Iritsi
zaizkigu lehen kanpai hotsak hurrengo greba orokorraren gain. Maiatzaren 30ean
izango denari buruz mintzatu zaizkigu dagoeneko sindikatuetatik. Eta
zoritxarrez ez dute diskurtsoan ohiko
predikutik ezertxo ere aldatu. Antzutasun berdintsutik segitzen dute jo eta ke.
Badirudi ez direla enteratu gauzak aldatzen joan direla azken hamarkadetan.
Inoiz ez da gure ekonomia hain ahula izan. Sekula ez zaigu orain bezain etsigarria gertatu industriaren egoera. Inoiz ez dugu hain etorkizun beltzik ezagutu. Eta batzuek euren erretolikarekin segitu nahi dutela ematen du, azken hamarkadetan jaso den mundu irrealaren harri-kartoizko ormak erortzen ari direla ikusi nahi izango ez balute bezala. Ala hori estali nahi digute grebako aldarrikapen berrietatik? Begira dezagun ezker eta eskuinera eta azpimarra ditzagun gure ekonomiaren puntu ahul eta indartsuak. Zer mapa daukagu? Greba orokorrarekin konpontzerik al dago hain erretratu krudela? Betiko behiari lehortu egin zaizkio errapeak. Beraz?
Krisiaren
zuloan gaudela arnasa nola har dezakegun asmatzea da lehen-lehenik, zulora
zergatik iritsi garen jakitea bigarren (edo hirugarren) mailako inkognita
bihurtzen delarik. Eta zulo etsigarri horretan gaudelako norbaitek
erakutsi beharko liguke, denoi, gutxiagorekin eman behar dela epe labur
zein ertaineko desertu-kalbarioa. Soberako gastuak "sakrifikatu"
behar dituela esan beharko litzaioke argi eta garbi gizarteari, behiak ematen
ez duenean beste berri bat ekarri behar baita, osasuntsua, eta inbertsio
horretan daukagun guztia eskaintzea dagokigu alaitasun okerrerako zirrikiturik
gabe. Gerrikoa estutu beharra dago, denon alukeriaren ondorioz pobretu egin
gara-eta. Eta libre dagoenak jaso dezala besoa.
Grebak
ez du ezer konponduko ez bazaio irudimenezko neurri berritzailerekin laguntzen.
Eta, zoritxarrez, ez dut irudimenik antzematen gure sindikatu-buruengan. Euskal gizarteak behar ditu ilusioa piztuko dioten liderrak, egun inondik ere
igartzen ez direnak. Politiko, enpresari, sindikalista eta gizarte-eraikinaren
mota guztietako eragile irradiatzaileen premian gaude, paradigma obsoleto eta
aldarrikapen zaharkituen arropaz erantzita. XXIko eszenategia ezin da XIXko
proklama hutsez jaso. Grebarako deiak ez dio ezer gehiagorik ekartzen egoera
ilunari, etsipena biziarazteko erregaia baino.
Argazkiak: Diario Vasco
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina