Interneteko
euskal aldizkari beteranora ere heldu da krisi ekonomikoa eta ondorioak sufritu
ditu. Euskonewsi nagokio, noski, duela hamabost urte lehen agerpena egin
eta ordudanik euskal kulturaren lagunengana astero iritsi dena.
Aurrerantzean, hamabostekaria izango da.
Ez da bideko istripua izan, ez. Kultura mundua jipoitzen ari den uhin
birrintzaileak eszenategi berri baten aurrean jarri gaitu eta nork bere
eskaintzarekin segituko badu neurri bereziak eratu beharko ditu bere
inguruan. Euskonewsek ere aurre egin behar izan dio erronkari.
Eusko Ikaskuntzaren agerkari digital aitzindariak ibilbide malkartsua izan du,
eragozpenez betea, kudeaketa, berez, oso zaila duen espazio birtualean.
Azkenik, lehia da konstantea agente desberdinen artean eta hemen ez dago
ezer oparitzerik. Normala, merkatal espektrua, gehien bat, diru
publikoetako deialdi eta gainerako iturrietan dagoenean. Edozein merkaturen
ekintza-arauak gogorrak badira ere, euskalgintzaren itsasoan biderkatu egiten
dira, bertako eragile batzuek kolore desberdina hartzen baitute uneko
zirkunstantzien arabera. Kameleoiaren trebetasuna hutsaren hurrena bilakatzen
dute euskal marrazoek.
Baina Euskonewsk ez du iparra galdu eta, alboetara begiratzeari utzi
gabe, trinko eutsi nahi dio orain arteko bere ibilbideari. Lokarri
dogmatiko baldintzagarrietatik aske, bere helburuari zintzo segitzea
dagokio, eta erronka berrien artean, besteak beste, bere irakurle eta lagunen
konplizitate ekonomikoa erdietsi nahi du.
Egitura apal bezain malgua da Euskonewsena eta hamabostean behin
argitaratzera pasatu den arren gainerako konstanteei -kalitatea, irekitasuna,
zorroztasuna- fermuki eutsiko die. Aldizkariaren milaka eta milaka
irakurleek arreta eta begirune osoa merezi dute-eta.
.....penagarria.
ErantzunEzabatu