BILATU

iraila 30, 2013

SANMIGELETAN




Ez hain aspaldi nekazal urteari amaiera ematen zitzaion San Migel egunean. Eta naturaren eraginpeko beste aro berri bati ekiten zioten nekazariek, aldi berriak ekarriko zizkien ezustekoen zain, kezkaz beterik. 

Baserritarrak zerura begira bizi zirela esan ohi da, beti fenomeno atmosferikoen preso, ezer gutxi egin zezaketelarik haien presioa gainditzeko. Galdera ikurrarekin jaikitzen ziren baserritarrak eta zalantza edo kezka berdintsuarekin loak hartzen zituen gauero, bizitza-gurpilaren etengabeko martxa neketsutik askatzeko esperantza gutxirekin.

Aurtengo sanmigeletan  puntua jarri zaie azken hilabeteotan gu askoren baitan izandako galdera batzuei eta berdin segitu arren berrietarako atea ere ireki da. Horrela, Sanmigeletan ezagutu dugu datorren urtean enpleguaren joerak maila ez hain negatiboetara joko ei duela (Guindos dixit) Jakin dugu ere ETAk nazio errekontziliaziora (?) deitzen duela bere komunikatuan, ezker eta eskuineko botere politikoek erakundeari jaramonik eskaintzen ez dioten testuinguruan plazaratua. Atzo, San Migel egun aintzatsuan bertan, EAJk “I´m basque” aldarrikatu zuen, amaitzen ari zitzaigun nekazal urtean jelkide askok eta askok “euskalduna naiz” zer den artean ulertzen ez zuten bitartean. Halaber, adierazi zaigu Kataluniako Legebiltzarrak hiru hilabeteko epea eman diola Madrileko gobernuari, erabakitzeko ahalmenaren inguruan elkarrizketa ireki eta ondorengo deliberamendua gauza dadin. Sanmigeletan ere harridura handiz jabetu gara Obamak begi onez ikusten duela Iran guztiz diabolikoarenganako hurbilketa prozesua. 

Eguratsak  ekarriko digunaren zain geratzen gara 2014ko nekazal urte berriari ekiten diogunean. Eta nekazariak bezala, kezkati oheratzen jarraituko dugu, behintzat hurbilen geratzen zaizkigun gaiek egun berrian zer nolako itxura hartzen duten itaungile. Hamabi hilabeteko gurpila zen nekazal urtea. Zalantza eta galdera ikurrez betea. Nekazari (bihurtu) gara denok. 


Argazkiak: 
a) San Migel: wikipedia
b) JMVM 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina