Duela hamabost urteko irailak 26ak bezala,
aurtengoak ere oso astindu gozoa eragin du nire gogoan. Amak munduratu ninduen
dataren bezpera egun esanguratsua bilakatu da nire bizitzan, bizitzak
berak lantzean behin eskaintzen dituen ustekabe ulergaitz horiengatik. 1999koan
Aramaioko Seme Kuttuna eta aurtengoan Urrezko Zeledoia: bi errekonozimendu
bikain, zinez eskertzen ditudanak, biak data berdinean eskuratuak, hamabost
urteko tartearekin.
Lehengo ostiralean Gasteizko Printzipal
Antzokian esan nahi nuen eta esan nuenaren arteko eztarri-korapiloak eragotzi
zidan ideiak garden transmititzea. Eta haietako funtsezkoena honako hauxe izan
zen: berrogeita bi urteko kultura-ibilbide luzea bakarrik burutzea ezina
gertatuko zitzaidan behar bezalako laguntzarik gabe, eta inorengandik baldintza
gabeko sostengua jaso badut Edurne emaztearengandik izan da. Berari esker
iritsi naiz Urrezko Zeledoiaren errekonozimendura. Horregatik berarekin eta
aurten jaio zaizkigun bi bilobekin konpartitu nahi izan dut golardoa. Edurne
alacantarra eta Urtzi arrasatearra dira gure txikitxoak eta ziur nago eurek ere
maite izango dutela herri hau, euren aitonak egin duen bezalaxe.
Duela hamabost urteko izendapen hark lagundu
zidan, itxuraz batzuek euren berrogeita hamarretan izaten duten sindromeari
aurre egiten, zeharo bizigarria izan zitzaidala azpimarratuz, oso hamarkada
emaritsua ahalbidetu baitzidan. Ziur nago oraingo honek ere, lan
profesionaletarako erabateko etenarekin, irailak 27tik disfrutatzen ari naizen
jubilazio osoko aroan bere eragin positiboa izango duela, eta bihotzeko
lanarekin segituko dudala, auskalo noiz arte.
Gaiaz gehiago: http://txemax.blogspot.com.es/2014/06/errekonozimendua.html
Argazkiak. Ekain
Zorionak Jose Mari . BesarKada handi bat . Jose Luis o.
ErantzunEzabatueskerrik asko, Jose Luis. Eta beste besarkada bat zuretzat.
ErantzunEzabatu