BILATU

iraila 03, 2012

URREZKO IRAKURGAIAK


Gure artean baditugu zezenketen desagerpena aldarrikatzen dutenak, jai espainiarra delako arrazoi hutsarengatik. Ergelak dira. Eta bada beste ergelkeria mota bat, zezenketen kontra gauden euskaldunok antiespainiartzat hartzen gaituztenena, hain zuzen. Bi multzo horientzat doaz, batez ere, hurrengo lerroak.

Askotan komentatu dugu munduaren gaineko perspektiba aldatzen doala behatokiko eragileen zirkunstantzien arabera. Aldakorrak ditugu pertsonak eta aldakorra, ondorioz, mundua. Edo, behintzat, planetak transmititzen dizkigun sentimenduak. Ez direla gutxi, alajaina!

Izan zen nire haurtzaro gordinean derrigorrezko irakurgai-liburu bat, 1956an 74g. argitaldarira iritsi zena, “Lecturas de Oro” tituluarekin. Erlijioaren eskaileretatik gora egin genitzan eragin nahian nonbait, irakurgai errazak biltzen zituen Ezequiel Solanaren liburu hori indar handiz aupatu zuen eliza frankistak. Informazio gisa, diodan, Luis Solana PSOEko diputatu eta RTVEko zuzendari ohiaren aitona izan zela Ezequiel, 1931an zendua.


 

Balizko irakurleak 7-9 urte bitartekoak ginela kontuan izanda,  ipuintxo ñoñoek osatzen dute liburua. Baina bitxia gerta badakizueke ere, oraindik nire liburutegian daukat, garai hartako beste hainbatekin bezala. Baliagarria zaizkit gure ibilbide intelektualean zein nolako gora beherak izan ditugun egiaztatzeko. Eta ariketa polita gertatzen da.

“Los gansos y la tortuga” deritzan kontakizunean, bi antzarrek dortoka bat daramate airean, kelonioa bere ahoaz hartzen duen makila batetik zintzilik. Eta baserri baten gainetik igarotzen ari direnean, etxeko mutikoek (neskak ez ditu egileak aipatzen) oihukatu zuten :

-         “¡Mirad , mirad,! Dos gansos que llevan en un palo a una tortuga” 
-         “A vosotros ¿qué os importa? ¡Pillos, bribones, tunantes...” 

erantzun zuen dortokak. Jakina, ahoa ireki zuenez gero, baserriko inguruetara erori zen. Eta irakurgaiaren amaiera honako hau dugu: “Fué a caer la tortuga entre los mismos chicuelos, que tuvieron motivo para reirse de ella hasta que le dieron muerte” 

Ezequiel Solana bere garaiko pedagogoa izan zen, bere ipuintxoei aurrekoaren gisako bukaera eman arren. Gaur bere irakurgai askok ez lukete merkatu-bidea aurkituko. Barkatu, agian ergelen artean bai.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina