BILATU

apirila 15, 2013

EUSKALDUNON BARREA



Askoz hobeto joango litzaiguke eskola garaietatik barre edo, behintzat, irribarrearen garrantziaz mintzatuko balitzaigu. Eta ikasketen arlora ez ezik  barrearen gaineko sentimendu positiboa sendi eta lagun arteko ingurumarietara ere egokitu balitz beste kuku batek kantatuko lioke gure gizarteari. 

Barre egitea eta  barregarri izatea ez dira sinonimoak, noski, batzuei horrela irudi lekiekeen arren. Bata osasuntsua dugun bitartean bigarrenak kalte egin diezaieke pertsonari eta, barregarrikeria giza-kolektibo zabalari aplikatzerik badago, baita herri osoari ere. Noizik behin barregarri agertzeak, ordea, barrearen ondorio osasungarria biderkatu egin dezake, barre eragilea elementu aktiboa bilakatzen baita, normalean errezeloz begiratzen dionaren aurrean. Zer dela-eta errezeloa? Erantzun sinplea: ohituta gaude seriotasun eta iluntasun kronikoa elikatzera eta nekez uler dezakegu bizitza irribarretsu ematen duen gizaki bitxi bezain fidagaitza. Erotzat hartzen dugu maiz.

Baina barreak, eragingarria izango bada, barrutik atera behar du, buruaren logikak bihotzaren zintzotasunetik pasarazi ondoren. Osterantzean gezurrezkoa izango da, tonto barrea, alegia. Irribarrea muskulu-arazoa izan daiteke, soilik. Ezagutzen ditugu beti irribarretsu aritu arren kontzientzia ikatza bezain beltza dutenak. Ez, horren barre faltsuak min egiten du. Egiazko barreak norberarenak ez ezik lagunaren sentimenduak dardarazi behar ditu, kutsakorra behar du izan erroetatik.  

Berezko baikortasuna elkar konpartitzen denean, bizitzaren aurrean irribarretsu agertzea bizitza-estilo magikoa sortzen da. Horregatik hezi behar da giza norbanakoa irribarrearen ezkutuetan ... eta sentimendu positiboen garapenean. Bizitza askoz eramangarriagoa bilakatzen da eta malkoetako ibarrera zigortu zitzaigula has daiteke ahanzten

“Le rire des basques” da Eric Dicharry adiskideak idatzitako liburua. Interesgarria, oso, gure herriak barrerako erakutsi duen eta egun darakutsan jarrera ikertzen baitu egileak. Dicharryren ustez, barrearen sustraiak azaltzeak gizartearen ohituren aldaketa hobeto ulertzen laguntzen du. Eta, gehitzen dut nik, baita elkar bizitza estimatzen ere.


Erreferentzia: “Le rire des Basques” (Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa/ L´Harmattan. 2013. Paris) Barandiaran Bilduma, 17. zenbakia.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina