Egunkarian irakurri nuen eskela eta aitortu
behar dut emozio puntu batek hartu ninduela. Ez nekien nor zen Gonzalo Cañas
jaun hura baina erakarri ninduena identifikatzeko heriotza-albistean ipini
zioten titulua zen: titiriteroa. Heriotzetako abisuak emateko orduan hildakoen
iraganeko meritu arranditsuak irakurtzera
hain ohituta gaudenez, zinez polita iruditu zitzaidan hitz hura Cañasen
bizitza-ibilbidea mugatzeko. Nori otuko zitzaion? Zenduari berari? Auskalo!
Egunkaria eta begiak itxi eta nire baitan gizon haren bizitzan eman ahalko ziren abenturak gorpuztu ziren, betiko adiskide ezaguna izan banu bezala.
Txerpolariak, titiriteroak, gure herrietara garai batean azaldu ohi ziren artista apal bezain hurbilak genituen. Desagertu egin ziren bideetatik, modernitatearen ahotzarrak irentsita. Eta amaitu ziren gure plazetako espektakulu margo askotarikoak, ezer gutxirekin disfrutatzen genueneko arte saio xumeak.
Eskela hark iratzarri zizkidan oroitzapenak ez lituzkete belaunaldi berriek ulertuko. Kosta egingo litzaieke, behintzat, behar den bezala konprenitzea, egundoko bilakaera jasan izan baitu gizarteak, geuri ere bere neurrian asimilatzea hain samurra ez zaiguna.
Titiriteroak: herriz herri bide hautseztatuetatik barrena egiten zuten pretentsio handirik gabeko artistak. Gizon emakume gehienon antzera. Azken finean, horixe bera gara: titiritero ibiltariak.
Kuriosidadia eragin dit zure sarrerak eta Gonzalo Cañas nor zen bilatu dut.
ErantzunEzabatuBai, neuri ere horixe bera gertatu zitzaidan, eta aurkitu nuen erreferentzia. Mila esker.
ErantzunEzabatu