Euskararen
jatorriari buruzko hitzaldi baterako deia egin zidaten lehengoan Arrasaten eta
biziki eskertu nuen gonbitea, aspaldiko partez gure hizkuntzari
buruz entzun
dudan mintzaldirik atseginena izan baitzen. Gorputza eta gogoa lasai utz
ditzakezun une horietakoa gertatu zen, hizlariak zioena xamur asko irents
zitekeela, publikoari teoriarik bitxienetakoa irudi zekiokeen arren… edo,
apika, horrexegatik. Benetan disfrutatu nuen ordutxo bat gehiago iraun ez zuen
adibide praktikoz jositako aurkezpena.
Euskararen
sorrera denborako gau ilunean kokatu behar delakoan gaude gutariko asko eta
balizko datak bost axola badit ere, beti da polita teorietako ur bihurrietan
murgil egitea, inolako tesi ortodoxorik bilatzeko asmorik gabe. Iragan eguneko
mintzaldiak historia aurreraino eraman gintuen, artean hizkuntzak
« inbentatu » barik zeuden garaietaraino, alegia, eta lehen
euskaldunak irudiarazi zizkigun hizlariak. Leizeetako protoeuskaldun haien
ekintza eta gauzak izendatzeko erabilitako soinu primitiboen lagin zabala
aurkeztu zuen, arnas, eztul, hotz, sudur, haitz, hatz eta beste hamaika
berbaren nondik norakoaz bere iritzia eskainiz.
Hizkuntzalariek
diotenez, hizkuntz batetik bestera desberdinak ditugu erregistro fonologikoak,
egia bada ere hizkuntza kultua transmisio idatziak sortua dela - gaztelerak erromantze
eta lateran ditu iturri hurbilak- eta hitz soinuen inbentarioek antzerakotasun
minimoa badutela. Euskararen aurreko erreferenterik ezak, ordea, abiapuntu
ilunean jartzen du beste hizkuntzatarako gurearen ekarpen zalantza gabea. Eta,
batek daki!, maileguen katearen abiapuntua liteke gurea.
Agian
horregatik bide zioen Koldo Mitxelenak, euskara ere gurea dela. Aurrera Iosu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina