Eztabaida sortzen
denean –sortu den bezala- “ideiak eta liderra” binomioaren barruan lehentasuna
zeri dagokion argitzeko, zerbait ez dabil ongi. Izan ere, eman al daiteke
liderrik ideiarik gabe? Edota ba al da ideiak pizterik lider barik? PSOE gaizki pasatzen ari da eta boteretik
erortzeak maldan beherako galera itzela ekar diezaioke, irudika ezin dezakegun
moduan. Sozialistek ez dute bat ere
errazik espainiar eskuinak irabazitako espazioa berreskuratzea. Ez nagokio,
noski, hautes-espazioari, ez. Hori, azken finean, hautesleen kopuru mugatuari
dagokion aldagaia da, zenbakia -hitz batez adierazita- eta formula matematikoak
irtenbideren bat eman lezake, eskuinaren higadurarekin batera letorkeena.
Batere dudarik gabe, sozialistei mingarrien gertatuko zaien galera
ideologiarekin zerikusirik duena da.
Eskuinerantz eskoratu den doktrinak nekez berreraikiko du babes-etxea,
gaur bere sustraietatik ukituta, munduko botere-korronteen ertzera ekarri baitu
egungo sozialismoak bere joko-eremua. Hau da, dinamitatu egin ditu errotik
hamarkadetako ohiko diskurtsoa eta lorpenak. Eta espainiar sozialismoa,
Europa osokoa bezala, dialektika
kontrajarriko laberintoan dago galduta gaur, inoizko sentsaziorik penagarriena
dariolarik. Ez da teoria koherenterik bilbatzeko gauza.
Zer da lehenago,
ideiak ala liderra? Nor da gai liberalismo suntsitzailearen ordez gizadiaren
elkartasunaren bila abiatu beharko litzatekeen diskurtso mamitsu eta
esperantzagarria aldarrikatzeko? Gauden zulo etsigarrian egonda, ezin da
bertara sartu gaituzten erantzuleen aldetik inolako formula magikorik espero.
Eta ezin da, hain zuzen, magia –sarritan esan dudan bezala- gezurra delako.
Erabateko aldakuntza higienikoa behar da, eta horretarako buru argiak dira
ezinbestekoak, euren lepoan inongo motxilarik ez daramaten gizon-emakume ausart
bezain mugarik gabeko gizartearekiko konprometituak, baldintzarik gabeak. Hain
justu, eguneko politikoen kontrako irudia.
Hori, adiskideok, ez da goizetik gauera gorpuzten. Baina gaur bidean
jarriko bagina, hurbilago egongo ginateke xedetik.
Argazkiak: Tere Anda
Historiak erakutsi digu liderrak gai direla mezu ustelak bideragarri eta besteen bistara koherente bilakatzeko. Mezu arriskutsuak arriskurik gabeak bihurtzeko eta gizartea alda dezaketela. Tamalez, edo zorionez, liderra ideien aurretik.
ErantzunEzabatuAupa Gorka,
ErantzunEzabatuEskerrik asko zure ekarpenarengatik!