Egun gutxitan nire
zirkulu hurbileko bi hedabideri buruzko albisteak eman dira, biak zentzu
negatiboz jantzita. Arrazoi naturalen batengatik, espezien
desagerpen jarraikiarekin lotu dut bi medio horien inguruko zalaparta (txikia,
egia aitortzera). Entzun egiten dugu egunero ez dakit zenbat espezie mota behin
betiko erauzten direla lurreko azaletik, baina gure gorputz eta gogoan dardara
gutxi edo bat ere ez du albisteak sorrarazten.
Ari naiz Euskonews Gaztea astekari digitalaz eta Público egunkariaz. Euskara hutsezkoa, bata; eta
espainieraz argitaratua, bigarrena. Biak, dirudienez, krisi ekonomikoak
lurreratu ditu. Eta infernuko krisi horri egun gertatzen ari zaizkigun
madarikazio guztien errua egozteko joera hartu dugularik, ematen du lasai
geratzen garela. “Krisia mundiala da!” gatz gabeko baieztapenarekin onartzen
dugu edozein gertaera ilun, patu horrekin ohitu izan bagina bezala.
Euskonews Gazteak
bost urtez ekarri ditu azalera Euskal Herri osoko milaka gazteren iritzi eta
ilusioak, berezko duten hizkuntzan. Bat-batean hiltzera kondenatu dute, eta
gaurdaino bikain funtzionatu duen ibilgailua bertan behera geratuko da, bide
bazterrean abandonatua. Medio bat
gutxiago euskal kazetaritzaren panoraman. Medio apala, agian, baina beste ahots
desberdin bat zen boteretsuago eta ohikoen artean. Utzikeria. Público egunkariarekin
erabateko desagerpena izan ez den arren,
amaiera laster izango duela dirudi. Espainiar hedabide horrek modu desberdinez
ikustarazi digu egoera sozio politikoa azken urteotan. Ekarpen diferentzial
hori, oso oker ez banago, historiara igaroko da hemendik gutxira. Mingarria.
Euskonews Gaztea eta Público,
biek euren espazio partikularra irabazi zuten dagokien merkatu
naturalean, zerbait diferente eskaini zutelako. Behin eta berriz haizatutako
krisiaren biktima erru gabeak ditugu. Eskela txiki batekin gogoratuko zaie. Eta hemen ez
da ezer gertatu. Animali eta landare espeziekin bezala, “bi gehiago” izango
dira medio horiek iraganeko arasetan, eta guk ez diogu egiazko galeraren arrazoiaz
geure buruari galdetuko. Eta patxadaz biziko gara, krisi ekonomikoak jan
dituela pentsatuz. Horrela dela uste al duzue?
Argazkiak:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina