Goizero bezala, kafe bat hartzen ari nintzen
etxe ondoko kafetegi batean. Nire telefonotik eguneko prentsa irakurtzen
niharduen. Telebista aparailuak zekarkidan giro musikaz aparte ondoko mahai
batean esertzera etorritako lau lagunen elkarrizketa ere iristen ari
zitzaidan, garden. Eta ezin izan nuen mintzatzen ari zenaz jabetzea
ekidin. Nire lantegirako arreta galduta, gehiago enteratzen ari nintzen solasaldi hartaz, prentsaren eguneko
edukiaz baino.
Lauetako batek – itxuraren arabera, gazteena-
bere burua aurkeztu zuen, espainiar enpresa "inportante" (bere
hitzetara) baten ordezkari bezala. Espainia eta Europarako negozioen arduradun
nagusia zela adierazi zien mahaikideei eta gure herrian denda bat jarri
nahi dutela gehitu zien. Beste hiruak ahalezko dendariak bide ziren. Horiek adi
entzuten ari zitzaizkion “europar exekutiboari” Ez dakit, dena den,
konbentzitu ote zituen.
Hasteko, proposatzen ari zitzaien negoziorako
3.000 euroko abala eskatu zien. Erosi beharko liokete, lehen eskarian, 2.500
euroko salgaia. Eta enpresak salduko lizkieke dendarako beharko lituzketen
mahai, apal, armairuak... Jakina, lokalaren gastu guztiak hiru interesatuen
bizkarrera joango lirateke.
Entzuten ari nintzen guztiaren haria oso
ezaguna zitzaidan, beharrizanaren ildotik gizateria martxan jarri zenetik
ugaldu baitira lagun hurkoa limurtzeko - engainatzeko- proposamenak. Denbora
bezain zaharra da formula limurtzailea. Bakar bakarrik behar da, bere larridura
arin liezaiokeen mezua entzuteko prest dagoen pertsona bat eta haren premiaren gainean
negozio egin nahi duen beste bat. Istorioak errepikatu egiten dira,
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina