BILATU

lunes, 30 de marzo de 2020

TXAKURRA PASEATZEN ETA BESTE


Walking the dog
I’ m just a walking the dog
If you dont’ know how to do it
I’ ll show you how to walk the dog 

Egun hauetan leihotik begira etxe aurretik txakurrarekin gora eta behera norbait ikusten dudanean Rolling Stones taldea
datorkit gogora. Britaniarrek duela ia-ia hirurogei urte erakutsi nahi zioten neskari txakurra nola paseatzen zen, eta musikarien musu trukeko eskaintza gogoratu dut, itxialdiaren zama arintzearren batzuek animalien jabeei txakurrak alokatzen dizkietela irakurri dudanean, paseatzea zer den ote dakiten frogatu beharrik gabe. Harri pirritariek neska erakarri nahi zuten txakurrarekiko abileziarekin; orain ari diren burumotz horiek, aldiz, denok baino gehiago direlakoan daude, ergelkeriatik arituz.

Egun hauetan ere irakurri dut (dugu) Munilla gantzagarriari isuna jarri diotela bera autoa gidatzen ari zela beste pertsona bat gidari kidearen tokian eserita zeramalako. Ze arraio! Gotzainari isuna jarri diote humanoa delako, eta denok ditugu gure erorikoak, kontxo! Baina benetan hunkitu nauena izan da, gizartearen aurrean bere burua “apaldu” eta publikoki hiritar guztioi barkamena eskatu izana. Hori bai, gauzak garbi uztearren, eta “umiltasun” keinu zoragarrian albistea filtratu zuena berak barkatu duela gehitu zuen. Eta galdera datorkit: barkamena guri eskatu, zergatik? Eta arau haustura ezagutu izan ez bagenu?... Munilla, gogora ezazu: zoritxarrekoak umeak eskandalizatzen dituztenak... Hobe litzateke harri bat lepoan lotu ondoren  itsas hondora jaurtiko balira. Nork hitz egin zuen horrela? Ondotxo dakizu zuk hori…
Argazkia: Ekain

Nire txalo partikularra txalotzen dutenentzat

lunes, 23 de marzo de 2020

BALTIMORETIK OSTERA ERE


Jack Young du izena eta Baltimoreko alkatea da. Sinpatikoa egin zait tipoa, bere garaian Baltimoreko Moore jauna egin zitzaidan bezainbeste. Egia esan behar badut ezingo nuke Baltimore mapan seinalatu. Estatu Batuetan bai, baina hain handia denez gero... galdu egingo nintzateke ahaleginean.

Moore jaunaren historia, eta bere alaba Susanena, Tom Hardin abeslari malditoak eskaini zidan lehen aldiz, 1969an. The lady came from Baltimore zuen titulua abestiak eta biziki atsegin nuen maitasunezko istorio hura, abeslari pobrea eta Moore aberatsararen alabarekin:

I was there to steal her money
Take her rings and run
Then I fell in love with the lady 

Etxeko nire gelan liburu eta apunteekin jotake ari nintzenean Baltimoreko neskaren abentura entzutea lasaigarria zitzaidan azterketen aurreko estresean (egia esan, orduan ez genekien zer zen hori eta larridura esaten genion)

Jack Youngek, berriz, beste istorio bat luzatu digu Baltimoretik, onak eta gaizkileak ere protagonista. Ez digu adierazi horien artetik maitasunaren txinparta piztu ote den. Laburragoa izan da bere mezuan: utz iezaiozue elkarri disparatzeari, ospitaletako gelak beteko ez badira! Horixe eskatu die hiriko pistoladunei, etxean egotera behartu gaituen birusak jotakoek lehentasuna dutelakoan. Niri behintzat Baltimorek, Jack Youngen bidez, ostera arindu dit oraingo entzierroaren larridura (edo, agian, estresa)

lunes, 16 de marzo de 2020

ALGORITMOAK


Enpresa Zientzietako karreraren lehen ikasturtean kalkulu-erregela erabiltzea irakatsi ziguten. Bai, badakit ia-ia
pleistozeneko garaietara joan naizela eta gaur eguneko gazteek ez dutela piperrik ere entzun aparailu horretaz, ezta beharrik ere, ez bada ezagutzaren biltegia aberasteko. Baina urte urrun haietan injineru eta teknikoen jaka urdineko goiko sakelan ikusten zen zorioneko erregela, lanabes harekin tailerretako edozein arazori irtenbide eman ziezaiokeela erakutsi nahi izan balute bezala. Txarrena da batzuk horretaz konbentzituta zeudela.

Egun bada beste hitz bat zirrikitu guztietatik sartzen ari zaiguna eta itxura guztien arabera gure kalamitate guztietarako panazea bihur liteke: algoritmo. Agindu, arau eta mezu konkreturen multzoa bide da -hori esplikatu didate, behintzat- programa baten bidez prozesa daitezkeenak...eta irtenbidea seinalatzen ei du. Bizimodu arrunteko auzietara aplika daitekeela diote -eta nik sinistu nahi banuke ere,  ezina dela pentsatzen dut.

Teknologia edo zientziak gure akats askori ukendu eman diezaiokeenik ez dut ukatuko, inondik ere. Baina bizitza korapiloen askatze prozesuan giza-zentzuna zeharo beharrezkoa da, kalkulu-erregela edo algoritmoak markatzen duenaren kontra joan beharko dugun arren.

lunes, 9 de marzo de 2020

BESTE HIZKUNTZETARAKO ITURRIA


Euskararen jatorriari buruzko hitzaldi baterako deia egin zidaten lehengoan Arrasaten eta biziki eskertu nuen gonbitea, aspaldiko partez gure hizkuntzari
buruz entzun dudan mintzaldirik atseginena izan baitzen. Gorputza eta gogoa lasai utz ditzakezun une horietakoa gertatu zen, hizlariak zioena xamur asko irents zitekeela, publikoari teoriarik bitxienetakoa irudi zekiokeen arren… edo, apika, horrexegatik. Benetan disfrutatu nuen ordutxo bat gehiago iraun ez zuen adibide praktikoz jositako aurkezpena.

Euskararen sorrera denborako gau ilunean kokatu behar delakoan gaude gutariko asko eta balizko datak bost axola badit ere, beti da polita teorietako ur bihurrietan murgil egitea, inolako tesi ortodoxorik bilatzeko asmorik gabe. Iragan eguneko mintzaldiak historia aurreraino eraman gintuen, artean hizkuntzak « inbentatu » barik zeuden garaietaraino, alegia, eta lehen euskaldunak irudiarazi zizkigun hizlariak. Leizeetako protoeuskaldun haien ekintza eta gauzak izendatzeko erabilitako soinu primitiboen lagin zabala aurkeztu zuen, arnas, eztul, hotz, sudur, haitz, hatz eta beste hamaika berbaren nondik norakoaz bere iritzia eskainiz.

Hizkuntzalariek diotenez, hizkuntz batetik bestera desberdinak ditugu erregistro fonologikoak, egia bada ere hizkuntza kultua transmisio idatziak sortua dela - gaztelerak erromantze eta lateran ditu iturri hurbilak- eta hitz soinuen inbentarioek antzerakotasun minimoa badutela. Euskararen aurreko erreferenterik ezak, ordea, abiapuntu ilunean jartzen du beste hizkuntzatarako gurearen ekarpen zalantza gabea. Eta, batek daki!, maileguen katearen abiapuntua liteke gurea.

Agian horregatik bide zioen Koldo Mitxelenak, euskara ere gurea dela. Aurrera Iosu.

lunes, 2 de marzo de 2020

INTERNETEKO MUNDU FALTSUA


Ordu mordoa sartzen dut egunero interneten, gutxiago sare sozialetan. Facebook erabiltzen dut, apurtxo bat, eta beste gainerakoak ez zaizkit interesatzen, ez baitidate probetxuzko ezer eskaintzen. Idazten nuen aurreko batean influencers fenomenoari buruz, baina han nioena beste edozein internet-kolektibori aplika niezaioke, gehienetan baita zikinkeria eta gezurra gailentzen ari. Eta hipokresia lehen lerroko osagaia da, bat ere lotsarik gabe erabiltzen dena. 

Duela egun batzuk Facebookeko nire kontuan ohiko mezua agertu zitzaidan: gaur Sandia Berendiaren urtebetetzea da, bidal iezaiozu mezu bat. Aipatutako lagun hori -Arrasateko hezur mamizko adiskidea, txikitatik- iazko abenduan hil zen. Ez dakit zenbat jarraitzaile izango ginen bere kontuan baina - harrituta oraindik kontua irekia edukitzeagatik- bertara jo nuen eta, arranopola!, 168 lagunek “zorionak eta ondo pasa eguna” eta antzerako mezuak bidali zizkiotela ikusi nuen. “Bihotzeko adiskide” haiekin nire lagunak jai zuela geratu zitzaidan argi.

Sare sozialetarako “lagun aproposak” mila aletako paketekak saltzen dituzten enpresak ugaltzen ari direla jakiteak erraiak iraultzen dizkit, gizakiaren ergelkeriak neurririk ez duelako ideian berretsiz. Amazoneko produktu elektronikoen gaineko erreseñen %61 faltsuak direla jakitean, zer esan jasotzen ari den gezurrezko mundu horretaz?

Argazkia: wikipedia