Umeak ume, beti, hemen eta edonon. Horregatik begirune osoz hurbildu behar gatzaizkie, kontzienteak baitira alde guztietatik iristen zaien informazioaz. Eta prest daude eurengana heltzen ari dena digeritzeko, hori bai, informatzaileak mezua behar bezala janzten badie.
Herriko historiaz mintzatu behar nien oraingoan ere, eta lantegia
erreza ez den arren entzule txikitxoenganaino konexioa ahaleginean datzala
ezagutu dut azken urteotan, batez ere nire biloben bitartez. Ez du zerikusirik
nagusienganako taktikarekin, kasu honetan entzuleei ere eskatu behar baitzaie aldeko
jarrera aktiboa. Umeekin konektatzeko erabili beharreko lanabesak diferenteak
dira. Eta, zinez, gero eta ederragoa ikusten dut maistra-maisuen ofizioa. Ziur
nago urteen joaneko talaiatik begiztatuta, errekonpentsatuta sentitzen direla
behin ume izandakoen erantzunarekin. Polita litzateke ezagutzea, iragan
asteazkeneko nire entzuleek ilusioz transmititu nahi izan diedanaz ezer
gogoratzen duten urtebete barru.
Argazkiak: Miren Etxebarria
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina