BILATU

lunes, 30 de julio de 2018

FRANCO HILTZAILEA


Oraindik itxoiten ari gara gure etxean, azken gerrako irabazleetako norbaitek barkamena eskatu edo, behintzat, damu-sentimendurik ager diezagula, sendian eragindako sarraskia dela eta. Laurogei urte luze eman dira faxistek legea hanka azpitik pasatu eta zezen larrua oraindik itxi ez diren zauriz bete zutenetik... Egun 1936ko hiltzaile haien seme-biloba asko gurutzaldi berri baten beharra ikusten ari dira, euren aberri sakrosantuan Francoren izpirituak agintzen jarrai dezan.

Uste dugun baino gehiago dira, zalantzarik gabe. Irudi genezakeen baino ausartagoak ditugu, entramatu judizial eta zigorrerazleak lagun. Eta gu hemen, inozo akaberakook, nonbaitetik argi printzak iritsiko zaizkigula pentsatuz. 

Franco hiltzailea ohean zendu zen; hilda ere, sekula ez zen haren gaiztakeria epaitu; areago, urtetik urtera ahazturaren hodei interesatuak lausotuago proiektatu du oraingo gizartearen begietara militar absolutistaren historia beltza. Eta irrazionaltasunaren garroek giza inteligentzia zalantzan jarri du.

Baina ez; frankismo birrintzailearen testigantza defendatzeko eta salakuntzari tinko eusteko pertsona bakar batek ere bizirik dirauen bitartean historiako aro hura madarikatzeko eta erantzule haien (eta gaurkoen) izen eta izana deitoratzeko bezainbeste adorea izango da gure artean. Bizia kosta dakigukeen arren.

lunes, 23 de julio de 2018

DENA EZ DAGO GALDUTA


Amaitu ziren futboleko mundialak eta esan behar dut ez diodala norgehiagoketa horri minutu bat ere eskaini. Gutxi gora behera azken lau txapelketetan bezala. Eta sarritan azpimarratu dut futbola, kirol bezala, atsegin dudala, ez hainbeste praktikalari gisa ikusle pasibo moduan baizik. Baina ezin diot amorruaren agerpenari eutsi kirolez gain futbola nagusikeriaren erakuspen zikina izatera heltzen denean.

Aitorpena eginda, ordea, Errusiako mundiala hiru mila milioi teleikusle baino gehiagok jarraitu dutela jakiteak, nire eta gizarte arruntaren artean disfuntzio bat dagoela  pentsarazten dit, zerbait ez dabilela ondo. Eta engranaiak bere akatsak baditu, ni non nagoen eta zertan gera naitekeeneko kezka puntuak ikutzen nau. Hain despistaturik nabil, bizitzak nondik jotzen duen ez naizela oraindik ohartu? Izan ere, hiru mila milioi pertsona asko dira, ezta?

Azken egiaztapen horrekin, dena den, argi pixka bat ere heldu zait, bat patean konturatu bainaiz, oraindik gutxienez bagarela beste horrenbeste gizakume eta emakume tele aparailuaren aurrean jarri ez garenok. Eta multzo hori ere dezente handia dela. Eta guztia ez dagoela galduta ondorioztatu dut bigarren egiaztapen horretatik. Lo egitera lasai joateko gonbidatu nauena.

lunes, 16 de julio de 2018

SENTIMENDUETARA AINGURATUTA


Nire bizitzaren lehen aldiz ospitalizatu behar izan naute. Orain arte kirofanoko giroa eleberri eta pelikulen bitartez bakarrik ezagutzen nuen, baina iragan astean zuzeneko konexioan jarri naute anestesiarekin eta ebakuntzaren osteko suspertzea nire baitan frogatu dut. Ez da ezer larria izan baina esperientzia txiki honen kariaz pertsonon hauskortasunari buruzko  hausnarketa xehe bat piztu da ostera nire baitan. 

Ez gara ezer, nahasi kimiko bat baizik, sentimendu batzuetan ainguratuta.  Eta formula kimikoen katean eragile arrotzen batek ikutzen duenean eraikin fisikoa dardaran jartzen da, erortze osoaren arriskuarekin. Auskalo nola sortu zen bizia! Auskalo zenbat konposaketa eta erreakzio desberdin eman behar izan diren, garenera heltzeko. Eta suposatzen dut katea ez dela amaitu eta prozesu ebolutiboan segitzen dugula. 

Baina sentimenduak? Emozioak? Nola sortu ziren ez dakidan arren, konbentzituta nago eurak direla gure azkarria eta ez dagoela euren kontrako elementu ezabatzailerik. Xume-xume esanda, horiei esker bizi gara. Gainerakoa kimika da.

Argazkia: JMVM

martes, 10 de julio de 2018

SETIENEKIN HIZKETAN


Idazle bezala inoiz izan dudan atrebentziarik handienetakoa - handiena ez esatearren- Jose Maria Setien gotzainari egin nion elkarrizketa da. Euskal Herriko pertsonaiarik adierazgarrienei eskaini genien lekutxo bat Euskonews aldizkarian 1998an eta balizko elkarrizketatuen artean Donostiako eliz-barrutiko buruzagi ohia zegoen, jakina.

Garaiz ibili nintzen eta galdetegia ongi prestatua eraman nuen Gros auzoko bion arteko bilkura hartara. Hala ere, urduri nengoen, hain gizon presturen aurrean nik menderatzen ez nuen gaian egin nezakeen erridikuluari beldur. Baina Setienek berak elkarrizketaren hastapenetatik zubi aproposa ahalbidetu zuen gure artean eta amaierara bizirik heldu nintzen.

Elkarrizketa hura beste hamabirekin batera "Ba dok hamairu" nire liburuan atera nuen eta Miramar Jauregian burututako aurkezpenean Setien bera ere azaldu zen. Harritu egin zen publikoki aitortu nuenean gotzairengan gizon hurbila aurkitu nuela. Eta halaxe zen, oso solasaldi atsegina izan baikenuen, kontziente naizelarik Setienek ahaleginak egin zituela ni eroso senti nendin. 

Orain,  Jose Mari Setienen heriotzean, elkarrizketa hura berreskuratzen dut, gotzain ahaztezinari eskerroneko keinua adieraziz.

Euskaraz:
Gazteleraz:
Ingelesez:

Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal

lunes, 9 de julio de 2018

ERREGE-PARASITOA


Urdangarinen gainera lehen susmoak erori zirenean nire blog honetan Aristotelesen esaera bateko kalifikazioarekin neurtu nuen orduko erregearen suhia: parasito. Zazpi urte eman dira ordudanik eta berriro nator oraingo erregearen koinatuarengana, honez gero kartzela-erregimenari hiru astetako zukua atera diona. Eta zoritxarrez Aristotelesena erabiltzen jarraitu behar dut, hura lapur izatearen gastua diru publikoarekin garbitu behar baita, ez baitago eskubaloiko jokalari ohiak lapurtutako diru publikoa gehi bere interesak berreskuratzerik.

Lapurren artean ere, Jesusen gurutzearen ondokoetan bezala, mota desberdinak dira. Eta zumarragatarra, argi eta garbi, ezkerrean esekita egongo zen, ez baitu emaztearen etxean ikasitako ohitura txarrarengatik damurik erakutsi, inondik ere. "Egia osoa diotsut: gaur nirekin batera paradisuan egongo zara" agindu zion Jesusek bere eskuinekoari. Eta inon egiaztatuta ez dagoen arren, suposatzekoa da Jesusez gain bi lapurrak ere hil zirela arratsalde hartan Kalbarioan. Baina Jesus itzuli egin zen, berpiztuta. 

Paradisuko bere txokotxoa baino Jerusalemeko giroa nahiago izan bazuen Jesusek, ez al zen zeruan lapur ona damutuko ordu batzuk lehenago gurutzean eginiko aitorpenarengatik? Ni ziur nago suposamendu horri sinetsita ez duela Urdangarinek barkaziorik eskatu. Eta lurreko irabaziak nahiago izan dituela bake izpirituala baino, lapur gaiztotzat hartzen badugu ere. Bada, hori, parasito. Errege-parasitoa.

https://txemax.blogspot.com/2011/11/inaki-urdangarin-eta-aristoteles.html