Hausnarketa eguna eduki beharko genuke gaur;
eta ez, hain zuzen, atzoko ariketa politikoaren emaitza aztertzeko (horrek
azterle bezainbeste iritzi ekarriko lizkiguke eta, beraz, ez luke ezertarako
balio) baizik eta hautagaien kanpainako jokaera galbahetik
igarotzeko.
Onestasuna eta neurritasuna dira, ene ustez, edozein hautagaik erabili beharko
lituzkeen erakusleak. Bietan kale egin dute lau partidu nagusietako
ordezkariek. Onestasunak zer ikusi handia du nor beraren kontzientziarekiko
zintzotasunarekin eta garbi dago epaiketetako "esan egia, bakarrik egia,
besterik gabe, egia" formulak ez duela bat egin hautagai nagusien hitz
jario deskontrolatuekin. "Erreka ekarriko dizuet" promesaren
antzerako hautes-eskaintza absurduak entzun dizkiegu eta lasai asko oheratu
dira gero, kontzientzian dardara bat ere sentitu gabe.
Bestalde, neurritasunik ezak markatu du
ezohiko kanpaina luzea eta hiritarren etxeetara zarata eta harrabotsa eraman
dute, eskukadaka. Barraka-feriatik hurbilago egon da espektakulua alternatiba
desberdinen eskaintza burutsutik baino. Horren ondorioz, azkenean, boto
emaileak ez du jakin izan, urliak zergak jaitsi ala igo egingo dituen,
sandia immigrazioaren alde ala kontra dagoen, berendiak ustelak kartzelaratu
ala txalotu egingo dituen... Eta hala ere, botoa eman dugu. Ez daukagu
erremediorik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina