Erakusketaren ikusegi bat, hondoan Elgea mendizerra |
Amesteak lorpen eder asko ahalbidetu dio
gizadiari. Utopiaren hurrena izanik, ametsak infiniturako bidea markatzen du
bere sorreratik eta ameslariak sorkuntzarako gaitasuna aldarrikatzen du
ahaleginean amore eman gabe.
Baldintza gabeko arrazoia dugu aurrekoa
gizadiaren garapen etiko eta estetikoan barrena sendo irauteko. Eta egiaztapen
horri amets egiteko kabi egokiaren aukera eskaintzen bazaio infinituaren
mugak hurbilagoak azaltzen zaizkigu, eskuragarriagoak, zeruertzeko altueretatik
gizon emakumeon neurrietaraino jaitsaraziz.
Amets-kabi bat bisitatu dut lehengoan. Egia
aitortzera, Arantzazuk beti erakarri ditu bere ingurura herri honetako
seme-alabak. Bere magia irradiatu du etengabe euskal ibar eta zokoetan
zehar, espiritualitate eta naturaren arteko ezkontza hertsia sorraraziz. Baina
bat egite horri edozein motatako ekarpen artistikoaren argia gehitzen zaionean
zirrararen eztandak dimentsio erraldoia hartzen du eta giza norbanakoa bere
txikitasunaren kontzientzian zutitzen da, azken garaipenaz konbentzituta.
Amets-kabi izena eman diote Arantzazun arte
erakusketa zirraragarri bati. Ederra testuinguruan, bikaina arte eskaintzan.
Nork bere baitatik dastatzea merezi duten horietakoa.
Erakusketaren katalogoa |
Oharra: Amets-Kabi. Arte erakusketa. Ricardo
Ugarte-Jose Ramon Anda-Jose Zugasti-Iñaki Ruiz de Egino-Iñigo Arregi-Iñaki
Olazabal-Koldobika Jauregi-Guillermo Olmo.
Arantzazuko Gandiaga Topagunea. Urriak 19ra
arte zabalik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina