BILATU

ekaina 17, 2011

JUAN GARMENDIA LARRAÑAGA: ONDARE SARIA

Juan Garmendia Larrañaga tolosarrari buruz behin baino gehiagotan aritu naiz txoko honetan. Orain ere bera ekarri nahi izan dut, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondare Saria eman baitio, eta adiskideaz zertxobait gogoratzea egokia iruditu zait.

Juan adiskideen adiskidea da eta horrek ahalbidetu dio gizarte-harreman sare zabala ehuntzea. Era guztietako pentsamoldeko gizon-emakume ugariren adiskidetasuna ondu du Garmendia Larrañagak bere bizitzan, eta norabide bikoitzeko estimu jarioak aukera paregabea eskaini dio gure lagunari behatoki berezi eta egokia eratzeko, euskal gizartearen nondik norakoak inork baino hobeto ezagutzeko.

Euskaldunen munduarekiko ukitze jarraikiak sentsibilitate aparta landu du Juanengan eta, aldi berean, gu guztiokin kritikoa izateko agintea eskaini dio. Kritiko zorrotza eta orekatua dugu, bihozkada hutsaz eramaten uzten ez dena. Bihotza erabiliko du, hori bai, bere iritzi eta epaiak azaltzean, baina buruari lehentasuna emanez. Eta hitz huts eta lausenguzkoak ongi antzematen dituenez gero, ez zaio hain samur engainatuko. Gu joaten garenerako, tolosarra itzuli egin da.

Bizitzari buruzko bere ikuspegi sosegatuak ironiazko puntu bat jarri du Juanen ekarpenetan. Bere obra seriotasun neurtua dario alde guztietatik, baina gure adiskidea ironia fina bihurtzen da berarekin hitz egiten denean. Munduaz erlatibizatzen ikasi duen gizon honek zilarrezko zubiak eraiki ditu iragan eta orainaren artean, baina ez du inoiz ahaztu bere lan guztiak ez zuela zentzurik izango etorkizunera begira aritu izan ez balitz. Eta horrexegatik da funtsezkoa Juan Garmendia Larrañaga antropologoaren lana gure gizartearen garapenaz ideia egin dezagun.

Ondare Saria eskuratuko zaio ekainaren 22an; hain justu, San Juan bezperako atarian. Juan Garmendia Larrañagak hain maisuki ikertu duen gau magikoaren sua, ihintza... eta sorginak prest daude, urteroko zikloa betetzeko. Ziur nago aurtengo akelarrean dantza eta salto egingo dela Juanen osasunaren ohorez! Nik ere, Juanito, Arrasateko plazan zutikako den txopoari eskatuko diot bere goiko muturretik Tolosa alderantz begiratzea eta zuri nire zorionik bihozkorrenak helaraztea.

3 iruzkin: