BILATU

uztaila 23, 2018

DENA EZ DAGO GALDUTA


Amaitu ziren futboleko mundialak eta esan behar dut ez diodala norgehiagoketa horri minutu bat ere eskaini. Gutxi gora behera azken lau txapelketetan bezala. Eta sarritan azpimarratu dut futbola, kirol bezala, atsegin dudala, ez hainbeste praktikalari gisa ikusle pasibo moduan baizik. Baina ezin diot amorruaren agerpenari eutsi kirolez gain futbola nagusikeriaren erakuspen zikina izatera heltzen denean.

Aitorpena eginda, ordea, Errusiako mundiala hiru mila milioi teleikusle baino gehiagok jarraitu dutela jakiteak, nire eta gizarte arruntaren artean disfuntzio bat dagoela  pentsarazten dit, zerbait ez dabilela ondo. Eta engranaiak bere akatsak baditu, ni non nagoen eta zertan gera naitekeeneko kezka puntuak ikutzen nau. Hain despistaturik nabil, bizitzak nondik jotzen duen ez naizela oraindik ohartu? Izan ere, hiru mila milioi pertsona asko dira, ezta?

Azken egiaztapen horrekin, dena den, argi pixka bat ere heldu zait, bat patean konturatu bainaiz, oraindik gutxienez bagarela beste horrenbeste gizakume eta emakume tele aparailuaren aurrean jarri ez garenok. Eta multzo hori ere dezente handia dela. Eta guztia ez dagoela galduta ondorioztatu dut bigarren egiaztapen horretatik. Lo egitera lasai joateko gonbidatu nauena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina