BILATU

otsaila 27, 2017

IUSTITIA EZ DA JUSTICIA



Nik daukat inpresioa, distantziatik begiratuta, hori bai, espainiarren justizia ez dela zuzen aplikatzen ari. Erreferentziez egiten dut berba, baina iruditzen zait pertsonala ez dabilela oso pozik. Ikusitakoa ikusita, justiziaren jario kontrolaezina katxondeotzat hartzen dutela ematen du. 

Erromatarren garaitik Iustitiari  balantza eta ezpata batekin marraztu zaio, begiak estalita darakutsala.Justiziaren ikono horrek epaitegi eta auzitegiak apaintzen ditu, errege elefante hiltzaile batek zioen bezala, justizia denontzat berdina dela gogora dezagun, antza. 

Baina, diodan moduan, nik uste dut gauzak ez direla erakutsi nahi zaizkigun bezain errealak. Eta iustitiaren ezpata gizarte mailarik apalenetako hiritarren kontra  erabiltzen dela esango nuke,  balantzan -sentsiblea, guztiz- pisu txikiko bekatuak bakarrik jar daitezkeen bitartean. Begietako bendak, berriz, txorizo, karka eta jendilaje aristokratiko eta potoloaren delituak ez ikusteko balio du. 

Iustitia ez da justicia.

otsaila 20, 2017

UDALTZAIN GORRIAK?


Azken hirurogeita hiru urteotan nire herri-egoitza jarraikia izan deneko udaltzaingoa zalantzan bide dago zerbitzuko orduetan suzko armarekin ihardun ala ez. Hori behintzat islatu da hedabideetan eta hala izango da. Ez noa ni sartzera deitzen ez nauten tokietara eta, beraz,  erabaki dezatela agintariek udaltzainek pistola eraman behar ote dutenentz.

Baina ni ere zalantzan nago  herriko udaltzainen zerbitzuari dagokion beste puntutxo batean eta armekin zerikusirik ez duela uste dudan arren,  gustatuko litzaidake norbaitek  iluneko puntutxoa argitzea.  Begira:

Udaltzaintzaren egoitza barruan inor ez dagoenean, azken bi urteotan gutxienez, karteltxo bat zintzilikatzen dute atean. Zerbitzuaren etenarengatik bisitariari sor lekizkiokeen eragozpenak direla-eta barkamena eskatu ondoren, niri duda jaioarazten didaten hitzak irakurtzen dira: mila ezker. Udaltzain guztiak gorriak ote?

Argazkia: Goiena

otsaila 13, 2017

BENETAN AHAL DU?



Botereak usteldu egiten du eta erabateko botereak... goitik behera. Horrela zioen pentsalari ospetsu batek eta eguneroko praktikak argi asko erakusten du intelektual hura ez zebilela oker. Botereari mugak jarri behar zaizkio demokraziaren zutaberik sendoena eroriko ez bada. Baina bestalde, egia da ere botereak ahuldu egiten duela... eta botererik ezak are gehiago. Beraz? 

Asteburuan alderdi politiko baten ordezkariak bilduta egon dira euren kongresu nagusian eta nola amaitu den ezaguna den arren auskalo nola bideratzen den prozesu berria. Dakidana da, gaurtik antzeman genezakeela alderdi horrek hautatzen duen bideak zerikusirik ote duen botere bakarreko demokraziarekin ala ateak zabalik geratzen zaizkion botere konpartitutako demokraziari.

Podemos-ek ez dio bere buruari bidea erraztu estatuko politikagintzan demokraziaren freskotasun suspertzailearekin jarduteko. Hastapenetako itxaropenetik oraingo ekaitz nahastailera pasatu da bere burua akabatzeko antzez-tragediarantz gidatu baitu, espektakuluaren lekukook gidoia  ulertu gabe.

otsaila 06, 2017

AMAZONEN AUTOBIDEAK

Iragan mendeko hirurogeien amaieran geunden.  Donostiako EUTGren instalakuntzetatik,  gure aurrean eraikitzen ari zen errepideko testiguak ginen. Azpiegituraz gehien zekitenen esanetara "autobidea" genuen obra hura, eta nik nirekiko galdera egiten nuen,  probintzia barrukooi Donostiara iristeko bide berri hark zein nolako abantailak ekarriko zizkigun (1) Gero, Auñamendi Entziklopedian irakurri ahal izan genuen AP-8 autobidean kotxeek 100 kilometro orduko abiadura hartu ahal izango zutela. 

Urteak igaro dira, kotxea "aparkartzen" hasi naiz garraio publikoaren mesedetan, eta AP-8 autobidean gero eta konplikatuagoa da ordubete batean 100 kilometro egitea, etengabeko obrak direla eta. Eta hara non, orain irakurtzen
dugu etorkizun hurbileko errepideen diseinua patentatu duela Amazon enpresak. Horren arabera,  autobideak eta beribilak elkar konektatuta egongo ei dira trafikoaren jariora egokitzeko. Automobil autonomoak arazorik gabe zirkula daitezen autobideko erraila identifikatuko du sistemak. Eta, gehitzen dut nik,  Amazoni esker kontrolatuagoak egongo gara.

Baina iruditzen zait hori guztia beranduegi datorrela niretzat.

(1) Donostiarrek ez zekiten non zegoen probintzia.

Argazkiak: DEIA, Amazon