BILATU

ekaina 27, 2016

GAUR, HAUSNARKETA EGUNA



Hausnarketa eguna eduki beharko genuke gaur; eta ez, hain zuzen, atzoko ariketa politikoaren emaitza aztertzeko (horrek azterle bezainbeste iritzi ekarriko lizkiguke eta, beraz, ez luke ezertarako balio) baizik eta  hautagaien kanpainako jokaera galbahetik igarotzeko.

Onestasuna eta neurritasuna dira, ene ustez, edozein hautagaik erabili beharko lituzkeen erakusleak. Bietan kale egin dute lau partidu nagusietako ordezkariek. Onestasunak zer ikusi handia du nor beraren kontzientziarekiko zintzotasunarekin eta garbi dago epaiketetako "esan egia, bakarrik egia, besterik gabe, egia" formulak ez duela bat egin hautagai nagusien hitz jario deskontrolatuekin. "Erreka ekarriko dizuet" promesaren antzerako hautes-eskaintza absurduak entzun dizkiegu eta lasai asko oheratu dira gero, kontzientzian dardara bat ere sentitu gabe. 

Bestalde, neurritasunik ezak markatu du ezohiko kanpaina luzea eta hiritarren etxeetara zarata eta harrabotsa eraman dute, eskukadaka. Barraka-feriatik hurbilago egon da espektakulua alternatiba desberdinen eskaintza burutsutik baino. Horren ondorioz, azkenean, boto emaileak ez du jakin izan, urliak zergak jaitsi ala igo egingo dituen,  sandia immigrazioaren alde ala kontra dagoen, berendiak ustelak kartzelaratu ala txalotu egingo dituen... Eta hala ere, botoa eman dugu. Ez daukagu erremediorik.



 

ekaina 20, 2016

OHITURATAKO ANIMALIA


Nork ekaineko ibilbidetik barrena egiten du eta badaki jakin bere idazkien irakurleak gutxitu egingo direla, eguzkiak kalerako deia ozenago iritsarazten baitu; ezagutzen du, ondo ezagutu ere, alper-alperrik dabilela zentro publikoren batera zuzentzen bada arratsaldeko orduetan kontsulta egitera; okertzeko margen txikitxoarekin antzematen du ekaina ere historiara igaroko dela eta sanjoanetako hirugarren eguneko bozka politikoak ez duela berrikuntzarik ekarriko eta lehengo lepotik zintzilikatuko direla zintzarriak; eta abar. 

Hala ere, nork bere gauzatxoak idazten eta argitaratzen segituko du; zentro publikoetara  enegarren aldiz joko du arratsalde beroan, haur inozotasun osoarekin, norbaitek atendituko duelakoan; berriro hurbilduko da hautes-mahaira bere sobretxoarekin, bere botoarekin mirariren bat sor litekeenaren esperantzan...; eta abar. 

Norbaitek  gizakia ohituratako animalia bezala definitu zuen. Ohitura bihurtzeko gertaera behin eta berriz errepikatu behar dela onartzen bada, pertsonok berez atzerakoiak garela pentsatu beharko genuke, gurpil erotik irteteko ezelako zaletasunik gabeak. Ez al da hori tragediaren hurrena?

Argazkia: JMVM

ekaina 13, 2016

BOKAZIO EZKUTUAK. BIZENTE GOIKOETXEA



Nork burutzen dituen formakuntza-ikasketek ez dute bermatzen, inondik ere, bizitza profesionala haiek markatutako bidetik joango denik. Alde batetik, ikasketekin asmatzea loteriaren antzerako froga baita. Bokazioa - berez- oso gizabanako gutxirengan finkatu zuen naturak eta gainerakoengan zintzilik geratu zen, hautaketan zalantzazko karga handia utziz. Bestetik, ikasketetan asmatu arren horien aplikazio profesionala ezinaren hurrena gerta daiteke, lan merkatuak edota beste zirkunstantziaren batek eraginda.

Aurrekoa etorri zait burura, aurten bere heriotzaren
Bizente Goikoetxea
mendeurrena ospatzen ari garen Bizente Goikoetxea euskal musikari handiaren formazio eta lan ibilbideari erreparatu ondoren. Aramaioko bere  etxean ostalaritzan aritu ondoren, lege ikasketak egin zituen eta bulego batean lan egiten zuen bitartean notariatzarako prestatu zuen bere burua. Hala ere, dena abandonatu zuen abade izateko. Apaiztu ondoren musikari heldu zion gorputz eta gogoz.
 

Goikoetxea historiara pasatu da XIX-XX.eko Europako musikari entzutetsu bezala. Seguru asko notario ona izango zen baina musikak altxatu zuen aukeratuen olinpora.

Argazkiak: JMVM 

ekaina 06, 2016

BONBAK INFERNUTIK JAUSTEN DIRA



Oraindik ez zait Obama lehendakariaren Hiroshimako diskurtso ganorabakoaren zirrara txarra guztiz ezabatu. Aitortu behar dut oraingo lehendakari iparramerikarrak ilusioa piztu zuela nigan kargurako hautatu zutenean. Baina bere aurrekoekin gertatu zen bezalaxe, desilusioa dut nagusi zortzi urteren buruan. 

Ez Obama, ez! Hiroshimara ez zen heriotza- zuk zure hitzaldian zenioen moduan-  zerutik erori, infernutik baizik. Mundu aluzinatu baten aurrean hegazkin iparramerikarrek hiritarren heriotza bilatu zuten eta helburu hori ezin zitekeen zerutik iritsi. Zortzi urte lehenago Gernikako herritarren gainera Franco-Hitler bikoteak suntsipena eraman zuen eta 1945ean AEBek bonbardatu zuten hiri japoniarra, bat ere kontzientzia-eragozpenik gabe. 

Gerrak ez ditu zeruak sorrarazten, gizon-emakumeon buru gaixoek baizik. Eta gerrarako prest daudenak psikiatrikoan bakarrik daukate nolabaiteko tratamendua, hau da ero etxe beltzeko infernuan.