BILATU

maiatza 17, 2011

ETAren DESAGERPENA, TORTURA ETA BORTIZKERIA


Txoko honetan maiatzaren 9an ETAren desagerpenaz idatzitakoak erreakzio guztiz adeitsua sorrarazi dio Eneko Barberena lagunari, eta Mondraberrin irakurri ahal izan dugu bere erantzuna. Benetan eskertzen dut ekarpena.

Eta esan behar diot ados nagoela bere iritziekin. Gure herrian den-denok sufritu dugu bortizkeriaren zama, eta ez nolanahikoa gainera, edozein tokitatik begiratuta. Duela gutxi, blog honetan horixe salatu nuen, oraindik ere torturatu egiten dela konbentzituta bainago. Daramagun borroka ilun honetan, berrogeita hamar urteko historia latza hartzen du torturak. Hori ETA sortu ondoren. Zertarako aipatu, 1936tik erakunde armatua sortu bitarteko torturak! Eta aurrekoak? Bortizkeria-soka luze batekin otzandu –menpetu- nahi izan gaituzte,

Gehiago esango dut: ziur nago, ETAk bere ekintzak bertan behera utzi arren, euskaldunok estatuen indarkeriaz jasaten segituko dugula. Gure ardura izango da modu egoki eta efektiboan erantzutea. Izan ere, ni ez nago prest nire burua zilarrezko erretiluan entregatzera eta horregatik defentsa aktiboan jarraituko dut.

Aurrekoa adierazi ondoren, diodan ESTE-n irizpide desberdinetako kideak ginela. Oraindik ikusten ari naiz zein nolako bronkak antolatzen ziren Jose Ramon Rekalderen klaseetan: zuzenbide zibileko irakaslea FLPren teoriak defendatzen eta ikasleria – 40 lagun!!!- zatituta (gutxi gora behera, orain bezala) ezker eta eskuineko jarrerak oihuka inposatu guran. 1968 urtea zen.

Eta, azkenik, Perturen desagerpenari buruzko Angel Amigoren teoria ona balitz ere... nire ikaskide ohiak bortizkeriaren biktima izaten segituko luke.

Eskerrik asko, Eneko, zure hitzengatik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina