Iraila aurrera doa,
patxadaz niretzat, lan saritu batek goza dezakeen lasaitasunean abandonatua. Eguzkia
beranduago jaiki eta mendi tontorretatik haratago oheratzerakoan lehenago agurtzen
digula birfrogatzen dugu sasoi honetan, ziklo berri bat hastear dagoela ohartuz.
Eta betiko hamaika irudi helezin agertzen dira gogora, mugatasun eta muga
gabeko infinitasunaren arteko marra ikusezina seinalatzen dutenak.
Eta goizeko ihintzak
botak bustitzen dizkidala, zelaitik gora Nana Mouskouri datorkit laguntzan, “Try
to remember” ederra xuxurlatzen didala, eta hegan egiten dut hamaika mugarritan
pausatuz. Bazter berdinetako argazkiak ageri zaizkit supituki, nire
hamarretan, hogeietan, berrogeietan,... hirurogeitamaikatan. Eta jabetzen naiz
jauzi egin dudala bizitza ametsak bata bestearen gainean nire burukoan
pilatzetik eguneko errealitateari fermuki heltzera. Urrutiko irailetako
zuhaixka berdeak horiz tindatu dira eta orduko bide zabalak estutu egin
zaizkit.
Baina aurtengo iraila
ere ederra delako maldan gorako ahaleginari eutsi diot, bidexka berriren bat
aurkituko dudalakoan, Nanarekin kantari.
"Try to remember"
Argazkia: Tere Anda