ESTEko XII Promozioko ikaskideei eskainia
Oraindik ere arraro
samarra egiten zait, eguneko tarterik luzeenak zuzeneko produktibitaterik
gabeko ekintzei eskaintzea. Produktibitatea, neurri ekonomikotan ulertuta,
jakina.
Duela berrogei urte unibertsitatea utzi genuen lagunon arteko bilera antolatzea izan da, azken hilabeteotan denbora dezente eraman didan betebeharretako bat. Hori gozada! Baina aitortu behar dut, ia-ia lau hamarkadaren luzerako bizitza profesionalean eraman behar izan dudan zorroztasunari iseka nenbilkiola iruditzen zitzaidala batzuetan, goizeko edo arratsaldeko edozein ordutan gure ospakizun-eguneko bazkariaren menuari edota urlia ekitaldira gonbidatzeko ardurari eskaintzen bainien arreta. Eta norabide guztietara begiratzen nuen, zelatan egon zitekeen norbaitek jokoz kanpo harrapatuko ote ninduen beldur. Noraezeko unetxo baten ostean, ordea, klase pasiboetako kide zoriontsua naizela gogoratzeak lasaitasuna ahalbideratzen zidan, eta sentsazio erakargarria berreskuratuta, ospakizuneko argazkirako luzituko genituen aurreko mantalen kolorea aukeratzeari eskaintzen nion beste tartetxo bat, gustura.
Adin marratik aurrera egitean bizimodua zeharo aldatu zaigula egiaztatzeak sentsazio kontrajarriak ekartzen dizkigu. Alde batetik, itzuliko ez zaigun mundu baten oroitzapen ozpina. Bestetik, askatasunetik hauta daitekeen eginkizunaren erakartasun goxoa. Eta nire kasuan, bederen, balantzak beti jotzen du ezezagunaren alde, bilakuntza jarraikiak amaierarik ez duela jakitun. Irabazle ateratzen naiz, beraz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina