BILATU

lunes, 26 de junio de 2017

HIL OSASUNTSUAK

Migel Unamunok zioen kontzientzia gaixotasun bat dela. Gizaki guztiok, beraz, gaixo gaude. Silogismo zitekeen hori nirea da. Baina oker nabil, izan ere gizaki izateak ez du berez kontzientzia bermatzen. Historiak hamaika kasu adierazgarri eskaini ditu, bat ere kontzientziarik ez zuten (duten) pertsonei dagokienez. Eta, beraz, Bilboko filosofoari jarraiki, euren sentimendu hurbiletan bibraziorik antzematen ez duten horiek, kontzientziadunak baino osasuntsuagoak al dira? EZ borobila.

Unamunok teoria polita bilbatu zuen bizitzaren sentimendu tragikoaren inguruan. Polita eta, bide batez, interesgarria filosofiaren mugak beti gizakiarenekin batera hedatzen eta murrizten direla konprenitzeko. Konbentzituta nago, filosofo izateko bat ere gogorik gabe, gizakiok bizitzari zentzu positiboa emango badiogu derrigorrez heldu eta astindu behar dugula naturak opariturako kontzientzia. Eta Unamunorengana berritzuliz, kontzientziari esker bizi gara gure gaixotasunean. Kontzientziarik ezekoak, aitzitik,  hilik daude euren osasunean.


Argazkia: JMVM

lunes, 19 de junio de 2017

LAPURREKIN BUELTAKA



Esaten dut nik esku zuriko lapur espainiarrek ez dutela literatura laket. Jardiel Poncela antzerkigileak aspaldi-aspaldi utzi zuen idatzita "Lapurrok jende ondratua gara", lehenik antzokietan eta geroago zine aretoetan egundoko arrakasta izan zuena. Ez dirudi, ordea, inoren ondasunetarako zaletasun ez osasuntsu markatua erakutsi duten txorizo guzti horiek aipatu obra literarioaren hariak nondik jotzen duen dakitenik, ezta - noski- euren buruei aplikagarria izan ote daitekeen inoiz pentsatzeko bidea aztertu dutenik ere. 

Bada, gizon, ekintzaren ondorioz harrapatu bazaituzte... zer egingo dugu! Pena da baina aitortu behar duzu zorte txarra izan duzula, gutxien espero zenuenean huts egin duzula, eta orain gaizki egina ordaintzea dagokizula. Nahi baduzu, kontrizioko oinazea onartuko nizuke zigorra arintzeko; areago, zuzentzeko proposamena azalduko bazenu prest nengoke - lapurtutakoa itzuli ondoren, hori bai- zigorra ziega eroso batean eman dezazula onartzeko. Ikusten duzun moduan, esku zabal izan ninteke zurekin.

Baina, jakina, lehenik aitortu behar duzu eskua luze joan zitzaizula eta, baietz, patrikara eraman zenuela zurea ez zena.  Aitzitik, Granados, Messi, Lopez Madrid, Ronaldo (badakit futbolista horiek ez direla espainiarrak, baina bai horien iruzur multimiloikoa txalotzen dutenak), Aurrezki Kutxen erreskatearengatik 60.000 milioi euro ordainarazi dizkigutenak, Urdangarin, Gonzalez, Barcena, Crespo...eta jendilaje horren antzera, bistakoa ukatzen segituko bazenu nik bizitza osorako kartzela eskatuko nuke zuretzat, ostutakoa inoiz agertuko balitz ere. 

Dena den, ahaztu esandako guztia,  ni ez bainaiz justizia andrea.

Argazkia: JMVM

lunes, 12 de junio de 2017

LAN ONAREN BIDEETATIK, JUBILATU ONDOREN ERE



Idazten nuen aurreko batean klase pasibokook bizitzari begiratzeko dugun talaia bereziaz. Amaitu ziren eguneroko betebehar ordainduari ekiteko abisatzen zigun iratzargailuaren deiak; betiko ahaztu genuen hil amaierako balantze ekonomikoaren emaitza zenbaki beltz ala gorriz idatzita agertuko ote zitzaiguneko kezka itogarria; hitz batez, lan profesionalari amaiera eman genion eta eguneko hogeita lau orduak bestelako edukiez betetzeko agertu ginen prest. 

Jubilazioaren inflexioko puntuak aukeren espektroa ireki zigun eta mundu berri bat agertu zen gure begien aurrean. Horregatik gaurkoan txalo beroa eskaini nahi diet nire ikaskide ohi biri, garbi erakutsi baitute ibilbide profesionaletik at ere bide ugari direla lan onerako.

 Migel Luisek bere pintzelekin eta Fernandok argazkiekin, bizitzak begitarte zoriontsuak etengabe eskaintzen  dituelako frogak eman dizkigute. Hori bai, horretarako espazioaren bila atera behar da, eurek egin duten bezalaxe.

Migel Luis Agirrezabalen margo erakusketa dugu, Zarautzeko Lukas Ardotegian, ekainaren 22ra arte.
Fernando Martinez Sarasketak erakusketako margoak erretratatu ditu


















lunes, 5 de junio de 2017

e5


Hala titulatu du Eusko Ikaskuntzak berriki abian jarri duen egitasmoa, erakundearen 2018ko mendeurrena ospatzeko burutuko duen XVIII Kongresuaren barruan. Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen. Horixe dugu e5. 

Eusko Ikaskuntza ezerk definitzen badu,  sortu zenez geroztik euskal esparru orotarikoan berrikuntzaren bila jarduteko bokazioa da. Eta erakundeak euskararen osasuna izan du betidanik bere kezkarik handienetakoa. Horratx, urruti joan gabe, bere baitatik Euskaltzaindiari bizitza propio eskaintzea. 

Ehun urte geroago ere, egungo mekanismo aproposak
erabiliz, hizkuntza-adituen konpromiso aktiborako deia egin du. Aktiboa eta jarraikia, hain zuzen, euskalgintzaren krisia kronikoa baitugu, beste hizkuntzekiko indar-korrelazioak garbi azaltzen duen moduan.

Etorkizuna ez da inoiz ailegatzen, baina egunero ari gara geroa baldintzatzen. Bejondeiola e5i!

Argazkiak: Eusko Ikaskuntza

lunes, 29 de mayo de 2017

POLITA IZAN DA



 ASUN, EDUARDO ETA GLORIOSOAREN ZALE JATORREI, AUPA BATEKIN
Iragan ostegunean idatzi nuena gogoratuz ekingo diot gaurkoari. Zinez baieztatzen dut, leinu batekiko identifikazio hurbiletik sortu zitzaidala deskribapena.  Uhin zuri urdinaren erdigunean ikusi nintzen une batez eta adiskide askoren eskutik helduta sentimendu "gloriosoa"z bat egin nuen.

Larunbateko ordu berantiarrek, ordea, euforiaren desaktibazioa ekarri zuten eta pena puntu batek goibeldu zuen nire animoa, baina suspertu egin nintzen ametsak iraun duen bitartean polita izan dela pentsatu bainuen. Eta bizitzak halako azeleragailuak behar dituela egiaztatzeko prest nengokeela iruditu zitzaidan. Horrek ez du adierazi nahi futbol zelaietako bezero bihurtuko naizenik. Baina agian hobeto uler nitzake  astero-astero beren herri sentimenduak estadiumetako harmailetatik haizatzen dituzten zaleak. Bada hori, futbol finalari nire tartetxoa ere eskaini diodala, eta merezi izan du.

Argazkia: Eduardo Valle