BILATU

abendua 31, 2010

DOKE-k ITXIERA ONA EMAN DIO BERE URTEARI


Iragarrita zegoen bezala DOKE Antzerki Taldeak azken emanaldia eskaini zuen abenduaren 30ean, Aretxabaletako Arkupe Aretoan. Eta horrela amaitu zen taldekideentzat 2010eko ekintza, "Iragana iragan" obra ekoiztera eraman zituena.
Denera lau ekitaldi izan dira, eta DOKEko kideen iritziz, ahaleginak merezi izan du, duela urtebete inguru jarritako erronka gainditu dutelakoan daudelarik.
Itziar Rekalderen zuzendaritzak bidea erreztu diela aitortzen dute dokekideek, eta taldearen ibilbidean beste mugarri berezi bat izan da aurtengoa.

Eskertu nahi dituzte, ekoizpena ahalbide dutenak: Arrasate, Aramaio eta Aretxabaletako Udalak, Gipuzkoako Kutxa eta ekonomikoki laguntza eskaini dieten enpresak. Ezin dute, inolaz ere, komunikabideek luzatutako babesa ahantzi. Denek egin dute bideragarri 2010eko ekoizpena. Denei, beraz, esker mila.

DOKEko kideak hurrengo obraren prestaketan ari dira jadanik. Eurek dakiten bezala, "Iragana iragan"ek ikusleengan utzitako zirrara atseginari, gutxienez eustea da oraingo xedea.

abendua 29, 2010

BIHAR, 30, ARETXABALETAKO ARKUPE ARETOAN




Abenduaren 30ean eskainiko du DOKE antzerki taldeak 2010eko azken errepresentazioa. Eta Aretxabaletako Arkupe Kultura Aretoan egingo du, "Iragana iragan" obrarekin, arratsaldeko 8etan.

Arrasate eta Aramaioko emanaldien ondoren, Aretxabaletakoari dagokio orain eta taldeak aprobetxatuko du, gainera, bideo grabazio berezia egiteko. Aurreko bere ekoizpenekin egin duen bezala - "Eskuak elkarri" eta "Actto para la Noche Buena"- DOKEk Internetetik isekiko du jarraian obra osoa, Euskomedia Fundazioaren web orritik.

DOKE-k dagoeneko hiru bideo txiki jaso ditu Youtubera, 2010eko abenduaren 19an Arrasateko emanaldian grabatutako eszena batzuekin.

Ikus:
http://www.youtube.com/watch?v=jiao7PmZ184


http://www.youtube.com/watch?v=7EGLH4I40EU


http://www.youtube.com/watch?v=1sU2SYT0NTI

abendua 28, 2010

DOKE-ren PARTETIK 2011rako DESIOAK


Iristen ari zaigu urteko amaiera eta badirudi gauek ere atzera begira jartzeko gonbitea egiten digutela, ariketa nostalgikorako leihoa irekitzea eskatuko balute bezala. Begirada lurruntsuak eskain dezakeen desenfokea, ordea, ez da onena aurrera begirako plangintzarekin hasteko, eta errealitateari heltzea ezinbestekoa da, gure iragarpenetan asmatuko badugu.

Dena den, abenduaren amaierak ariketa berdintsua ekartzen digu urtero, ez baitago gaizki, begi batekin bakarrik bada ere, atzean zer utzi dugun gogoratzea. DOKE Antzerki Taldeak ere 2010 urteak eman dionaren gaineko balantzea egiten dihardu, oraindik lan-egutegia guztiz itxi gabe duen arren. Baina aurrekoak eskatzen du atzekoaren oinarri sendoa, salto egin ahal izateko.

Hori dela eta, DOKEk bere lagun guztiei helarazi nahi die 2011rako desioa. Eta zinez adierazten die taldekideak ziur daudela egia dela, euskal atsotitzak dioena: "Gogo denean aldaparik ez!"

Apuntatu: egitasmo zuzenak, uzta itxaropentsuak, amets ederrak, ekarpen solidarioak, erabaki zintzoak, adiskide jatorrak eta abar.

Izan zaitezte zoriontsu!

abendua 27, 2010

IRAGANA IRAGAN. Antzezlana. Testua


Sarrera gisa

Doke Antzerki Talde (DAT)-eko partaide naizenez gero, eta nire taldekideek, aktore lanetan baino askoz ere erosoago idazten nabilelakoan daudelako, testu bat eskatu zidaten duela pare bat urte. Eta lanari ekin nion, aspaldi nire baitan bueltaka zebilkidan gai bati helduz: Arrasate-Mondragón binomioa.

Oso obra xumea da, gure herrian –eta herria h maiuskula zein minuskulaz idatz daiteke- sarritan ematen diren gatazka antzu eta ganorabakoak ardatz hartuta. Kasu honetan aitzakia izan da ARRASATE-MONDRAGON binomio itxuraz guztiz kontrajarriak. Baina izan liteke beste edozein. Ez nuen, beraz, antzerki lana historiaren inguruan idatzi.

Ematen du herri normalizatu batean bizitzeko ahaleginak egiten ditugula baina gutxien uste denean edozein istilu larri gerta daiteke, gauzak ezinikusiaren muturreraino eramanez.

Nik uste dut indar gehiegi galtzen dugula txikikerietan, lasto gehiegizko lantegietan. Eta ez ditugu oinak lurrean jartzen.

Aurrera begira lan egin behar dugulakoan nago, denok elkarrekin, eta horretarako bakoitzak ZALANTZAN IPINI BEHAR ditu, auzokoarekiko hurbilketa eragozten dioten alderdiak. Kolektibitatearen bizitzak ez du GURE (bakoitzak bereak) ortodoxiaren koordenadetatik bakarrik igaro behar. Interkonexioa behar du, interaktibitatea.

ARRASATE-MONDRAGON ardatz hartuta, niri ez zait interesatzen ZEIN DEN BESTEAREN ESENTZIA, ZEINI DAGOKION LEHENTASUNA, ZEINI EGIAREN (zer da egia? Itxura poliedrikoa!!) JABETZA. Niri interesatzen zaidana da, aldiz, NIRE ESTRUKTURA MENTALAREKIN guztiz ados ez dagoenarekin KONPARTITU AHAL IZATEA elkar bizitza. Gizarte bakar batean bizi garela, herri bat –hobea ala txarragoa, baina bakarra- konpartitzen dugula asimilatu behar dugu, aurrera egingo badugu.

Gizon-emakumeok garenez gero, DIFERENTEAK izateko eskubidea badugu, bata bestearengandik. Denok gara diferenteak. Eta dibertsitatean datza aberastasuna. Arazoa dator, ordea, DIFERENTZIA hori estrukturala baldin bada. Hori geratzen bada, arazoa erabatekoa da eta aberastasuna ez baizik porrota adierazten du. Elkarrekin bizi beharra dugu, hitz eginez. Beste herri batzuek lortu dute, guk zergatik ez?

Testua umorezko klabean dago idatzita, izan ere konbentzituta nago gure herri honek (berdin dio zein h den) umore-puntua behar duela, garraztasuna ahalik eta gehien arintzeko... Eta ez litzaiguke txarto etorriko, garraztasun horri umore-puntutxo bat jartzea.

Eta denon ezagutzarako, ondoko lerroetan irakur daiteke testu osoa. Aitortu behar dut, originala goitik eta behetik landu dugula eta, DATeko zuzendaria den Itziar Rekalderen aginduetara aritu garelarik, ordu beteko emanaldirako egokitu dugu azkenean. Ikusleak irabazten atera dira, oso antzezpen arin eta bizia lortu baita.



IRAGANA IRAGAN!

ANTZERKI OBRA HIRU ATALETAN

LEHEN ATALA

Monologoa

Ez dakit non geratu zaizkidan lagunak. Antzerkia atsegin dugulako etorri gara funtziora . Eta, begira non, ustez komunera nindoala bidea okertu eta hara sartu beharrean hementxe amaitu dut eta aulki bat eman didate. “Ez daukazue butakarik, ala?” galdetu diot akomodadoreari. Antzokietan, lehen behintzat, zuzen zuzenean, butaketako patiora eramaten gintuzten. Orain, teknika modernoak nonbait, eszenategira igotzen gaituzte, hobeto ikusiko dugulakoan... edota hobeto sentituko ditugulakoan aktore eta aktoresen nerbioak eta... izerdia. Auskalo! Stanislavskyk burua jasoko balu!

Gauza da, gaur “Doke” taldea dugula protagonista eta laster agertuko dira hona. Argiak kendu dituztelako ez zaituztet hemendik ikusten baina badakit hor behean zaudetela.

Izen polita “Doke”, ezta? Herriko harri zaharretan errotutako izena da. Beste garai batzuetara garamatzan izena... Beste mordoarekin gertatzen den bezala... antzinatasuna igartzen zaie... Izan dira zerbait eta modernitateak baztertu egin ditu zirkulaziotik... Zenbat halako! Begira, dokekideak datozen bitartean, sekretu txiki bat kontatuko dizuet. Linguistika atsegin dut eta hemengo euskaldun zahar petoen berba asko apuntatu ditut urtetan... eta kasualitatez gainean daramat zerrenda. Zuen baimenarekin irakurriko dizkizuet izen batzuk:

Begira... (eta hitz bakoitzarekin gozatu egiten du, jolastu egiten du hitzekin, batez ere bere-bereziekin)

Mordoa daukat... Hiru, lau... eta hamalau letrakoak ere bai!

JUEK

Uzker, Bixau, Anpor, LEIKE

Nagixa, GalbaI, Ireztu, Uesaba, JOSKUK

Oolkixa, Miskiña, Kulunka, Tripotx....

JITXUAU

Atxekixa, Eustarku, Zarrapar, Trauskil, Amandria, Kukumixo..... JAUKENAT

Arrikosko, Bekerreke, Pasallora, Karapaixo, Lokarrasa, Amarratza, PORTAUKOK

Dindirrixa, Eskutxurra, Illintxixa, Maillukixa, Farrafarra, Enterraixo... DAUKAKENIK

Txirringola, Errukarrixa , Nagi-itxurri, Txatximurka, Txipistaina, BERBA EIN IZU

Burdinarrastu, Txintxiliska, Zaborrerixia, Ugasabapekua... OBATU NAIXUEK

Edarrakatillu, Txantxingorri... IPIÑI NINDUNAN

Trapala-tripili, Txatxilipurdia ... EZAUKETAN ZARIE.

Ez esan politak ez direnik! Pertsonalitatea dute, ezta? Baina konturatu al zarete eguneko gure elkarrizketetan gutxitan agertzen direla? Indarra galdu izan balute bezala, modernitateak dirdira itzali balie bezala, hau da, lehena eta oraina elkarren etsaiak balira bezala. Pena ematen dit.

Geure herriaren izana gogoratzera narama horrek. Arrasate-Mondragón; Mondragón-Arrasate. Sustrai bereko bi deitura baina nortasun bakarra. Diferentziak bilatzen ibiliko bagina... alferreko ahalegina litzateke, enbor bera bi modutan identifikatzeko balio baitute bi izenek. Enbor bakarra, eskualde honetan sustraitua, mendi berdinek inguratua eta erreka berdintsuek bustia. Ez dago besterik. Eta ez diogu zirrikiturik aurkituko bat izate horri.

Arrasatear... edo mundrautar nortasuna: ertzez betea, kolore eta usain desberdinetako mosaiko polikromatua da... Baina, zalantzarik gabe, bat, bakarra eta berdaderoa... Ia-ia Jainkoaren antzera!

Jainkoaren ahalmenera heldu ez garen arren... ez gara txikikerietan geratu historiaren etapetan. Gurean forjatu zen munduak miresten zuen altzairua, gurean sortu zen industria modernoa, gurean piztu zen kooperatibaren indarra... Eta gurean ere izan ziren nagusi Erdi Aroko gorrotoak, eta gerra zibilekoak, eta oraindik ere kale eta bazterrak astintzen dituztenak... Bidean, denetariko protagonista anonimo eta ez hain anonimoak egon dira eta daude: abade, fraide eta mojak; ateoak; militar eta intsumisoak; enpresari eta merkatariak; langile fin eta alperrak; abokatu, mediku, arkitektu eta injineruak; abentureroak... hau da, emakume eta gizonak, den-denak amankomuneko zehaztapen batekin: Udalaitzpeko giroak, nola edo hala, ukituta. Horrexek eman digu karakteristika aparta arrasatearroi... edo mundrautarroi... nahi duzuen bezala.

Pertsona desberdinak, arrasatear edo mundrautar zeinuarekin markatuta... eta maitasun-gorrotorako dosis antzerakoarekin apainduta, alaitasun eta tristurarako, solidaritate eta indiferentziarako, ekintza eta pasibotasunerako, gerra eta bakerako... Horregatik historian zehar, uneko zirkunstantziak ezik, gainerakoak berdin-berdin segitzen du... betiko gertaerak berpiztuko balira bezala erakutsiz. Zikloak dira, ziklo garbi eta pasioz biziak.

Ederto, lagunok! Hor barruan zarata entzuten dut eta badirudi gaurko funtzioa hastera doala. Esertzera noa ni ere bazter batean, bada-ezpada ere. Gero arte, beraz...


BIGARREN ATALA

(MIKELEN LAGUNA AGERTZEN DA ESZENATEGIAN )

Mikelen laguna (publikoari): Arratsaldeon adiskideok, Ikusi al duzue Mikel?... Eta Itziar? Horiek bai, horiek... Fidatu zaitez! Komenientziazko ezkontza izan zen eurena, bai... Biak kontrariuak politikan eta azkenik batera matrimoniora! Eta sortu zuten Mondragon umea? Nitaz zegoen enamorauta Mikel... eta ez emagaldu horretaz... Mondragon nirekin eduki izan balu... beste kuku batek kantatuko zuen orain...

Kuxkuxeroa: Bueno, bueno! Ikusi al duzue? Maite zuen mutila Itziarekin ezkondu zelako emakumea guztiz erreta dago. Eta erreklamatzen ari da Mondragon haien umea. Kontuz ibili beharko dute haiek! Ez dakite-eta ongi norekin ari diren... Bueno, bueno...

(KALEAN GORA ETA KALEAN BEHERA HIRU EMAKUME DABILTZA. ITZIAREN AMA, MIKELEN AMA ETA MUTXURDINA. MONDRA IZENEKO UMETXOA BERAIEKIN DARAMATE)

- Itziaren ama: Esaten dauenez, baditxun lau bat gauza Jainkoak be ulertzen ez ditxuenak

- Mutxurdina: Eta nola dakiñ hik hori, Jainkua bera baino gehixau haiz ala?

- Itziaren ama: Intuizinua, neska, intuizinua!

- Mikelen ama: Eta zeintzuk ditxun, ba, sekretu horreik, jakitxerik badao, behintzat!

- Itziaren ama: Ba, beitu: Jesuitek zer arraio pentsetan ei dabien don lelena. Bigarrena, berriz, sakristauek mezie entzuten ei dabien. Hirugarrena don: zergatik eiten jon eurixa itsasuen?...

- Mutxurdina: Eta laugarrena?

- Mikelen ama: Pentsetan jonat baietz nik asmau: zergatik daukie gizakumeek titirik? Ezton, ala?

- Itziaren ama: Ez, Jainkoak be ondion dezifratu ezin izan dauen laugarren misterioa honako hauxe don, hartizue nota ongi: zergatik gaitxun mundrautarrok hain zakarrak?

- Mutxurdina: Hori bai ederra...! Eta hik ba dakiñ ala ?

- Mikelen ama: Ongi jan norberak baño gehixau dakixen lagunak eukitxia, bai emakume! Zeozer ikesi eiñ leiken... Zeuek zarie zientziaren putzua!

- Kuxkuxeroa: Hauek zer egingo zuten mingainik gabe? ... Ene! Gehien dakiena Itziaren ama da, peligrosua! Inbidia diona, berriz, Mikelena. Biak Mondragon umetxoaren amandreak dira. Eta beti galdetzen ari dena... soltera dago,... Hiruak beti elkarrekin ... Ene! Baina kulebrien letxe!

(SARTZEN DA SALTZAILEA, OTARREA LEPOTIK ZINTZILIK DARAMANA. BUELTA BAT EMATEN DU; UDALTZAINA AGERTZEN ZAIO)

- Saltzailea: Oñatiko piruli, bi marabedi! ... Oñatiko piruli, bi marabedi!...

- Udaltzaina: Baimena kalean saltzeko? Ia... zer daramazu otarrean? Ez da “mandangilla” izango, ezta?... Badakizu, herri honetan saldu ahal izateko lehenik niri eskatu behar didazula lizentzia... Tori! Papera eta erreziboa, zortzi marabedi!

- Saltzailea: Baina... zortzi marabedi? Ez al da asko?

- Udaltzaina: Hemen nik agintzen dut... Tira! “circule...”

- Saltzailea: Oñatiko piruli, bi marabedi! ... Oñatiko piruli, bi marabedi!...

- KUXKUXEROA: Ikusten ari al zarete? “Amurritxau” utzi behar du saltzaile gizarajoa gure aguazilak!

(IZKINA BATETIK D. SIXTO APAIZA SARTZEN DA ETA EMAKUMEENGANA DOA)

- Apaiza: Arratsaldeon, bakean egon.. Jainkoaren izenean!

- Hiru emakumeek: Baita berori ere, Don Sixto!

- Apaiza: Ze, kuxkuxeatzen? Jausterakoan, elizak ez zaituzte harrapatuko, ez horixe!

- Itziaren ama: Berori ere urruti dabil handik!

- Apaiza: Ixo! Olio santuak eramaten ari naiz Auspaltzeko agurearentzat... azkenetan dago eta...

- Mutxurdina (publikorako): Eta Don Sixtok daraman martxa motel horretan, akordatu orduko... azkena ere pasatuko jako Auspaltzeko agureari...

- Itziaren ama: Lan astuna, benetan, Don Sixto, agure horren arima arindu behar badu...

- Hiru emakumeek: Don Sixto, entzun...

- Apaiza: Dominus Vobiscum...

- Hiru emakumeek: ... Et cum spiritu tuo... Don Sixto: hil kanpaiak dira!...

- Mutxurdina: Auspaltzekoa joan jaku, itxurie!

- Mikelen ama: Doa agudo, Don Sixto, infernuko ateak zabal-zabalik ditu eta Auspaltzeko agure lizunak...

- Apaiza: Ez dago presarik... zeru bidean dago-eta!

- Kuxkuxeroa: Esaten den moduan,Jainkuak dana al jok, baña astua etxok ipiñiko edaten, egarririk ez padauko”.

- Mikelen ama: Gure aurrekuak esaten euen, gutxien uste danien agertu leikela biaje bat eiñ bierra, ta horregatik, bada ezpada be, arkondara bat ta kontzientzia betik garbi eukitxia komeni direla...

- Itziaren ama (umea hartzen du besoetan): Batzuk fan eta besteak etorri! ... Ez al don ederra gure Mondragon?...

- Mikelen ama: Buaff!! Ez jon usain txarra hartzen...?

- Mutxurdina (umeari): Olan-olanetan, xoxua kantetan, zu lako umetxoak kaka fraketan!!

- Itziaren ama: Ai ene! Halaxe don, bai... kaka plastada ederra jaukan... Goazenan itxurrira, garbitxu bier jutzenat...

(SALTZAILEA SARTZEN DA OSTERA)

- Saltzailea: Oñatiko piruli, bi marabedi.... Agua freska, sin kezka!...

(BADOAZ DENAK)

(AGERTZEN DA OSTERA MIKELEN LAGUNA)

- Mikelen laguna: Ikusi al duzue Mondragon polit hori. Nire erraietako fruitua izango zen, baina Itziar sartu zen tartean. Sugegorria! Zorte txarreko emakumea naiz... Eta orain? Nola bidera dezaket ama izateko grina?...

(SARTZEN DA SALTZAILEA, BURU GAINEAN KARETA BAT DARAMALA ETA MIKELEN LAGUNAREKIN BAZILATZEN DU ETA BADOAZ)

- Saltzailea: Oñatiko piruli, bi marabedi! ... Agua freska, sin kezka!... Karnabaletako kareta, para tapar la jeta...

- KUXKUXEROA: Honek bai jeta!... Hara! Mondragonen ama dator, “de armas tomar”; eta aguazila, txupopteroa. Eta igarotzen ikusi duzuen hura aitxajauna da. Alkatea dugu eta neskak konspiratzen ari dira bere kontra. Baina agurea konturatu orduko... ez aginte ezta prozesiorik ere! ...Bueno...

(Egiten dute eskutik eskuko giltzaren ematea, eta badoa udaltzaina)

(PLAZARA MIKEL SARTZEN DA)

- Itziar: Mikel! Mikel...

- Mikel: Kaixo, Itziar...Ez dut ama ikusi... Non ibiliko da?

- Itziar: Ez dakit... hortik zehar paseatzen.... Handik, berriz, zure aita dator ...

- Mikel: Kontzejura joango da... Alkate denetik ez du amak etxean ikusten...

- Itziar: Noiz ikusi duzue zure aita etxean, ba?... Gonek tiratzen dute gehiegi... Esku luzeska dauka... Eta berdulerikerixak?...

- Mikel: Kontuz, neska, iristen ari da...

- Mikelen aita: Bukatu al duzue lana?...

- Mikel: Gaurkoz bai... Orain amaren bila ari gara, Mondragon hartzeko...

- Mikelen aita: Izen hori ipini ere! Mondragon! Ez al zen politagoa Mateo, Santxa, Teodoro edo, ni bezala, Joannes de Arrasate?

- Mikel. Emakumeen gauzak, aita!

- Mikelen aita: Ai androk! Begira, Mikel, andrak ederra izateko zazpi gauza behar ditu: gerri estua, hatz luzeak, sudur zorrotza, begi beltzak, aho txikia, bekoki zabala eta zeja arkeauak...

- Itziar: Beti berdin... Agure berdea! (Mikelen eskutik tiratzen ari) Goazen!! (baina geratzen da)

- Mikel (aitari): ... eta zeja arkeauak...

(MIKEL ETA AITA BADOAZ)

(SARTZEN DA UDALTZAINA)

- Udaltzaina (Arantza): Aupa, Itzi! Arazoren bat? ...

- Itziar: Aitaginarreba!

- Udaltzaina: Horrek laster itxiko jon arazo izaten... Kaxkauta jan!

- Itziar: Baina bitartean?

- Udaltzaina (Arantza): Lasai neska... buelta emungo jonau...

- Kuxkuxeroa: Zer esan dizuet?... Gazteok atrakoa eman nahi dute. Agurea ez da aklaratzen... Udaletxeko giltza ez daukala ohartu da... Bueno...

(SARTZEN DIRA MIKEL ETA AITA. GILTZAREN BILA ARI DIRA)

- Mikel: Ez al zuen apaizak giltza hartuko, ezta?

- Itziar: Isilduko al zara?...Beti esan dute txakurrek eurek ere ugazabaren antza hartzen dutela... eta gero eta handiagoa duzu aitarekiko. Eta zu (Mikelen aitari) zoaz giltza topatzera...

- Udaltzaina (Mikelen aitari): Bai, zoaz... Hori den burua!...

- Itziar: Ene! Haritzen zuztarretik, pagorik ez, alajaina! Hau da familia!!

- Udaltzaina: Trankil! Hemendik gutxira heuk manejauko don familia...

(MIKEL, ITZIAR, UDALTZAINA. AGERTZEN DA MIKELEN LAGUNA)

- Mikelen laguna: Aupa Mikel!

- Itziar (haserre): Utziko al gaituzu inoiz bakean?

- Mikel: Kaixo...

- Itziar: Zaude isilik... Ikusten da, bai, zure aitaren semea zarela... Gonazale halakoa! Eta zu, prakazale galanta, alde hemendik zure trapu zahar guztiekin... Bestela...

- Mikelen laguna: Bestela zer?...

- Itziar: ... Ipurloka!

Mikel: O ze polita! Ipurloka...

Mikelen laguna: Eta zu mutil denen topasari! Ez duzu merezi Mondragonen ama izatea! (sartzen dio Itziarek labana)

- Mikel: Hori, hori,... segi, segi... Mutilen topasari...

- Itziar: Goazen hemendik, odola bor-bor daukat eta... (Udaltzaina labana ematen dio Itziari eta Mikelen lagunari sartzen dio)

- Mikel: Ez, ez... ipurloka... mutil denen topasari...... A ze ederra!

- Udaltzaina (Mikelen lagunari): Zu, lotsabakoa,... “circule”, “circule”... ez baduzu kartzelan bukatu nahi... “circule”...

- Kuxkuxeroa: Udaltzaina ordena jartzen ari amodio kontuetan! Hobeto ipiniko balu trafikoan edo zabor bilketan... Ezta ala?

(ESZENATOKITIK ATERATZEN DIRA ARANTZA, MIKEL, UDALTZAINA)

- Mikelen laguna (triste): Jaiotzak eta heriotzak ez dute erremediorik... Baina zergatik ezkondu zen Mikel emakume horrekin?... Mondragon haurra nirea izango zen... Ai, nire tristura!

SARTZEN DA SALTZAILEA ETA ERAMATEN DU MIKELEN LAGUNA

- Saltzailea: Oñatiko piruli, bi marabedi! ... Agua freska, sin kezka!... Karnabaletako kareta, para tapar la jeta...

- Mikelen laguna: marabedi... kezka... kareta...

- Saltzailea: Zatoz nirekin, potxola, eta erosiko dizut zerbait...

- Kuxkuxeroa: Begira zertan amaitu den horren indarra! Ahotik joan zaio, zeukan apurra ere.

(BADOAZ DENAK)

HIRUGARREN ATALA

ESZENATOKIA ORAINGO ESTILOKO APAINGAILUEKIN. GAUR EGUNGO GIROAN GAUDE.

MIKELEN LAGUNA ETA SALTZAILEA AZALTZEN DIRA, NONBAITETIK ERORI IZAN BALIRA BEZALA. ERDI AROKO JANTZIAK DARAMAZKITE.

- MIKELEN LAGUNA: Ai ene!... (jantziak astintzen ditu) Jakin al daiteke nora arraio ekarri nauzun?

- SALTZAILEA: Nik baneki...

- MIKELEN LAGUNA: Begira zertan amaitu diren zure txorakeriak... Buruko minak nago...

- SALTZAILEA: Atzoko sagardoa da hori, ongi busti zenuen-eta zintzurra! Alajaina!...

- MIKELEN LAGUNA: Isildu zaitez... eta esaidazu zein den broma hau! Non gaude?

- SALTZAILEA: Esan dizut, ba, ez dakidala!

- MIKELEN LAGUNA: Basoan aurkitu genuen atso hari ez bazenio kasurik egin...

- SALTZAILEA: Mutu geratu izan banintz... ez nintzateke saltzaile izango...

- MIKELEN LAGUNA: Hori ere egia da! Hitz ontzi halakoa...!

- SALTZAILEA: Nik bakarrik esan nion baietz, agintzen ari zitzaidan bidaia egiteko prest nengoela...

- MIKELEN LAGUNA: Eta zergatik sartu ninduzun aukeran? Amets gaizto batean gaudela dirudi. Nire izenarengatik diotsut, herrira itzultzeko bidea laster aurkitzen ez badugu... saihetsak irin bihurtuko dizkizut...

- SALTZAILEA: ...Atsoak biontzako tokia bazuela esan zidan...

- MIKELEN LAGUNA: (etsita) ...Baina non gaude? Hau ez da gure txokoa ... Nora heldu gara?

- SALTZAILEA: Ez dakit, ez dakit...

- MIKELEN LAGUNA: Ez geratu hemen... eta zoaz hortik ia norbait ikusten duzun... eta galdegin non gauden...

SALTZAILEA JOAN DA. AGERTOKIRA BI EMAKUME AZALTZEN DIRA ETA AGURE BAT. AZKEN HAU GAISORIK DAGOELA DIRUDI. MIKELEN LAGUNAK IKUSTEN DITU ETA BERAIENGANA JOTZEN DU

- KUXKUXEROA: Eta orain, zer?... Bueno, bueno... Hau izango den nahaspila!... Lehengoak eta oraingoak... Erdi Aroan sortutakoak eta XXI mendekoak...

- MIKELEN LAGUNA (berarekiko): Non ikusi ditut nik lehenago andre hauek? Aurpegi ezagunak egiten zaizkit... (emakumeei) Arratsaldeon...

- HERRITAR 1 (Marixabel) : Berdin...

- MIKELEN LAGUNA:: Ailegatu berri naiz... eta ez dakit non nagoen...

- HERRITAR 2 (Elena): Zuk duzun meritua! Nola etorri zara, ba? Parapentean? Halako itxurarekin... Eta jantzi horiek?...

- MIKELEN LAGUNA: Zer daukate jantzi hauek, ba?

- HERRITAR 2: Jairen batetik jausi zarela ematen du...

- MIKELEN LAGUNA: Sasi guztien gainetik ekarri gaituzte... Akordatu orduko hemen geunden! Baina ez digute esan nora gentozen...

- HERRITAR 1: Aizu, Santa Ageda pixkat harantzago dago e!... Nondik zatoz, ba?

- MIKELEN LAGUNA: Hemengo zeuen itxurak ikusita, garbi dago bidaia luzexka izan dela... Baina, baina (mendiari erreparatuta)... Hori ez al da Udalatx?

- HERRITAR 2: Eta nola dakizu zuk hori? Ez al duzu esan, bada, urrutitik zatozela? Zer da zurea? Zientzia infusa?

- MIKELEN LAGUNA: Eta Udalatxen azpian San Valerixo... Meatz erreka...Meatzariak...

- HERRITAR 1: Esaten dizuet... hau erabat jota dago... (Mikelen lagunari) San Valerixo ez, zuk Aita Menni behar duzu!

- MIKELEN LAGUNA (agureari begira) : Guk gure herrian horrela dauden gaixoei, almaizerraz daudela esaten diegu. Entretenituta egon daitezen armaize bat berakatzez betea ematen zaie, txiki-txiki egin ditzaten, Armaize, almaize, .. eta hortik “almaizerrak jota” esaten zaie, bai... Eman beharko zeniokete armaize bat... ikusiko zenukete zelako aurrerapenak egiten dituen...

- HERRITAR 2: A, bai, e? Gainera petrikilo! Gaixotasun horri alzheimer esaten diogu hemen.

- HERRITAR 1. Sasilistraua!

- HERRITAR 2: Eta armaize batekin entretenituko dela uste al duzu? Erremedio merkea da.. Badakit non saltzen diren... oraintxe bertan noa... Ba al zatoz?

- HERRITAR 1 : Bai, neska...

- HERRITAR 2: Berehalaxe gaude bueltan... Zaindu apurtxo bat aitxajauna... Ja, ja, ja...A! Eta bada ezpada ere esaten dizut: nire senarra da... Kontuz berarekin, abiadore paratxutista!...

- MIKELEN LAGUNA: Baina, baina...

AGUREA ETA MIKELEN LAGUNA BAKARRIK GERATU DIRA, EMAKUMEAK ARMAIZEA EROSTERA JOAN DIREN BITARTEAN.

- KUXKUXEROA: Hau gure kaleetako modeloaren antzerakoa da: euskaldun ezindua eta kolonbiarra, perutarra edo ekuatorianoa... Mestizajearen oinarri berria, itxurie...

- MIKELEN LAGUNA: Berehala itzuliko dira... eta ekarriko dizute jostailu polit bat... Armaizetxo bat zuretzat... jolas dezazun.

- AGUREA: Zer jostailu, zer armaize, eta zer txanfaina! Bukatu da! ... Ez nago gaixorik!... Sano, sano nago...

- MIKELEN LAGUNA: Baina, baina...

- AGUREA: Bai, prexiosa, bai... Eta nola diozu deitzen zarela?

- MIKELEN LAGUNA: Ez dut esan...

- AGUREA: Ba... esan beharko zenidake... Lagunak izan gintezke...

- MIKELEN LAGUNA: Noiztik ari zara engainatzen zure sasi-gaixotasunarekin?

- AGUREA: Konturatu nintzenetik ez nintzela inor nire etxean. Badakizu, zahartzaroa mendi gain batera igotzea bezalaxe da: zenbat eta gorago igo gehiago nekatzen zara... baina mundua zabalagoa ikusten duzu. Ni zahartzen joan naizen neurrian gero eta baztertuago sentitu naiz... Baina ez dut ingurua gero eta garbiago ikusteko ahalmena galdu. Eta horregatik, bakean utz nintzaten, gaixotasuna inbentatu nuen... Eta jakingo bazenu zenbat gauza ikusi dudan... gaixo nagoela pentsatzen dutelako...

- MIKELEN LAGUNA: Hori ez da etiko... aitona!

- AGUREA: Izango ez da, ba! Pentsatzen dute begiak itxita ditudalako, lo nagoela.

- MIKELEN LAGUNA: Badira begiak zabalik eduki arren ondo ikusten ez dutenak...

- AGUREA: Hala da, bai, baina ez da nire kasua... Eta, mesedez, ez deitu niri... aitona! Ni zuretzat... (eskua luzatzen dio)

- MIKELEN LAGUNA: Zaude geldi!! ...

- AGUREA: Hiru gauzek baldintzatzen dute gizona: estudiuak, ardoak eta... emakumeak.

- MIKELEN LAGUNA: Ba, nirekin jai duzu... Samurrago duzu mozkortzea! Eta, hainbeste luzatu gabe, emaidazu toki honen izena...

- AGUREA: Ihes egingo nuke zurekin...

- MIKELEN LAGUNA: Izena, izena...

- AGUREA: Zuretzat, naizen zerbitzari aparta: Arrasate jauna.

- MIKELEN LAGUNA: Arrasate? Non entzun dut nik deitura hori? ... Baina zein da tokiaren izena?

- AGUREA: Zerbait esango lizuke, ala?

- MIKELEN LAGUNA: Hemen datoz...

ITZULTZEN DIRA EMAKUMEAK. ETA AGUREAK BERRIZ ERE GAIXO ITXURA HARTZEN DU. EMATE DIOTE ARMAIZEA.

- MIKELEN LAGUNA: Ikusiko duzue aurrerapena...! Bai horixe igarriko duzuela!

- AGUREA: (gaixoarena egiten) Aurr ....era... pena! ... Pena... Pena... (eta Mikelen lagunak agurea banku batera esertzera eramaten du)

- MIKELEN LAGUNA: Jo ezazu, jo, berakatzak guztiz txikitu arte... Disimulatu!

- AGUREA: Eta zuk zer ematen didazu?

- MIKELEN LAGUNA: Nik? Ostikada bat ez baduzu eskua bere tokian uzten...

- HERRITAR 2: Semeak etxe berri bat erosi du...

- HERRITAR 1: Hori suertie, neska! Baina, kontuz ibili, zenbat eta gorago joan, kolpea ere halakoa gerta daiteke.

- HERRITAR 2: E, e, e...! Zer esan gura duzu?

- HERRITAR 1: Ba, horixe... Bide zuzenetik aberastea, nekeza izan dela orain arte. Eta zure semea...

- HERRITAR 2: Enbidiosoek hegan egingo balute, gerizpetan egongo ginateke beti.

- HERRITAR 1: Begira nork esan duen...Badakizu... Dirua, eztula, sua eta maitasuna, oso gatxak dira gordeta edukitzeko.

- HERRITAR 2: Zuk, maitasuna... zero patatero! Ja,ja...

- HERRITAR 1: Ba, zuk daukazuna eta hutsaren hurrena... antzerako parecido!...

- HERRITAR 2: Kontuz gero esaten duzunarekin... Nik behintzat gizona daukat... Inpediduta, baina gizona!

- HERRITAR 1: Aukeran nire egoera nahiago dut!... Begira nor datorren...... zure erraina... Eta ederto lagunduta, gainera... Horiek egin duten karrera!

- KUXKUXEROA: Orain ezagutuko dituzuen neskak... herriko indar faktikoak ditugu. Estudioekin eta jendea manipulatzeko trebetasunarekin!. Bata sindikalista eta bestea politikoa!

ARANTZA ETA ITZIAR (beste bostok izkina batean; eta A+I aurrealdera doaz)

- ITZIAR: Zer moduz Arkaute aldean, neska? Buruhauste ugari ertzainekin, ezta?

- ARANTZA: Zuk sindikatuko kontuekin bezain beste... Badakizu, gu betiko lagunak gara, ofizioak separatu gintuen, eta orain talka egiten dugu kalean: zuk huelga eta manifestazioak antolatzen eta nik nire neska-mutilekin ordena jartzen. Bizitzaren gauzak!

- ITZIAR: Bien bitartean... gustura ezta?

- ARANTZA: Begira, inork ez zidan pistola bularraldean ipini kargua hartzeko... Zuri bai, ala? Partiduak Barne Sailburutzarako izendatu ninduenean, ilusioz eman nuen baietza...

- ITZIAR: Eta asmatu egin zuten zu aukeratzearekin...

- ARANTZA: Gaizki dago nik aitortzea baina nekez aurkituko zuten nire moduko beste inor... Xentzilla ezta? ...

- ITZIAR: Eta oraindik eman behar duzuna, neska! Zelakoa zaren jabetuta, zu ez zara horretan geratuko...

- ARANTZA: Nik beti Partiduaren esanetara jardungo dut...

- ITZIAR: Bai, bai... eta bestela Partidua zatitu eta kito! Horretarako ere trebea zara, neska!

- ARANTZA: Ari naiz, ari naiz...

- ITZIAR: Herriko alkatetzarako aurkeztuko al zara?

- ARANTZA: Bai, zera! Herria txiki geratu zait... Gu handiagoetarako gaude prestatuta... Begira zu zerori: garbi zenuen ez zinela geratuko Udaletxeko idazkari triste bat bezala... eta orain sindikatu maioritarioko burua...

- ITZIAR: Egia esan, udal lana ez zait sekula gustatu...

- ARANTZA: Tira, zuri lanak, berez, ez dizu inoiz tilin egin... Hobe zaude oraingo karguan... Eta bizkarra apur bat zaintzen baduzu... betiko txolloa, neska!

- ITZIAR: Arrazoi osoa duzu,... Gu hain xentzillak... eta mundua gure oinetan... Ai! (hasperena)

- KUXKUXEROA: Zer? Konturatu al zarete? Herri honek denetarikoak eman ditu: politikoak, sindikalistak, militarrak, apaiz eta mojaren bat edo beste, aktoresak...langileak ere bai, noski!, ... Eta, toki guztietan bezala, tipo majoak eta... ez hain majoak!


AGERTZEN DA MIKEL ETA BERAREKIN SALTZAILEA DATOR

- MIKEL: A , ze parea! ... Zer? Mundua konpontzen?

- ITZIAR: (saltzaileari begira) Zein duzu lagun hori? (saltzailea, paperak banatzen ari da)

- MIKEL: Enplegatu berria... Etxegintzako sasoi errazak joan ziren eta saltzaile trebeak behar ditut... Eta tipo honek curriculum kuriosoa aurkeztu dit... Denaren beharrean gaude...

- ARANTZA: Badakizu,: eskatu zure emazteari langileentzako laguntza fiskalak negoziatzea administrazioarekin... Ezkutuko sukaldean plater goxoak kuzinatzen ditu-eta zure andre-sindikalistak.

- MIKEL: (Arantzari, besteek entzun ez dezaten) Portzierto,.. multa bat jarri zidaten lehengoan AP-1ean, ... 300 euro.

- ARANTZA: Bidali niri errezeta, zerbait egin ahalko da

- ITZIAR: Begira... nire amaginarrebaren adiskide soltera dator, beti peskizan baina esku hutsik...

- ARANTZA: Bai, neska! Maitasuna, zahartzaroan, fikzioko pelikuletan bakarrik agertzen da ... Eta kasu honetan, gainera, gehiegi, ezta?

- ITZIAR: Adin horrekin... tira, tira! Maitasun berantiarra bihotza gogortzen deneko gauza da.

- ARANTZA: Horri.. bihotza gogortu, beste ezer ez!

- MIKEL: Ixo! Ez sartu amodio kontuetan...

- HERRITAR1: Arratsaldeon...

- ARANTZA: Zer, norbaiten bila?

- HERRITAR1: Hala da... Barkuak ere euren puertuetan gordeta ederto egoten dira!

- ITZIAR: Ba... ia topatzen duzun zure txalupatxoa. Arin ibili beharko duzu...

- HERRITAR1: Derrigorrez. Lehen denbora karakola letxe joaten zen eta orain erbia letxe.

- ARANTZA: (Herritar1-i) Kontuz, e! Barkua hondoratu gabe.. (Besteei) Honek, marinelen antzera, nobixo bana eduki du bisitatu dituen herrietan... eta orain, gasolina amaitzear, hor dabil, erreserbarekin...

- ITZIAR: Pasioa?

- ARANTZA: Desesperazioa?

- MIKEL: Misión imposible!

MIKELEN LAGUNAK MIKEL, SALTZAILEAREKIN DOALARIK, IKUSTEN DU. ETA BERARENGANA JOTZEN DU

- MIKELEN LAGUNA: Baina Mikel!!! Nola zu hemendik?

- MIKEL: Zein zara zu?...

- MIKELEN LAGUNA: Ai, pillin!... Ez zara nitaz gogoratzen?... Ze guapo zauden! Ai, ama! Guapo, guapo... (saltzaileari) Eta zu, non sartu zara? Gero mintzatuko gara...

- MIKEL: Eskerrik asko, emakume ezezaguna,... baina zoritxarrez oker zaude! Ez zaitut sekula ikusi...

- MIKELEN LAGUNA: Baina, baina... Mikeltxo nirea... nola esan dezakezu hori? Ez al duzu oroitzen, nire txolina, enamorauta nengoela zutaz... eta Itziarekin izan zenuen umea nirea izango zela, biok ezkondu izan bagina? ... Mondragon bataiatu zenuten haurtxo polit hura honez gero koskortu egingo zen, ezta?...

- MIKEL: Zer Mikeltxo, zer Mondragon eta zer enamoramentuz ari zara?

- MIKELEN LAGUNA: ... Begiratu ongi... neu naiz...

- ITZIAR: Zein da emakume hau? Beste lioren bat?

- MIKEL: Egia esaten dizut... lehen aldiz da aurrean daukadala.

- ITZIAR: Kendu hemendik, urdanga halakoa, ospa egin zure mingain benenosoarekin...

- MIKELEN LAGUNA: Kontuz berba horiekin...

- ITZIAR: Zuk ba al dakizu norekin ari zaren?

- MIKELEN LAGUNA: Ideiarik ez! Baina badakit nor ez zaren... Ez zara mutil honen emazte zintzoa!

- ITZIAR: E! E!...... (deitzen du laguna) Abisatu ertzainak! Lotsabako petrala! Eta zuk (saltzaileari) zer dakizu emakume honetaz?

- SALTZAILEA: Ez dut nire bizitza osoan ikusi...

- MIKELEN LAGUNA: Zer? Traidore madarikatua!

- SALTZAILEA: Utz nazazu bakean!

- MIKEL: Itzul gaitezen lanera... (Mikelen lagunari) Baina ongi pentsatuta: ez al zaizu interesatzen etxe bat?

- MIKELEN LAGUNA: Zu zara nire Mikel eta zure etxea izango zen nirea... Zer egin duzue Mondragon txikitxoaz?

- ARANTZA: Zer gertatzen da?...

- ITZIAR: Irainka eta inkongruentziekin ari da nire kontra...

- ARANTZA: Begira, udaltzain bat... (deitzen du)

AGERTZEN DA UDALTZAINA

- UDALTZAINA: Kaixo! Problemarik?

- ITZIAR: Emakume hori... arriskutsua da...

- MIKELEN LAGUNA: (aldegiten ari den Mikeli) Mikel laztana! Itziarek baztertu zintuen nigandik baina nire pentsamenduan egon zara beti, eta... zergatik zigortzen nauzu horrela?

- UDALTZAINA: Ze erretolika da hori?... Edan egin duzu, ala?... Nor zara? Erakutsi paperak... Mesedez, paperak...

- MIKELEN LAGUNA: Zer paper eta zer txanfaina? Nik Mondragon nahi dut ikusi...

- UDALTZAINA: Nondik zatoz? Errumaniarra? Kosovarra?... Paperak... Edo nirekin etorri beharko duzu...

- MIKELEN LAGUNA: (oihuka) Mondragon haurraz galdetzen ari naiz... Non dago?... Ezkutatu al duzue? Hil, akaso?

- UDALTZAINA: Baina, baina... Tira, kartzelara, “por escándalo público” y “por resistencia a la autoridad”!

- AGUREA (agertu da eta bere armaizearekin jo eta su ari da) : Nire adiskidea da,... adiskide... laguna,...

- UDALTZAINA: Arratsaldeon Arrasate jauna! ... Zure zaintzaile al da?

- AGUREA: Bai, zain...tzaile, lagu...na... ar...maize...

- MIKELEN LAGUNA: Zatoz aguretxoa... nik arinduko dizut gaixotasuna zuri... nik. (badoaz eta agureari ahopeka) Eta goazen hemendik ahalik eta lasterren, haur hiltzaile hauen ondotik... Baina ez dut etsiko! Jakingo duzue nor naizen ni...

- ITZIAR: Nire aitaginarreba ero horren eskuetan? Baina denok galdu al duzue zentzumena?

- ARANTZA: Neska, eramango balu ere... gaizki ala?

- ITZIAR: ¡No caerá esa breva...!

- ARANTZA: Baina nora doaz? ...

TXIMISTAK ETA TRUMOIAK. DENA ILUNPEAN, ETA AGERTZEN DA SORGINA ERRATZEAN

- MIKELEN LAGUNA: Azkenik! Bazen garaia! Non arraio sartu zara! Eraman nazazu ostera gurera! Itzuli nahi dut, hau ez da-eta nire tokia!

- SORGINA: Zuek adierazi zenidaten honako gogoa. Non dago lehengo zure laguna? Eta zein da agure hori?

- AGUREA: E, e,... kontuz gero berba horiekin... Arrasate jauna nauzu, poxpolin honekin ihes egin nahi duen zaldun askatzailea!

- MIKELEN LAGUNA: Nirekin etorri zen Oñatiko saltzaile ipurtarinak burua galdu du... Nahiago bide ditu hemengo bazter okerrak... gure herriko zuzenak baino. Traidore bat da.

- SORGINA. Bide okerrak geure baitan bakarrik izaten dira, emakume, geure buru eta bihotzetan. Traizioa diozu?... Ene! Kontatuko banizu!

- MIKELEN LAGUNA: Zure ipuinak ez zaizkit interesatzen. Nik lehengo bidea nahi dut berreskuratu... Eta nirekin eraman nahi nuke Mondragon txikia... Erreibindikatu egiten dut, jaiotzen ikusi nuen haurra! Nire izpirituarekin batera doa... Nirea da!

- SORGINA: Posible litzateke, bai, berreskuraezinak lau gauza bakarrik dira-eta: harria, behin eskutik irtenda gero; aukera, ihes egin ondoren; hitza, haizeak eraman ostean... eta trena, behin joanda gero. Orain gauden toki honetan, ez badakizu ere, “sesentaisietien” galdu zuten trena...

- AGUREA: Begira, begira... erratzeko atso hau ez da bat ere ergela!

- MIKELEN LAGUNA: Aurki dezagun umea eta jar gaitezen bidean!

- SORGINA: Entzun ongi biok: okerreko bidea hartzen dugunean, bideari kulpa botatzen ere badakigu.

- MIKELEN LAGUNA: Etorkizuna nire herrian daukat... eta Mondragonekin konpartituko dut ..

- SORGINA: Begira: aurrekoek esaten zuten bezala, “Etorkizunak kostunbre txar bat jaukan; datorrenaren jakiñen gaiñian ez egotia”

- AGUREA: Egixak begixa erre! Hala da, sekula ez dugu jakingo geroak zer ekarriko digun...

- SORGINA: Agureak ere alde egin nahi al du?

- MIKELEN LAGUNA: Berak horixe dio... Baina jakingo bazenu zein tranposo den.!...

- AGUREA: Deitzen gaituzten tokira joan behar dugu... Eta gero bertan ikusiko dugu komeni den ala ez geratzea.

- MIKELEN LAGUNA: Baina zuri nondik egiten dizute dei?

- AGUREA: Zu zara nire itsas lamina, kantari jainkotiarra...

- SORGINA: Harrapa ezazu hori...

- MIKELEN LAGUNA: Ez zara nire tipoa! Baina, nirekin etorri nahi baduzu... lagun iezadazu Mondragon aurkitzen...eta alde egin dezagun hemendik... atso honen erratzaren gainean

- SORGINA: Berriz diotsut ni sorgin apal bat naizela, eta ez garraio zerbitzu publikoa!

- AGUREA: Baina zein kristo da Mondragon??

PUBLIKOTIK AGERTZEN DA PERTSONA BAT ETA JUANTXU ARRASATERENGANA DOA.

- IKUSLEA: Aizu Arrasate jauna, daramazuen elkarrizketa zentzugabea entzuteko parada izan dut eta gauzatxo bat gogorarazi nahi dizut. Soberan ezagutzen gara, nahiz eta zu baino askoz gazteagoa naizen... Inoiz engainatu al zaitut? Ez, ezta? Bada, begira: badakizu zuhaitz genealogikoak egiteko afizioa dudala... Eta esan behar dizut, zure arbasoetako bat... Mondragon izan zela, hain zuzen, emakume horrek erreklamatzen duen pertsonaje ilustrea. Arrasatearrak nola edo zergatik bihurtu ziren “mondragoetarrak”... hori ezingo dizut argitu. Baina, zaude ziur, zu eta Mondragon hura odol berdintsukoak zarete... Oi, oi, oi... eta orain badatoz zure bandokoak... Banoa, porsiakaso be!



AGERTZEN DIRA EMAKUMEAK, ARANTZA, ITZIAR, UDALTZAINA, MIKEL, SALTZAILEA,...

- ARANTZA: Hor, hortxe dago bahitzailea... Geldi zaitez, zauden lekuan! Agintearen izenean!

- UDALTZAINA: Zure bila goaz! Lasai Arrasate... erreskatatuko zaitugu!

- ITZIAR: Eta eurekin dagoena, deabrua al da?

- MIKEL: Deabrua? Pisuak saltzearren... deabruarekin ere bat egin nezake...

- SALTZAILEA: Zientziak deskartatu egin ditu deabruak...

- HERRITAR 1: Nire deabrutxoa zara!

- HERRITAR 2: Une zailetan ere zu buru arina, emakume!

- ARANTZA: Bizirik nahi ditut!

- SALTZAILEA: Fuenteovejuna, todos a una!

- MIKEL: Gerra komertziala... gerra da, azken finean; jar ditzagun martxan bateria guztiak!

AGERTZEN DIRA BESTE BANDOKOAK

- MIKELEN LAGUNA: Horiek bateriak jarriko dituzte martxan, baina zuk erratza,... atso alua!

- SORGINA: E, e! Iraindu gabe... Begira nondik, gure Mondragon zalea larri dabilen... justizia atzetik dabilkiolako...

- MIKELEN LAGUNA: Horiek ez dira nire justizia...

- AGUREA: Hara!... Herriko botere faktikoak... Nire erraina eta Arkauteko jefea... Eta emaztea eta kulebria... Galduta gaude.

- MIKELEN LAGUNA: Pikutara doazela denak... (oihu egiten die) Non arraio sartu duzue Mondragon? Akabatzaileak!

- SORGINA: Baina, jakin al daiteke zer nahi duzun horrenbeste zaratarekin?

- MIKELEN LAGUNA: Entzun ongi: toki madarikatu honetatik nirera itzuli nahi dut, baina Mondragonekin batera, nirea delako! Bidai askatzailea izango da biontzat...

- SORGINA: Bai, bai...Bidai estratosferikoa deitzen diot nik horri...!

- MIKELEN LAGUNA: Nahi duzuna... baina Mondragon eta biok jaio ginen herrian egon nahi dut, jada!

- AGUREA: Eta nik zurekin...

KORRIKAN DESAGERTZEN DIRA.

- HERRITAR 2: Arrasate sekuestratuta!... Oraintxe goaz zu askatzera! Eutsi animoari!

- ARANTZA: Nire ertzainak abisatuko ditut... udaltzainekin ez baita nahikoa

- ITZIAR: Usain txarra hartzen diot horri...

- SALTZAILEA: Urak eta andreek, ez dute usainik behar...

- HERRITAR 1: Gu gauden tokian arrosa usaina da nagusi...

- HERRITAR 2: (herritar 1-i)Barregarria zara! ... (Arantzari) Ez dezatela ihes egin! Datozela agudo ertzainak... atzerritarrak inbaditzen ari zaizkigu! Alienigenak dira...

- ITZIAR: Konbokatuko dut sindikatuaren bilera... !

- ARANTZA: Ez hasi orain manifestazioekin, entzun? Hau serioa da!

- ITZIAR: Eta hain serio! Gure lanpostuak arriskutan egon litezke...

- HERRITAR 1: Ala, bestea! ... Noiz egin duzu zuk lan?

- HERRITAR 2: Zu zaude isilik, eta zu, (Itziari), erakutsi nire erraina zarela: ¡a por ellos! Arrasate gurea da!!!

- ARANTZA: Kontuz pertsonal zibila! Defentsa eta erasoa profesionalen betebeharra da. Guk berreskuratuko dugu Arrasate!

- ITZIAR: Ni ere profesionala naiz.

- HERRITAR 1: Bla, bla, bla...

BESTEEN ATZETIK DESAGERTU DIRA. ETA OSTERA AZALTZEN DIRA:

- SORGINA: Horiek joan doaz ala etorri datoz?

- MIKELEN LAGUNA: Horiek nire bila ari dira... Mondragonen izpiritu eta memoria aldarrikatzen ari naizelako! Eta hori zuk jakin beharko zenuen... hain jakintsua baldin bazara!

- SORGINA: Aizu! Ni sorgin xume bat naiz,... ahalmen handirik gabea.

- MIKELEN LAGUNA: Orduan nola ekarri gintuzun hona?

- SORGINA: Zuek eskatu zenidaten bidean aurrera egitea... Eta horrela egin genuen. Modu positiboan igo zineten erratzera eta samurra izan zen... Baina orain, antza denez, sentimendu indarrek talka egiten dute eta ez goaz inora...

- MIKELEN LAGUNA: Baina zer diozu? Ni Mondragon gaztearen alde nabil eta horiek Arrasate zahar hau berreskuratu nahian...

- AGUREA: Bagoaz ala ez? Arrasate naizen arren... eta beraientzat nahi banaute-ere, ni Mondragonekin nago.

- MIKELEN LAGUNA. Orduan, bete nazazu eta ekarri hona Mondragon haur gaztetxoa! Zu, Juantxu Arrasate, bere herrikideen borondate ona engainatu duen gizon zahar bat besterik ez zara...

- AGUREA: Zu behar zaituena!

- MIKELEN LAGUNA. Ixo!... Memoria galdu duzu, nonbait! Almaizerrak jota zaude, bai jauna! Eta niretzat eragozpen besterik ez zara... Momolo !

- AGUREA: Baina Mondragonekin bat egiteko prest nengoke... tribu berdinekoak garelako...

- MIKELEN LAGUNA: Zer? Orain horrekin al zatoz?

- SORGINA: Tramankulu hau ezin da ibili

- MIKELEN LAGUNA: Hau ez da nire herrian gertatzen... ( datozenei) Zuek: non daukazue Mondragon? Gora Mondragon bizia eta gora gure herria!

- AGUREA: Baina zu, zer herrikoa zara?

- MIKELEN LAGUNA: Txatxalo! Zerukoa naiz, zerukoa... Inporta al dizu, ala?

- AGUREA: Zure ostarkua izan nahi nuke...

- SORGINA: Hauek daukaten buru-tortilla! Korrika!!

-

ETA KORRIKAN DESAGERTZEN DIRA, BESTEAK AGERTZEKO:

- ARANTZA: Jaurlaritzako Barne Sailburua nauzue... Zaudeten tokian, stop! Utzi bide bazterrean, bahituta daramazuen pertsona!

- ITZIAR: Ertzainak, ertzainak, eta helikopteroa... Horiek ez dute gure kontura barre egingo, ez horixe!

- HERRITAR 2: Hori, hori helikopteroa... eta tanketak! Kartzelara! Harrapatu!

- SALTZAILEA: Katuen koloreak ez du ardura; xaguak harrapatu ditzala, baino.

- HERRITAR 1: Ni naiz zure katutxoa!

- HERRITAR2: Zu katu zahar barritsu bat zara!

- UDALTZAINA: Circulen!

- HERRITAR 2: Itzuli niri Arrasate, lapurrok! Ikusiko duzue... Laztana!... Salba dezagun Arrasate!!

- MIKEL: Gera zaitezte hemen... etxebizitzak ditugu salgai!

- ITZIAR: Zu zer, praka zale harekin nahi al duzu kartzelara joan?...

- SALTZAILEA: Merke, merke... Prezio konparaezinak!

- ARANTZA: Legearen izenean, entzun! Entrega zaitezte!

- MIKEL: A! Eta behar izanez gero, autoa ere saltzen dizuegu... Marka guztietakoak, lehen eta bigarren eskukoak...

- ITZIAR: (Mikeli) Gero hitz egingo dugu guk biok, etxean. (Arani) Ertzainak, ba datoz ala ez?

- ARANTZA: Esaten didatenez, ez dakit nongo enpresako espedientearengatik lanik gabe dauden langileen kale istiluetan ari dira...

- ITZIAR: Baina ez al zara zu, gehien agintzen duena? Datozela hona eta kito!

- ARANTZA: Ez da hain samurra... ertzainak eurak ere sindikatuta daude-eta!

- ITZIAR: Zer? Noraino iritsi behar dugu?

- ARANTZA: Bizitza, neska, bizitza...

ETA KORRIKAN DESAGERTZEN DIRA, BESTEAK AGERTZEKO:

- MIKELEN LAGUNA: Piztu motorea, behingoz!

- SORGINA: Ezin dela esan dizut... Sentimenduak dira, sentimenduak... Gainera...

- MIKELEN LAGUNA: Gainera, zer?

- SORGINA: Garagartzako lamina nauzuela, herri gogoak piztua. Zeuek asmatzen duzuena da nik ahal dudana, ez gehiago ez gutxiago.

- MIKELEN LAGUNA: Utzi filosofatzeari eta eraman nazazu hemendik, azkar!

- AGUREA: Arrasate naiz eta... Mondragon berreskuratuta bizitza konpartituko dugu...

- MIKELEN LAGUNA: Buruak txirrist egiten dizu, bai...

- AGUREA: Ez nazazu zigortu maitea!

- MIKELEN LAGUNA: Ahaztu nitaz ez baduzu Mondragon ekartzen...!

- SORGINA: Neurriren bat hartu beharko dut...

BADATOZ BERRIRO ETA ORAIN DENAK ANTZEZTOKIAN DAUDE

- ARANTZA: Gureak dira! Hortxe, hortxe daude... Nire atzetik lagunok!

- ITZIAR: Geu gara legearen soldaduak ... Derrigor... ertzainekin konponduta gaude-eta!

- SALTZAILEA: Gora justizia!

- HERRITAR 1: Zu zara nire justizia, moñoño!

- HERRITAR 2: Eruen moñoña hau nire bistatik! ... Itzuli Arrasate... lapur zikinori!

- ARANTZA: (Herritarra 2-ri) Baina, emakume, gure artean, eta eramango balizute betiko, ez al zenuke irabaziko?

- HERRITAR 2: Ezta pentsatu ere... Gure herriaren izana bera da, Arrasate...

- MIKEL: Etxebizitzak salgai, garajea barne... Etxebideren bermearekin! Zatozte pisu pilotua ikustera!

- SALTZAILEA: Merke, merke... Ni nauzue saltzaile marabillosoa! XXI mendeko Leon Salvador intsuperablea!

- UDALTZAINA: Circulen! Circulen!...

- HERRITAR 1: Aizu, aguazila! Ez animatu alde egiten! Ez esan Circulen... Deténganse! baizik.

- UDALTZAINA: Deténganse!

- SALTZAILEA: Primerako materialekin egindako etxeak, aurrezki kutxaren maileguak berrogeita hamar urtetara, txollo paregabeak...

- SORGINA: Aski da!! Begikoa botako diet, ia sosegatzen diren, kargante halakoak! Adi guztiok Garagartzako laminak dioena: Erdixetan errazoia eukitxia oba da, betik errazoi erdikiñ ibiltxia baño. Eta orain, Leze Txikiko arbasoen izenean: bihur zaitezte harrizkoak! ...

DENEK HARRIZKOAK DIRUDITE, GELDI-GELDI.

- SORGINA: Horrela, horrela... guapo-guapo zaudete, bai jauna! Nire boterea da zuek orain behar duzuena... Eta bihotz onekoa naizelako, entzun: Mondragonen ama izango zena, iratzarri zaitez! Eta Jaurlaritzako Barne sailburua! Eta enpresario engainatxifloa! Eta Sindikatu buru nagusia... Eta mutxurdin heldu hori... Eta Arrasate izenekoa... Eta emazte errukarria... eta udaltzain kunplidorea, eta saltzaile hitzontzia, eta... Iratzar zaitezte denok!!

ESNATZEN HASTEN DIRA

- SORGINA: Ez al da gizon emakumeen lehen betebeharra euren herriak iraun araztea? Eta zuek... den-denak harroak zaretelako... korapilo ilogikoetan endredatzen zarete, etengabe... Erabili burua: zer da inportantea?... “Lurrarekiko identifikazio osoa?”... “Herriaren esentzia?”... Ahaztu berba labain horiek, behingoz... ! Eta kontuan eduki, gizon-emakume hutsak zaretela, lur zoru berdinean munduratuak baina sentimendu desberdinetakoak! Hitz ederrek bereizten dituzte egiak eta ametsak... Eta ametsak politak diren arren... ametsak dira... Eta kondenatuta gaude toki berean bizitzera. .... Orain... bakoitzak nahi duena egin dezala... Bota dezala barruan duena... Baina ordenan! Eta lagunari aditzeko gogoarekin! Zer diozu Mikel enpresario iaioa?

-

- MIKEL: Maldizioa etxean, zoritxarra aldean.

- SORGINA: Begira, poeta bilakatu zaigu enpresa gizona. Eta Mondragon zalea?

- MIKELEN LAGUNA:Etxeko laratzak berbetan baleki... lagunarekin bidea motzagoa dela esango luke.

- SORGINA: Toma! Ongi dago, oso ongi... Eta sindikatu buruak?

- ITZIAR: Teorizatzea samurra dela eta lan egiteak dituela bere “biherlekuak”... Ez dago diskurtso teorikoetan bakarrik garatu den herririk...

- SORGINA: Txalo! Eta Barne Sailburuak?

- ARANTZA: Ezer ez dagoen lekuan ez dagoela lapurren beldurrik. Eta ez dugula benda zauria egin aurretik jarri behar...

- SORGINA: Gora anarkia! Eta orain bi andre galantei dagokie txanda.

- HERRITAR 2: Gora behera asko eta handiak edukitzen ditu munduak... eta sarritan denbora gutxian. Dena erlatiboa da.

- HERRITAR 1: Eta harixa korapilatzen bada, zuzentzea zaila izaten dela...

- SORGINA: Enamoratuta dago, bistan da... Orain gaixo faltsuari emango diogu paso.

- AGUREA: Zahartzaroak gauza onik ez du, baina urrineko parienteak baino, auzoko lagunak hobe.

- SORGINA: Arrasate, filosofoa!... Eta aguazilla?

- UDALTZAINA: Eta zu? ... Ulia luze... garunak motz!

- SORGINA: Bravo! Bravo! ... Saltzaile: tokatzen zaizu...

- SALTZAILEA: Diruak pauso bi daukola: etortzeko soseguz eta joateko bizkorra.

- SORGINA: Norbaitek zerbait gehitu nahi al du?

- MIKELEN LAGUNA: Beti esan dute gizon-emakume argiek ikasi egin nahi dutela eta ilunek, ostera, erakutsi...

- SORGINA: Bikain, ... ikastolara ikastera joan nahi duzula esango nuke... Ea ba!

POLIKI-POLIKI ESZENATEGITIK JOAN DIRA DESAGERTZEN, SORGINA EZIK. ETA MIKELEN LAGUNA ETA MONOLOGOLARIA AGERTZEN DIRA OSTERA.

- MIKELEN LAGUNA: Ene motel, zenbat denbora elkar ikusi gabe! Zein da zure bizimodua?

- MONOLOGOLARIA: Sentimendu kontrajarrietan bizi naiz. Alde batetik, pozik lana berriz aurkitu dudalako, baina bestetik triste lehengoarekin eten behar izan dudalako...

- MIKELEN LAGUNA: Betiko leloa! Etsipena... frustrazioa... Eta dena gertatzen da hautaketarako ahalmena dugulako. Aspaldi izan nintzen ni Mondragon izeneko ume baten ama izateko aukera... Eta izan banintz?

- MONOLOGOLARIA: Honez gero amandrea izango zinateke...

- MIKELEN LAGUNA: Ziur al zaude? Eta Mondragon antzu izan balitz?

- MONOLOGOLARIA: Eta antzu beharrean seme-alaba ugari izan balitu? Emakume, balizko errotak irinik ez!... Oinak lurrean ipinita egin behar dugu bidea ...

- MIKELEN LAGUNA: Hala beharko luke... baina zaila da errealitatetik nahia bereiztea...

- MONOLOGOLARIA: Gure adimena inperfektua delako...

- MIKELEN LAGUNA: Hain inperfektuak gara gizakiok!

- MONOLOGOLARIA: Horri esker... perfektuak bagina... akabo! Portzierto...azkenik, esan al dizu Juantxu Arrasatek non dagoen Mondragon umea?

- MIKELEN LAGUNA: Ez, baina nik bihotzean daramat, altxor preziatu bezala.

- MONOLOGALARIA: Egokiena! Bai horixe... Bestalde, berarekin haserretu zaren arren jatorra da Juantxu Arrasate aguretxoa. Ongi ezagutzen dut, aspaldiko laguna da.. Nahi bazenu, beraren gaineko xehetasun ugari eman ahalko nizkizuke! Mondragoni buruz, ordea ezer gutxi dakit. Baina zuk haren izaeraz hitz egingo bazenit... seguruenik nik ere bat egin nezake Mondragoni buruzko oroitzapen magikoarekin!

- MIKELEN LAGUNA: Prest al zaude?

- MONOLOGALARIA: Egin dezagun froga...

- MIKELEN LAGUNA: Niregatik, primeran!... Ba al dakizu zer pentsatzen dudan? Gaurko gure elkartze hau aurkikuntza baten kronika izan daitekeela , eta, iragana iragan, bihar ere eguzkia bikain jaikiko dela.... Aizu... zer moduz emaztea?

- MONOLOGOLARIA: Hor ibiliko da, patioko eserlekuren batean,... baina agertuko da... Hori ez da galtzen!

- MIKELEN LAGUNA: Ai! Ze ipurtarinak zarete gizakumeak...!... Pillin...(eta Monologolariari gerritik heltzen diola desagertzen dira eszenategitik)

- SORGINA (Erratza botatzen du, eranzten hasten da... eta pertsona agertzen da): Bueno, bueno, bueno... Kostata baina auzia bideratu dela uste dut... Hala ere, hemengo hiritarrekin ezin da ezer aseguratu... Ni ere banoa... etxean edukiko dut senarra zain... afaria prestatuta... Txintxoak izan... eta ez ahaztu: lan astunetik deskonektatu, erlajazio ariketak egin, osasuntsu jan, ohiturak aldatu, pentsamendu negatiboetatik aldegin, ... eta zoriontsuak izango zarete... A! Eta hurrengo ospakizunera arte! Beste zazpi mende t´erdi? Batek daki! Ongi bizi!... Bueno, bueno, bueno...

AMAIERA



JOSEMARI VELEZ DE MENDIZABAL

2010ko urriaren 16ko bertsioa

18´39etan amaituta