Eta ostera hastera! Hiritarrok errudunak
izango bagina bezala, berriro eramaten gaituzte hautestontzietara, gure
bozarekin euren ezgaitasun lotsagarria konpondu beharko baikenuen. Jolasten ari
dira gurekin.
Lau hilabeteren osteko porrot politikoak Aristoteles jakintsua bera ere
kolokan jarri du. Greziarrak zioenez, pertsonen eta gainerako animalien arteko
desberdintasuna hitzaren erabileran datza. Filosofo haren iritziz, gizakia da
hitza duen animalia bakarra. Besteek ahotsa dute. Bada, bietatik bat:
Aristoteles oker zegoen edo politikoak ez dira pertsonak.
Hitzaren erabilera adimentsuak elkarrizketa arrazoizkoa ahalbidetzen du,
ahotsa instintuaren adierazpen hutsa den bitartean. Azken lau
hilabeteotan zezen-larruko politikariek erakutsi dute ez direla gai ideiak
elkarri transmititzeko, solaskideari aditzeko. Eta elkartzen dituzten arrazoiei
heldu beharrean bereizten dituztenei atxiki zaizkie, immobilismo lotsagarritik.
Aditzen ez dakien pertsona gaizki hezia dela
erakutsi zidaten aspaldi. Horri gehitzen bazaio bere iritzia inposatu nahi
duela, orduan norbanakoak pertsona izatezko nolakotasuna galtzen du eta
ahots hutseko animalia bilakatzen da. Garbi dago gure zoo partikularra handitu
egin dela iragan lau hilabeteotan.
Argazkiak: Wikipedia
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina