Datorren urtean Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izango da, Europako Batzordeak urtero eskaintzen duen titulua, hain zuzen, ingurugiroaren esparruan burutzen ari den eta aurrerantzean ere gauzatuko den lana nolabait sariztatuz.
Arabako hiriburutik ibilalditxo bat egiteak argi asko adierazten du udalak apustu gogorra egin duela titulu hori merezitzeko. Seguru nago hiritar guztiak ez direla ados nirekin egongo –ezin baita bazter guztietara intentsitate berdinarekin iritsi- baina Gasteizek aspaldi jo zuen iraunkortasunaren alde eta eredua bilakatu da Europako hiri gehienentzat.
Dena den, nik ere badaukat nire kexa azaltzeko motiboa. Begira: gaur goizean osteratxo bat egin dut hiriburutik eta argazkiko kartelarekin egin dut topo. “Vitoria-Gasteiz. Capital de vida. Hiriburu bizia” jartzen du, eta harritu egin nau, zeharo. Ez da gaizki deritzodala esloganari. Ez da hori. Guztiz txunditu nauena da, ordea, kartela Gasteizko Zezen Plazan dagoela jarrita, hain zuzen ere heriotzaren monumentua den tokian. Eta horixe bai gaizki iruditzen zaidala. Norbaitek esan dezake, urteko 360 egunetan beste erabilpen asko dituela Plazak, baina horrek ez dio larritasunik kentzen, gainerako bost egunetan heriotzarik krudelenetakoaren paradigma diren zezenketak eratzeari.
Hiriburu Berdean sinesten badugu, osotasunean babestu behar dugu gure ingurua, alperreko sufrimendua eragiten duten espektakulu basatiak bertan behera utziz. Inguruarekiko begiruneak maila bat gora egingo luke horrela. Eta berdeagoa izango litzateke gure bizitza.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina