Zorioneko krisia -ekonomikoa, jakina- askoren bizitza-ibilbidea zailtzen
ari da. Duela gutxi, sakon estimatzen dudan bikote gazte batek esaten zidan
ziur daudela aurrera aterako direla, ez baitute euren indarretan itxaropena
galdu, eta kostako zaien arren garbi dutela mundu honetara borrokatzera etorri
direla. Unean bizimodua konplikatu zaien arren, krisi ekonomikoak astindu
baditu ere, ez diote krisi moralari zirrikitu txikiena ere utzi, alderdi
materialetik gainera datorkienari zentzu osoz heldu ahal izateko eta betiko
duintasun etikoan bizitzen jarraitzeko.
Horixe da bidea. Nork bere baitan dituen balioak -ez naiz enpresen akzioetaz ari, noski- goiburutzat hartuta ez dago munduan pertsona bat ere bere gogo-eraikinetik lurreratzerik. Badakit gauza bat dela diskurtsoetan galtzea eta beste bat labetik babak atera behar izatea, batez ere lagun hurkoarentzat direnean. Baina inora ailegatzen ez den bakarra, abiapuntutik atera ez dena da, eta hain egia borobilak lagundu beharko liguke irtenbideak bilatzen, edozertarako. Egiaztapen erabatekoa da, gauza bakar batek ez duela irtenbiderik: heriotza. Eta horren zain etsita egon beharrean, gehiengo ia absolutuak nahiago dugu ahal den moduan bederen aurpegia ematea, bada ezpada ere.
Igandea amaitzear dela, Londresen bukatutzat emandako Joko Paralinpikoetako irudiak oraindik
nire burmuinean
pil-pilean daudenean, txaloak eta mirespen zakukada handia luzatu nahi dizkiet
bertan aritu diren guztiei, nire eskerronarekin batera. Eta ez, hain zuzen, atletikoki
superman edo superwoman tipikoaren emaitzak lortzeagatik, baizik eta
harkaitzezko duintasuna erakutsi dutelako euren ihardunean. Beraiek izan dira,
telebistak haien irudiak zerbitzatu ez dizkigun milioika pertsonen ordezkariak.
Eta garbi asko azaldu eta irakatsi digute, miseria biologiko eta sozialaren
gainetik beti dagoela gizon emakumeon borondatea eragozpenak gainditzeko. Ez
dut atleten izenik gogoratzen. Hori gutxienekoa da. Inportanteena da, ikasgai
magistral bat eman digutela munduko hiritar guztioi. Izan nahi dute euren
etorkizunaren jabeak.
Krisiak –edozeinetakoa- ez dira
horrenbestekoak baldin eta prest bagaude zentzuz eta gogoz borrokatzeko.
Izpiritu paralinpikoaz baliatu beharko ginateke uneoro krisiari abantaila hartzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina