BILATU

apirila 08, 2013

IKASKETA BIDAIAK



Gaur dela berrogeita bat urte Londresera heldu ginen, unibertsitate-ikasketak amaitzera gindoazen ESTE-ko XII. promoziokoak. Apirilak 8 zen eta hogeita bost bat lagun Ingalaterrako hiriburuari goitik beherako errepasotxo bat egitera prestatzen ari ginen. Asmoa minimotan geratu zen, jakina, Londres oso gauza serioa baita eta gu, gizagaixo gordin samarrok, ez geunden prestatuta mundu hark eskaintzen zuen guztirako. 


Tarbesen sartu ginen hegazkin kaskar batera, geneukan aurrekontuaren araberakoa, of course, eta Londreseko bigarren mailako aireportu batean hartu genuen lur. Larunbata zen. BBC telebista "Grand National" zaldi lasterketa ematen ari zen. Hotelera iritsi bezain pronto gutariko bakoitzak aldez aurretik zeukan egitaraua betetzeari ekin zion. 



Grateful Dead, 1972an, Londreseko Wenbley Arenan
Londres zen orduko gazteen lilura, helburu majikoa. Batzuek turismo merkea egiteaz gain, egun haiek gure buruak garaiko musikaz  betetzeko aprobetxatu genituen. Modako  zenbait abeslari, talde mitiko eta musikalekin disfrutatu genuen, ordura arte inoiz ez bezala. Guretzat mundu hura ahokada freskoa zen, Euskal Herrian inondik ere aurkitu ezin genuena. 


Orain europar unibertsitate-gazte askorentzat  Kataluniako itsasbazterreko zenbait herri ei dira jomuga ikasketa-bidaia  xelebreak burutzeko (beti ikasten da bidaietan) Eta  saldoka agertzen dira  egun batzuk topera emateko asmoz. Gu 1972an bezalaxe, bidaia tipo merke eta erosotasun gutxiko horietako batean heltzen dira gaurko neska-mutil horiek. Poltsikoan ere diru asko ez dakarte, guk Londresera eraman ez genuen moduan. Honaino, beraz, bide paralelo edo antzerakoak ditugu orduko eta oraingoa.  Baina badirudi asti-ematerako enfokea aldatu dela gure eta oraingo kataluniazale horien artean, ikasketa-bidaia kontzeptutik hasita. 


Nolanahi ere, gazte guztiak ez ditugu, zorionez, horien modukoak eta ez dira medioetan irteten. Gu atera ez ginen bezala. Inoiz inon ez da publikatu, gaurkoaren gisako egun batean – duela berrogeita bat urte!- ikasketa bidaiari ekin geniola. Normaltasuna anonimoa da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina