Duela berrogeita hamar urte sortu zen Los
Amis musika taldea, Donostian. Ez dut uste pop munduko musikaren gaineko inongo
entziklopediatan agertuko denik donostiarren izena, baina primeran etorri zait
efemeridea atzera begirada bat egiteko eta "gaurkoak bailiran" orduko
uneak gogoratzeko.
Los Amisekin batera abiatu ginen modernitatearen bidetik Donostiako espazio hertsian, modernitate dei badakioke EUTGko
unibertsitate-ortutxoko giroari. Bertan jarri genuen gure aurreneko hazia, zein
fruitu emango ote zuen jakin gabe, begi zabalik egon arren ezer gutxi
antzeman baikenezakeen gizartearen berezko iluntasun hartan. "Che"
Guevara hil berria zen, jeneral diktadoreak osasuntsu segitzen zuen
bitartean. Liskar sozialak eguneroko ogia genituen, medioak haien
garrantzia ezkutatzen saiatzen ziren bitartean. Bortizkeria politikoa handitzen
zihoan euskal esparruan, egunez egun, batzuetan eragile aktiboak izan arren
gehienetan beldurrak paralizatuta uzten gintuela, espektadore hutsak
bihurtuta. Zurrunbilo hartan Los Amisek otoitzerako deia egiten ziguten,
edota Vietnamgo gerra deitoratzera.
Ikaskideak nituen Eduardo Moreno, Paco Vicente, Luis Escalante
eta Eduardo Ortuzar amiskideak. Haiek aurki gitarrak
utzi eta ibilbide desberdinak -eta hain desberdinak!- hautatu zituzten euren
bizitza proiektuetarako. Gainerakook egin genuen bezala. Orain begiak zabaltzen
ditut eta diktadoreak ikusten ditut, eta liskar sozialak, eta gerrak, eta
bortizkeria politikoa… eta konturatzen naiz otoitz egiteari ere utzi diodala.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina