Nork ekaineko ibilbidetik barrena egiten du eta badaki jakin bere idazkien irakurleak gutxitu egingo direla, eguzkiak kalerako deia ozenago iritsarazten baitu; ezagutzen du, ondo ezagutu ere, alper-alperrik dabilela zentro publikoren batera zuzentzen bada arratsaldeko orduetan kontsulta egitera; okertzeko margen txikitxoarekin antzematen du ekaina ere historiara igaroko dela eta sanjoanetako hirugarren eguneko bozka politikoak ez duela berrikuntzarik ekarriko eta lehengo lepotik zintzilikatuko direla zintzarriak; eta abar.
Hala ere, nork bere gauzatxoak idazten eta
argitaratzen segituko du; zentro publikoetara enegarren aldiz joko du
arratsalde beroan, haur inozotasun osoarekin, norbaitek atendituko duelakoan;
berriro hurbilduko da hautes-mahaira bere sobretxoarekin, bere botoarekin
mirariren bat sor litekeenaren esperantzan...; eta abar.
Norbaitek gizakia ohituratako animalia
bezala definitu zuen. Ohitura bihurtzeko gertaera behin eta berriz
errepikatu behar dela onartzen bada, pertsonok berez atzerakoiak garela
pentsatu beharko genuke, gurpil erotik irteteko ezelako zaletasunik gabeak. Ez al da hori
tragediaren hurrena?
Argazkia: JMVM
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina