BILATU

martxoa 24, 2014

BING BANG, JAINKOA ETA FAGOR





Gosaltzen ari nintzen,  hiru urte gazteagoa dudan Pedro nire lagunarekin, Arrasateko ohiko kafetegian. Egunkaria zeukan eskuan eta ozen komentatzen ari zitzaidan titularren gaia, nire aldetik kafesnean ogi txigortua bustitzen nuen bitartean. "Big bang-eko teoria hau ez dut ulertzen" adierazi zidan. Pedro kristau fededuna da eta unibertsoko sorreraren gain eskolan kontatu ziotena - zigutena- dauka oinarrizko printzipiotzat. Horregatik izar, planeta eta munduaren jaiotzaz zenbait zientzialari erabiltzen ari diren leherketa erraldoiaren fenomenoarekiko Pedroren jarrera ezkorra guztiz ulergarria egiten zait. Talka egiten dute bi teoriek, biak gizakiok inbentatuta. 

"Jainkoak bakarrik jakin dezake nola izan zen hasiera hura. Eta azken epaiketaren egunean haren aurrera iristen naizenean galdetuko diot ... Big bang  hori zer den ulertu nahi nuke-eta" Segundo batzuk geroago, egunkari berdinetik Fagor Etxetresnak enpresari buruzko albistea irakurri zidan: "Aljeriarrekin negoziatzen ari bide dira" Adiskidearen kristau sinesmena iraintzeko bat ere asmorik gabe eta kafesneari azken  zurruta ematera nindoakiola, "Aizu Pedro, Jainkoarengana heltzen zarenean zergatik ez diozu eskatzen Fagorrekin gertatutakoa argitzea?" bota nion. 

"Zuk uste duzu gai izango dela?" erantzunarekin, ahoa bete hortz utzi ninduen. Eskerrak ordurako kafesnea amaitua neukala.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina