Enpresa
Zientzietako karreraren lehen ikasturtean kalkulu-erregela erabiltzea irakatsi
ziguten. Bai, badakit ia-ia
pleistozeneko garaietara joan naizela eta gaur
eguneko gazteek ez dutela piperrik ere entzun aparailu horretaz, ezta beharrik
ere, ez bada ezagutzaren biltegia aberasteko. Baina urte urrun haietan injineru
eta teknikoen jaka urdineko goiko sakelan ikusten zen zorioneko erregela,
lanabes harekin tailerretako edozein arazori irtenbide eman ziezaiokeela
erakutsi nahi izan balute bezala. Txarrena da batzuk horretaz konbentzituta
zeudela.
Egun
bada beste hitz bat zirrikitu guztietatik sartzen ari zaiguna eta itxura
guztien arabera gure kalamitate guztietarako panazea bihur liteke: algoritmo.
Agindu, arau eta mezu konkreturen multzoa bide da -hori esplikatu didate,
behintzat- programa baten bidez prozesa daitezkeenak...eta irtenbidea
seinalatzen ei du. Bizimodu arrunteko auzietara aplika daitekeela diote -eta nik
sinistu nahi banuke ere, ezina dela pentsatzen dut.
Teknologia
edo zientziak gure akats askori ukendu eman diezaiokeenik ez dut ukatuko,
inondik ere. Baina bizitza korapiloen askatze prozesuan giza-zentzuna zeharo
beharrezkoa da, kalkulu-erregela edo algoritmoak markatzen duenaren
kontra joan beharko dugun arren.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina