BILATU

urtarrila 22, 2018

ALFREDO ETXABE´S STYLE



Urte asko dira Alfredo Etxabe ezagutu nuela. Inor gutxiri esango dio ezer izen horrek. Argi dezadan bigarren Eusko Jaurlaritzako lehen Kirol Zuzendaria izan zela, 1980-84 bitartean. Bizkaitar hutsa genuen, hezurretaraino, euskararekin arazoak zituen arren. Gure hizkuntzarekin ez ezik justiziarekin ere txoke egin zuen bere karguko zereginak zirela eta.  Demokraziako lehen urte haietan gobernadore zibilen aginduetara guardia zibilek ezartzen zuten justiziaz ari naiz, bada ezpada ere.

Alfredok, mundu osoko bere kontaktu zabalei esker, Nazioarteko Federazioan sartu zuen isil-isilik Euskal Herriko Sambo Borroka Federazioa. Eta Donostiara ekarri zuen 1985ean Munduko Txapelketa. Guardia Zibilek kartzelarekin mehatxatu bazuten ere, Txapelketa burutu egin zen. Amaieran Etxabek medioetara adierazi zuen: "Estatutu bati eman diot botoa eta hark dio kirola euskal nazioaren eskuduntza dela" 

Berriki irakurri diot Jaurlaritzako Kirol Zuzendariari, bost selekzioren arteko futbol txapelketaz ari direla pentsatzen. Boteprontoko nire hausnarketatxoa doakio: ene irudiz, nazioarteko ezagutzari begira atzera pausoa da, duela hogeita hamairu urteko erakuspen harekin alderatuta; eta, zalantza gabea, balizko errotak irinik ez, hau da, berba gutxiago eta ekimen gehiago. Nahiz eta guardia zibilak, oraindik ere, hortxe dauden.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina