A long, long time ago,
I can still remember how
(Don McLean. American pie)
Bai, aspaldi ezagutu nuen Ramon Jimenez "Zape" Uribarri Ganboan eratutako jai ekitaldi batean. Auskalo zenbatgarrena izango zen hura Gasteizko artista komikoak bere bizitzan eskainitakoen artean. Nik, aldiz, lehen aldiz nuen Zape aurrean eta oraindik ere oroitzen dut nigan utzi zuen zapore atsegina. Emanaldira aurreiritzi batekin joan nintzela aitortu behar dut, garaiko Txomin del Regatoren klon bat izango ote genuen. Erregimeneko irratiek hurbiltzen zizkiguten txominkeria arbuiagarriak eta nazkatuta nengoen Bizkaiko artista (?) harekin.
Baina Ramonek aurki ezabatu zituen nire beldurrak eta gustura egon nintzen ordubete inguruko emanaldian. Gizon jantzia, bekokiz irekia eta umore zuria bikain zerabilena. Horixe aurkitu nuen Zaperengan. Ordurako, Gasteizko Udalak Urrezko Zeledonarekin saritua zen gure gizona.
Eta iragan ostiralean ostera egin dut topo Ramonekin. Bisita egin diogu sarikide batzuek, eta bere laurogeita hamalau urtetako talaiak ahalbidetzen dion lasaitasunetik jairik alaienak opa zizkigun, berak hamarkadatan eskukadaka barreiatu duen bizipoz berdintsuarekin. Segi alaitsu, Ramon!
Argazkia: Julio Roca
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina