabes berri baten espazioa izango da, komunikazioarengatik interesa dugun guztion topagune eta talaia.

Konbentzituta nago ere, komunikazioaren gutxieneko oinarria kalitatean etzango dela. Eta eguneroko adibideek –eguneroko praxiak- bide horretatik goazela adierazten dute, nahiz eta sarritan bidea zaborrez beteta dagoela pentsa genezakeen. Nik uste dut gutariko bakoitzak –hots, informazio zein edukien bila ari garen guztiok- edozein punturi buruz hoberen jantzi gaitzakeenera jotzen duela, bilakuntzan nahi genukeen baino denbora gehiago inbertitzen dugun arren. Denborak kostua duela? Jakina, baina ongi inbertituriko denborak bere etekina eskaintzen du epe laburrean.

Komunikazioak profesionaltasuna exigituko du epe luzera, gaurko anabasa/zabor-gune oro desorientatzaileetatik urrun. Nik garbi daukat hiritar aske eta aurrerakoiek Fininvesten antzeko modeloetatik ihes egingo dutela komunikatuta egoteko. Beraz, beste edozein ofiziotan bezala, berean ere gero eta zorroztasun handiagoarekin ihardun beharko du komunikazioko profesionalak. Zergatik? Arrazoi sinple batengatik: informatzaileari gero eta sinesgarritasun kuota garaiagoa eskatuko diogulako. Lastoa gari-aleetatik bereizten ikasten goazen neurrian informatua egotea nahi duenaren exigentzia maila ere altuagoa izango da, alde guztietatik.

(Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal)

urtarrila 09, 2011

ABIADURA HANDIKO TRENA. ARAMAIO

Aurtengo lehen aldiz, Aramaiorainoko joan etorria burutu dut gaur igandez, sirimiri etengabeak lagun. Kateak deritzan punturaino heldu naizenean bere osotasunean agertu zait, erakunde-bortizkeriaren adibiderik garbienetakotzat har genezakeen monumentua: Abiadura Handiko Trena.

Ehundaka urtez Aramaio-Arrasate errepideak komunikazio-bidea adierazi ondoren, herri sentimenduaren gainetik ezarritako agindu interesadunak hankaz gora jarri zuen gizon-emakumeon eskubide naturala, hain zuzen giza kolektiboaren onurarako geure iritzi eta, behar denean, ez adostasuna aurkeztekoa.

Urtebete oso bat izango da hil honen 29an AHTeko obrak direla eta, Aramaio herria inkomunikatua geratu zela Arrasaterekin, bere ohiko bidetik. Urtebete oso bat pairatu behar izan dituzte aramaixoarrok, bi herrien arteko distantzia salbatzearren, jarri zaizkien eragozpen eta zailtasunak. Axola izan al die erakunde-bortizkeria eragin duten horiei? Bai, zera!


AHTeko burugabekeriak hipotekatu egin du Aramaixoko ibarra mendetarako. Kateak deritzaneko inguruan artean duela bi urte ikus zitekeen errotaren hondakinak zeharo desagertarazi dituzten bezala, agian egunen batean etorkizuneko aramaixoarrok lur azaletik erauzi ahal izango dituzte, beraiei inongo onura ekarri ez dien AHTeko obren azken arrastoak.

Ikus albistearekin lotutako bideo hauek:

http://www.youtube.com/watch?v=fNzG-FnHIYk

http://www.youtube.com/watch?v=gqyw0gnx2n0

urtarrila 07, 2011

ERREGE EGUNEKO MEZA ETA DAVID ARZAMENDI



Urtero abesten du Arrasateko Parrokiako Abesbatzak Meza berezia Errege Egunean eta aurten ere halaxe izan da. Eliz kanturako une zailak diren hauetan eskergarria da arrasatear talde honek lanerako erakusten duen gogoa. Arantza Uriarteren zuzendaritzapean ahots mistoko taldeak eskarmentua eta hasberrien ilusioa nahasten ditu.

Gaurko idazkiño honetan, dena den, modu berezian David Arzamendi nahi dut gogoan izan. Iragan abenduaren 15ean, 96 urte bete zituen, eta ezaguna den moduan 1932tik ari da arrasatear parrokiako organo jole gisa. Egunero erakusten digu Davidek zer den musika zaletasuna eta noraino hel daitekeen, burutzen ari den edozein lantegitan bihotzeko grina jarriz gero. Zorionak David, eta urte askotarako!

Aipatu Mezako kanta bat, David Arzamendi organoan, entzun daiteke honako helbide honetan:

http://www.youtube.com/watch?v=jfxGLduCw3I







urtarrila 05, 2011

ERREGEAK


Errespetatzen ditudan errege bakarrak, gaurko gauean agertzen diren magoak dira. Umetxo nintzenetik eraman ditut nire baitan sinpatikoak iruditu zaizkidan zaldunak (behintzat, Arrasaten zaldiz iristen zirela ikasi nuen; orain, Odon Elorzaren marketing estilo ordain ezinari esker, elefantez ere heltzen direla jakin dugu ) Sudur txikia etxeko galeriaren leihoei itsatsita egoten nintzen zain, hiru erregeetarikoren baten laguntzaileak –eskuko eskaileraz gora abilezia ikusgarriaz nigana iritsita- opariren bat ekarriko ote zidan irrikan. Behin, duela berrogeita hamabost urte inguruko gaurkoaren moduko gau esperantzagarri batean, J-15 zeritzan hegazkin disparatzaile zoragarria eskuetaratu zitzaidan, nire harridurarako. Egun edozein umeri ekar lekiokeen jostailurik preziatuen modukotzat daukat oraindik nire barnean J-15 hura.

Beste toki batean egongo naiz ni gaur, Arrasateko kaleetatik Errege Magoak pasatzen ari diren unean. Baina ez pentsa eskabidea egin ez diedanik. Eta honako hauxe idatzi diet, bidali diedan eskutitzean: “Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Mago jatorrak: aurtengo opari bezala eskatu nahi dizuedan gauza bakarra da, III Errepublikarako bidea errazten hastea. Demokrazia askean eta justizian eraikitako estatu batean amets egiten dugun askok bezala, nik ere estatu buru diren erregeen irudi anakroniko zein makarronikoa errotik betiko erauztea erregutzen dizuet. Nire eskerrik beroenak. Adeitasunez

Eskatzeagatik!

Irudia: http://www.euskomedia.org/galeria/

urtarrila 03, 2011

ZIGARROLA IZENA, NONDIK OTE?



Sarritan galdetu didate, arrasatear Zigarrola auzoaren izenaz. Etimologiaren adar bihurrietatik joanda, batzuek adierazpenik bitxienak aurkeztu dizkidate, galdera egiteaz gain erantzunerako ere hitz aproposak zituztela azaldu nahi izan balidate bezala.

Arrasateko seme-alaba ospetsuen artean badugu ingeniari bat, Pedro Bernardo Villarreal de Berriz, goiko galdera horri erantzuna eskaintzen diona “Maquinas hidráulicas de molinos y herrerías y govierno de los arboles y montes de Vizcaya” deritzan bere liburuan, Madrilen 1736 urtean publikatua. Eta egilearen datu biografiko batzuez gain, liburuak dakartzan pasarte batzuk ere aldatuko ditut hona, interesatuen ezagutzarako.

Pedro Bernardo 1669ko maiatzaren 26an jaio zen, goi mailako sendi batean. Maiorazkoak eskainitako bere diru iturriak zein bere emaztea –María Rosa de Bengolea lekeitiarra- zenarenak, lantegi industrialetan inbertitu zituen, errota eta burdinoletan, hain zuzen, sendiak zuen ibilbideari jarraikiz. Informazio gehiago nahi duenak, jo beza: http://www.euskomedia.org/aunamendi/ee128692 tokira.

Liburua hiru liburuxka edo zatitan dago banatua, eta bigarrenaren 44. orrialdean irakurtzen da: “De ancianos de la Villa de Mondragón, en la Provincia de Guipuzcoa, tengo oído, que avrá ciento y cinquenta años que se labraba el acero a fuerza de brazos; y después alcancé yo la fábrica de acero en Herrerías de agua, y fue mucho lo que se aumentó el comercio, y de caudales, y vecinos de aquel Lugar”

Eta liburuxka berdinaren 47. orrialdean dator gaurko ekarpentxo honen zioa: “En lo antiguo avia dos generos de Herrerias, unas llamadas mayores y otras menores. Las mayores tenían las barquineras en otra forma, porque necesitaban de ayre mas violento: fundían masas, a que llaman agòas, de doce y diez y seis arrobas, y con cada una hacían cuatro tochos, que eran unas barras de cosa de una vara de largo, y quatro y cinco onzas de grueso: estas se adelgazaban en las Herrerías menores y reducían a barras largas, como las que oy se labran; pero desde fines del Siglo pasado, dieron en ponerlas mayores, a las que llaman Cear-Olas, que funden y tiran, sin valerse de las Herrerías menores, labrando un hierro muy grueso de dos arrobas y media y más cada barra”

XVI. mendetik lanean ziharduten Arrasateko olak desagertzen joan ziren eta Zaldibarrekoa eta Zigarrolakoa (Zear (zier) Ola) geratzen ziren bakarrik, XX. mende hasieran, hots sarrailgintzaren industria garapen handia hartuko zuen garaian. Irakurri gehiago: http://www.euskonews.com/0355zbk/gaia35501eu.html

Bibliografia:

1.- “Maquinas hidráulicas de molinos y herrerías y govierno de los arboles y montes de Vizcaya” (Pedro Bernardo Villarreal de Berriz. Madril 1736)

2.- http://www.euskomedia.org/aunamendi/ee128692

3.- http://www.euskonews.com/0355zbk/gaia35501eu.html

urtarrila 01, 2011

URTEBERRI GOIZ ITXAROPENGARRIA



Urteberriko argigintzari ohi bezala ekin diot, Uribarri Ganboako goiko mendixkan, eguzkia noiz jaikiko zain. Berrogeita bederatzi bira eman diot gurutzea-harrizko muinoa-ipuru zaharra triangeluari, barnean, mantra egiaztatzaileak bailiran, otoi/kanta/oihu astintzaileak berpizten zitzaizkidan bitartean.

Azken elurtearen arrasto txikiz inguratua eta behelaino sarkorrak bustia, desagerturiko adiskide eta ahaideei zein inoiz jaioko diren ondorengoei zuzendu natzaie isilean, egunsenti batean nirea ere bilakatuko den espazio helezinean euren ondoan toki egin diezadaten.

Eta behelainoa jaiki egin da.

Urteberri osasuntsu denontzat!