Badira egunak -beharbada urteak idatzi beharko nuen- pentsamendu erdi metafisiko berrirekin esnatzen naizela. Goizeko albisteak irakurtzeaz bat zoro-aluren baten tokiz kanpoko aitorpenek harrapatzen naute eta galaxia berri baten aurkitzailearen aurrean nagoela pentsatzera eramaten nau sentsazioak. Berdin dio zein den pertsonaiaren sektoreak, guztietan loratzen baitira profetak. Portadako protagonistak ditugu.
Adinean aurrera noan heinean argiago ikusten dut gorputza estaltzen didaten jantzi asko soberan ditudala, eta nire burua gero eta hurbilago ikusten dut giza norbanako biluztutik. Eskua ere gertuago daukat arrotzari luzatzeko, bestearengandik onura jaso dezakedala konbentzituta. Ezin naiz ibili pentsatzen nirekin jaio zela munduaren salbatzailea eta nik dudala gizadiarentzako irtenbide magikoa. Portadetako gogaikarri horiek euren hilobietan idatziko luketen “Ikusiko duzue ni ez nagoenean!” esaerak elkarrekiko hurbilketarako subjektu horien ezgaitasun kronikoa adierazten du. Irakur itzazu gaurko egunkarien titularrak eta profeta salbatzaileak azalduko zaizkizu, erruz.
Eta ez baduzu zure gorputza jantziz erantzi nahi, zauden tokian geratu, oso dotore aterako zaituzte portadan. Baina ez etorri niri, zureak askoz politago eta iraunkorragoak direla haizatuz, zu betiko joan ondoren ere hostoek zuhaitzetatik erortzen jarraituko baitute, isil isilik.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina