Javier Cameno, ezkerrean, lehengo ostegunean |
Baita jaietan ere! Horixe da arrakastaren gakoa, banakako indarren gainetik
taldearena -giza kolektiboarena- igaroaraztea, hain zuzen. Historia gizabanako
indibidualen lorpenez dago beteta, egundoko balentriarekin buruturiko abentura
eta ahaleginen ondoriozkoak. Edozein sektoreri begiratu eta gizadiak pertsona
erraldoi ugari eman dituela antzemango dugu, euren ibilbideetan argi bereziz
nabarmendu direnak, naturak eta zirkunstantziek eskainitako berezko dohainei
esker. Beharrezkoak izan dituzte izar horiek aro guztietako gizarteek, aurrera
egingo bazuten.
Baina munduaren etengabeko martxan askoz gehiago aurreratu da lan kolektibo eta elkarri lotutakoaren bidez. Auzo lanean eraikitako errealitate loratua izan genuen gure arbasoena, behin eta berriz formula kolektiboari heldu ziotenak euren interesak defendatu eta behar bezala kudeatzeko. Elkarrekiko konfidantzan ere jaso ditugu gure lorpenik sonatuenak, taldearen exklusibitate sakratuan, dena denena baita, zentzu zorrotzez.
Konbentzituta nago, giza berdintasunean bakarrik moldea dezakegula gu guztion zerbitzuan jar genezakeen gizartea. Urruti gaudela ideia horretatik? Eta? Hain zuzen ere, aurreneko behar kolektiboa gu -gizon eta emakume gisa- eskubide eta betebeharren abiapuntuan batera kokatzea dugu, bizitza-lasterketan aukera berdintsuak izan ditzagun. Egia da nor bere gurasoen seme-alaba dena, baina den-denok jaio ginen lege naturaleko maindire berdinaren azpian.
Ari gaitezen elkar lanean baita jaietan ere, elkarrekiko begirune eta errespetuan; besteekiko lotura praktikoa iruditzen zait funtsezkoa askatasunean aurrera egingo badugu. Lehengo ostegunean, Javier Cameno Gasteizko aurtengo jaien pregoilariari Plaza Berrian bere hitzaldi konpartitua entzundakoan nire txaloak lan kolektiboari eskaini nizkion, Javierren baitan ezer nabarmentzerik badago -bere bihotz zabal eta emankorraz gain- taldeko beharraren bilakuntza jarraikia baita.
Zeinu propioaren premia gero eta handiagoa den garai hauetan, jai
inpertsonalen garroetan erortzeko arriskua hedatu delakoan nago. Horregatik,
jai giroan ere, taldearen garrantzia oinarrizkoa da. Elkarrekiko
eskuzabaltasunean jaso daitezke egitasmorik ederrenak, eta aukerak ihes egin ez
diezagun arretaz ibili beharra dago, talde lana ez baita hain samur gorpuzten.
Elementu kohesiogarriaren inguruan taldea sustatzea eta elkarren arteko kemena elikatzea ditugu ongi ibiltzeko osagaiak. Camenok zioen bezala, begira diezaiogun elkartzen gaituenari: horrela modu eraginkor positiboan ibiliko dugu mundua.
Argazkia: El Correo
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina