BILATU

lunes, 6 de febrero de 2017

AMAZONEN AUTOBIDEAK

Iragan mendeko hirurogeien amaieran geunden.  Donostiako EUTGren instalakuntzetatik,  gure aurrean eraikitzen ari zen errepideko testiguak ginen. Azpiegituraz gehien zekitenen esanetara "autobidea" genuen obra hura, eta nik nirekiko galdera egiten nuen,  probintzia barrukooi Donostiara iristeko bide berri hark zein nolako abantailak ekarriko zizkigun (1) Gero, Auñamendi Entziklopedian irakurri ahal izan genuen AP-8 autobidean kotxeek 100 kilometro orduko abiadura hartu ahal izango zutela. 

Urteak igaro dira, kotxea "aparkartzen" hasi naiz garraio publikoaren mesedetan, eta AP-8 autobidean gero eta konplikatuagoa da ordubete batean 100 kilometro egitea, etengabeko obrak direla eta. Eta hara non, orain irakurtzen
dugu etorkizun hurbileko errepideen diseinua patentatu duela Amazon enpresak. Horren arabera,  autobideak eta beribilak elkar konektatuta egongo ei dira trafikoaren jariora egokitzeko. Automobil autonomoak arazorik gabe zirkula daitezen autobideko erraila identifikatuko du sistemak. Eta, gehitzen dut nik,  Amazoni esker kontrolatuagoak egongo gara.

Baina iruditzen zait hori guztia beranduegi datorrela niretzat.

(1) Donostiarrek ez zekiten non zegoen probintzia.

Argazkiak: DEIA, Amazon

No hay comentarios:

Publicar un comentario