Aurten 360 urte betetzen dira, Mexikon Juana de Asbaje jaio zela. Horrela esanda, ez dakit zenbatek gogoratuko duen izen horrekin sortu zela, espainierazko literaturak emandako pertsonaiarik inportanteenetakoa. Sor Juana Ines de la Cruz-i nagokio, literatura erlijioso eta mundutarrean goi mailara iritsitako emakumea. Eta jatorriz euskalduna, bergararra.
Efemeride txiki hori 2011an dugula ezagutzeak mugitu beharko gintuzke moja horren pertsonalitatea pixka bat gehiago ezagutzera. Efemerideak, normalean, horretarako izan baitaitezke baliagarriak. Eta batez ere – duela 300 urte inguru!- generoaren literaturari abia ipini ziola kontuan edukitzen badugu, uste dut badirela arrazoiak emakume honen inguruko zerbait gehiago jakin dezagun.
Juana de Asbaje jaio zenak Bergarakoa izan bide zuen aita –Pedro de Asbaje- oraindik jaiotagiria aurkitzeke badago ere. Egunera arteko ikerketek ez dute fruiturik izan eta Sor Juana Ines de la Cruzen aitaren aldeko sorlekua zulo beltz bat bezala agertzen da mojaren biografian. Hori bai, euskalduna zela garbi dago, Sor Juana Inesek berak aitortzen baitu bere jatorria bere obren bigarren tomoan eta, gainera, zenbait poematan euskarazko esaldiak agertzeak euskal nortasuna ematen diote poetisaren obra erraldoiari.
Sor Juana Inesen obraren garrantziaz jabe gaitezen, gogora dezadan Octavio Paz Nobel Saridunak bere ikerketa lanik garrantzitsuenetakoa eskaini ziola 1982an, “Sor Juana Ines de la Cruz o Las trampas de la fe” deritzana. Pazek poetisari buruzko ehun urte luzeko ikerketak biltzen ditu liburuan, modu horretan Mexikoko historia, literatura hispanikoa eta emakumearen aldeko aldarrikapenaren historia aberastuz.
Aurtengo azaroan beteko dira, beraz, 360 urteak eta ondo legoke bigarren belaunaldiko bergarar honen gaineko errebindikazioa egitea, nola edo hala. Ziur nago, Pedro de Asbaje madrildar, sevillar edo zaragozarra jaio izan balitz aurten efemeridea ospatuko zela, lege onez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina