BILATU

uztaila 27, 2015

NESSEKO LEGENDA ZAPUZTUTA



Galeretara bidaliko nuke Steve Feltham hiritarra, bere zigorra inoiz kitatu ahal izateko aukerarik gabe. Zein den bere hutsa? 

Ness lakua
Irakurle zintzoa: zuk uste al duzu normala dela inoren bizitzako tarterik luzeena legenda mugagabe bat bilatzen ematea, azkenik ezer legendario horren gaineko mugaketarik lerdoena egiteko? Ba, horixe gauzatu du aipatu zientifiko (?) horrek, mende laurden bat Ness lakuko munstroaren atzetik inbertitu ondoren. Feltham buru argiaren iritziz, Nessi ospetsua siluro bat ei zen. Eta lasai asko geratu da unibertsitateko bere katedran. 

Uribarri Ganboa
Mende erdia baino gehiago daramat aintzira (artifizial) baten uretan nabigatzen eta aitortu behar dut Nessekoaren antzerako zerbait ikusteko esperantza izan dudala beti. Ikaragarri gustatuko zitzaidan, arraunean noan goizalde lanbrotsu batean nire txalupatxoaren ondoan, tupustean, izaki definiezinen bat agertzea. Nire irudimenak egundo eskertuko luke une hori bizitzea. 

Steve Felthamen moduko pertsonaiak goitik beherainoko frustratuak direlakoan nago, eta beren tesi zientifikoaren emaitza buru desorekatik bakarrik uler daiteke . Legenda baten bila ibili eta siluro batekin amaitu! Halakorik! 

Ba hori, galeretara, betiko.

Argazkiak: Wikipedia (Ness) eta JMVM




 

uztaila 20, 2015

NI, ZER IZANGO NAIZ?



Handitzen nintzenerako nire iragarpenak ez nituen handitu nintzen arte ezagutu. Esan nahi dut ez ninduela sekula ezelako bokaziok erakarri eta nire lanbidetik nondik bideratuko nintzen ezezaguna izan zitzaidan 1967ko irailaren goiz eguzkitsu batean ESTEn matrikulatu arte. 

Irakurgai aproposak erabili nituen arren - oraindik, adibidez, nire bibliotekan daukat "Yo qué seré" liburuxka, teorian behintzat bokazioa aurkitzen nerabeoi lagungarri gertatu behar zitzaigun gida- itsu moduan ibili nintzen nirea topatzen. Nahiz eta denetariko pistak eskaini zizkidan liburu hark nirekin ez zihoan nire burua apaiz, mediku, ingienari, negozio gizon, epaile, maisu ... bilakatzea, testuaren egileak aztertutako profesio batzuk aipatzearren.

Bitxia da, erregimen faxista militarista pairatzen bagenuen ere, liburuak ez zuela pistarik ematen militarra edo politiko bihurtzeko ezinbesteko nolakotasunez. Arrazoia da, zirkulu itxi haietarako bokazio baino gehiago kaudilloaren bedeinkapen sakrosantoa behar zela, eta hori ez zen liburuetatik eskuratzen. 

Gaurko gaztetxoek militar eta politiko bilakatzeko aukerak eskura dituztela ikusita, argiagoa al da orain horien balizko "Ni, zer izango naiz?" zalantzagarriaren erantzuna?

uztaila 13, 2015

KARLISTEN ERREKONKISTA



Arrasaten geneukan igerileku ederra aipatuz, XX.aren berrogeitamarretan nagusi genuen moralari buruz idatzi nuen iragan astean . Besteak beste nioen, herriko gizakumeok bakarrik genuela instalakuntza moderno haietara sartu ahal izatea, zeharo debekatua baitzegoen emakumezkoen presentzia. Ekimen pribatuaren ildotik ireki zen piszina hura eta enpresaburuen mentalitate, berez, atzerakoiari garaiko erregimen faxistaren arau estu eta birrintzaileak gehitzen zitzaizkion, gizarte giro gris ilunean. 

Denboran nire artikuluak bat egin zuen Asturiasetik iritsitako albiste bitxi batekin. Karlista asturiarrek duela hirurogei urteko lelo moralizakor harekin segitzen dute, hondartza eta igerilekuetako sexu bereizketa aldarrikatuz, espainiar gizartearen desbideratze demoniakoari balazta jartzeko. Hori dela eta, Sixto erregegaiaren segitzaile asturiarrek 1958ko irizpideak berpiztu dituzte, espainiar errekonkista berri baten premia exijituz. Urte hartako aitorpenean, Ortodoxia eta Moralitaterako  Gotzainen Batzordeak zioen, beste harribitxi batzuen artean:

"Presentan especiales peligros las excursiones campestres, con baño mixto en un estanque o río; pues a los inconvenientes del baño público en general hay que añadir los que provienen de la frivolidad, ligereza y excesiva libertad de un día de excursión" 

Ba hori, bejondeiela polita karlistei!