BILATU

lunes, 27 de agosto de 2018

HEGAZKINAK EZ DIRA IZARRAK


Behinola idatzi dut txoko honetan plazer handia dudala udako gau sargoritsu eta argietan lorategian lo egitea. Sentsazio ikaragarri dardarazlea bihur dakidake, gorantz begira, keinuka dabilzkidan izarren diosalari barnetik erantzutea eta haien erreakzioa asmatzea. Izan ere, milioika kilometrotara dagoen puntutxoari pentsamendua luzatzeak itzulian denetariko erantzunak ekar ditzake, jakina, nor beraren apetaren araberakoak. Tranpa egin diezaioket, beraz, izarrari eta hain justu horregatik bilaka daiteke ariketa kilikagarria.

Bart, ordea, izarrei ez baizik dozenaka igaro diren hegazkinei erreparatu diet. Eta jokoari ekin diot.  Euren norabide eta zihoazen alturaren arabera kalkulatzen nuen nondik zetorren aparailua eta zein nolako asmok mugitzen zituzten bidaiariak altzairuzko txori hartan joateko. Gehienak, pozik,  oporretara joaten ari ziren, Norvegiako fiordoak, Kanarietako hondartzak eta, apalagoak, Bartzelona edo Galiziako inguruetara. Beste batzuek berriz,  ospitaleko hoztasunean gaixorik dagoen senitarte bat ziurrenik azken aldiz ikustea zuten xedea; goibel gertatzen ari zitzaien hegaldia. Baziren, banaka batzuk, ez asko, merkatal operazio bat ixtera zihoazenak; irabaziekin zer egin pentsatzen ari ziren. Eta abar. Okertu egin nintekeen igarpenetan, hori bai, baina ez zuen logikarik nire buruarekin tranpatan ibiltzeak.

Izarrekiko pentsamenduak dira zirrara sortzen dutenak. Politenak. Arriskutsuenak.

lunes, 20 de agosto de 2018

GOTZAINAK ETA NIHILISTAK GIZAKIAK DIRA


Hamabost bat urte izango dira lehen egiaztapen borobila egin nuela. Begira: lagun batzuen ezkontza zen. Elizkizuna bi gotzainek burutu zuten, bata katolikoa ebangelista bestea. Bazkarian txiza egiteko gogoa etorri zitzaidan eta hara noa, komunera. Eta norekin topo egin? Gotzain katolikoarekin, ni bezala ormara begira bere betebehar fisikoari aukera ematen ari. Elkarri begira egin gabe, "Kontxo, gotzainak ere gizakiak dira!" atera zitzaidan ozen.

Aurreko astean beste egiaztapen adierazgarriarekin aberastu nuen nire eskarmentua. Marxista, troskista, leninista faseetatik iragan ostean azken urteotan nihilista bihurtu zaigun txikitako adiskide bat ikusi nuen Zeledon Txikiko egunean, Plaza Berriko stand baten aurrean ilara egiten ari, umeentzat merkatal elkarte bat doan banatzen ari zen txutxeak eskuratu asmoz. "Jode! - pentsatu nuen- nihilistak ere gizaki hutsak ditugu, kontraesanez beteak"

Argazkia: JMVM

lunes, 13 de agosto de 2018

MOMU, MITXIN, PURRA, BEKERREKE…


Ehun urteren buruan, normalean guztia aldatzen da. Bizirik zegoena, kasurik hoberenean iraganeko erreferente moduan geratzen zaigu eta lehen ez zena osasuntsu dabilkigu orain. Belaunaldi gazteenek ezer gutxitan neur dezakete norainoko bilakaera izan duen gure inguruak  gizaldi batean. Ehun urte: ezer ez historia orokorraren ibilbidean eta eternitatea tokikoaren gorabeheretan.

Irakurri berri dut 1921eko Eusko Folklore Urtekariaren aurreneko zenbakian den haur hizkerari buruzko lantxoa. Garaiko umeek gauzak eta animaliak adierazteko zein hitzak erabiltzen zituzten irakasten zaigu idazkiñoan. Eta berba asko ezagunak nituela esan behar dut, nik ere haurtzaroan entzunda eta nire baitan nola edo hala finkatuta... gero seme-alabarekin banakaren bat gehiago erabili ez banuen ere.

Bizi naizen baserri giroko inguru ohiari begiratzen diot eta ez dut idi, behi, zaldi, behor, aker... ezta oilo ziztrin bat ere ikusten. Nola ekarriko ditut, bada, ezpainetara nire biloben aurrean "momu", "mitxin", "bekerreke", "purra" eta halako hitzak, baldin eta beraientzat garbi badago animalia horiek behi, katu, ardi eta oiloa direla?

Argazkia: JMVM

lunes, 6 de agosto de 2018

RAMON JIMENEZ “ZAPE”


A long, long time ago,
I can still remember how
(Don McLean. American pie)



Bai, aspaldi ezagutu nuen Ramon Jimenez "Zape" Uribarri Ganboan eratutako jai ekitaldi batean. Auskalo zenbatgarrena izango zen hura Gasteizko artista komikoak bere bizitzan eskainitakoen artean. Nik, aldiz,  lehen aldiz nuen Zape aurrean eta oraindik ere oroitzen dut nigan utzi zuen zapore atsegina. Emanaldira aurreiritzi batekin  joan nintzela aitortu behar dut, garaiko Txomin del Regatoren klon bat izango ote genuen. Erregimeneko irratiek hurbiltzen zizkiguten txominkeria arbuiagarriak eta nazkatuta nengoen Bizkaiko artista (?) harekin.

Baina Ramonek aurki ezabatu zituen nire beldurrak eta gustura egon nintzen ordubete inguruko emanaldian. Gizon jantzia, bekokiz irekia eta umore zuria bikain zerabilena. Horixe aurkitu nuen Zaperengan. Ordurako,  Gasteizko Udalak Urrezko Zeledonarekin saritua zen gure gizona.

Eta iragan ostiralean ostera egin dut topo Ramonekin. Bisita egin diogu sarikide batzuek, eta bere laurogeita hamalau urtetako talaiak ahalbidetzen dion lasaitasunetik jairik alaienak opa zizkigun,  berak hamarkadatan eskukadaka barreiatu duen bizipoz berdintsuarekin. Segi alaitsu, Ramon!

Argazkia: Julio Roca