BILATU

urtarrila 16, 2012

ZORIONTASUNAREN COCA COLA INSTITUTUA

Txundituta egoten naiz Institutu horrek telebistaren bidez egunero eskaintzen dizkigun lau minututako ikasgaiekin. Marka iparamerikar petoak egokiro hautatutako adituek –Eduardo Punset “saretarra” barne- euren klabeak azaltzen dizkigute zoriontasunean bizi gaitezen. Hara non, gizakiaren helburu nagusiari buruzko bidea erraztuta “bizitzaren txinparta”koei esker!

Emmanuel Mounier frantziar filosofoak idatzi zuen moduan, gizakiok orientazioko utopiaren beharrean gaude, aurrerapen aldera norantz jo behar den antzeman dezagun. Baina Mounierren teorian pertsonalismoari ematen zaio toki garrantzitsua, hau da, pertsonaren balore, historia eta ezagutzaren metafisikari. Eta haren ustez, gizarte garapenak derrigorrezkoa du bizitzak exigitzen duen zoriontasunaz bainatzea. Zailtasuna, ordea, zoriontasunaren definizioan datza. Eta definiziorako askatasunean.

Zer da zoriona batzuentzat eta besteentzat? Utopikoa al da, gizakioi askatasun nahikoa ematea bizitzari zentzua aurkitzen saia gaitezen? Zein da askatasun hori? Noraino heltzen da? Nik uste dudanez, zoriontasuna hemen, lurrean, gizon-emakumeon artean lortu behar bada. Zoriontasunak ukigarria izan beharko lukeela esan genezake, neurgarria, nolabait. Eta hori badakigu ezina dela.

Gizaki izatezko enpresa hasierako proiektuaren garapen osoan datza, errealitate integrala eta humanoa bilakatuz. Eta horretantxe kokatu behar dugu zoriontasunaz ulertzen dugun kontzeptu abstraktua. Askatasun propioan eraiki behar den zoriontasuna, jakina, egoera pertsonal intransferiblea baita. Gizarte garapena Mounierren intrapersonalismoan eraiki behar den ez bezala, zoriontasuna nork bere baitan bizi behar du. Eta instantean bizi izan, gainera, zoriontasuna ez baita denboran finka daitekeen balioa, etereoa baitugu, gizakiarengan kontzientzia piztu zen unetik beretik.

Zoriontasunaren Coca Cola Institutua plazebo bat da, ezertarako balio ez duena eta, okerrago oraindik, pertsonarengana ilusio faltsua eramaten duena. Markaren onurako.


Argazkia: nocturnar.com

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina